(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Lizarrako García Orcoyen Ospitaleak egonaldi laburreko kirurgia ortopedikorako programa berri bat ezarri du asteartea, 2007.eko urtarrilak 9

Osasun kontseilariak, María Kutz Peironcelyk, Lizarrako García Orcoyen Ospitaleak atzodanik garatzen ari den egonaldi laburreko kirurgia ortopedikorako programa berria aurkeztu du gaur. Programak, datozen sei hilabeteetan, 200 gaixo inguru artatzeko aukera emango du.


Ekitaldian, Lizarrako Osasun Barrutiko zuzendaria, Begoña Ganuza, Ospitaleko Traumatologia burua, Javier Martínez de Morentin, eta Anestesia Zerbitzuburua, Ahmad Al-ghool, ere izan dira.


Egonaldi laburreko kirurgia terminoarekin, ospitaleratze luzea behar ez duten konplexutasun gutxi edo ertaineko ebakuntzei egiten zaie erreferentzia. Egonaldi laburrekoak izanda ere, gaixoarentzat kalitate, segurtasun eta erosotasun parametroak ez dira aldatuko.


García Orcoyen Ospitalearen kasuan, programaren arreta kirurgia ortopedikoan egongo da, kronikoak diren hezurren arazoak konpontzen dituena (haustura edo traumatismoak eragiten ez dituztenak). Zentroan jada kasu horiek tratatzen zituzten, baina programa berriarekin, ospitaleko egonaldia 24 ordutara murriztuko dute.


Sistema berriaren abantailak


Eskaintza berria, funtsean, ebakuntza-gela astean bi arratsaldetan (astelehena eta osteguna) irekitzeari esker jarri daiteke martxan. Horrela, gaixoak gutxi gorabehera egun bat gutxiago pasa beharko du ospitalean, hemendik aurrera ebakuntza egingo den egunaren goizean bertan ospitaleratuko baita eta ez aurreko egunean, ebakuntzak goizez egiten zirenean bezala. Ebakuntzaren ondoren, gaixoak zentroan egingo du lo eta, hurrengo egunean, arazorik ez badago, 12ak baino lehen emango zaio alta.


Egun bakoitzean batez beste lau ebakuntza egitea aurreikusten da eta horrek, ekaina bukaera arte 188 pertsona (programan sar daitezkeen gaixo guztiak) artatzea ahalbideratuko du, zentroan kirurgiaren zain daudenen zerrenda (348 pertsona) %54 murriztuz.


Programa berria martxan jartzeak erizain eta laguntzaileen kontratazioa ekarri du, eta baita traumatologoek presentzia fisikoko zaintzak egiteko sistema ezartzea ere.


Egonaldi laburreko kirurgia goiko zein beheko gorputz-adarren gaixotasunetan aplikatzen da. Kirurgia hori, adibidez, besoaren neuropatia periferikoetarako (nerbioak harrapatuta) erabiltzen da, bai ukondoan (neuropatia kubitala) eta baita eskumuturrean (karpoko kanalaren sindromea) denean ere. Kirurgia hori, tumore onberak (glangionarrak, kisteak), tendoien zorroen hanturak eragindako arazoak eta itxuragabetasunak kentzeko ere erabiltzen da, eta baita osteosintesiaren materiala kentzeko ere (plakak, iltzeak, torlojuak eta apurtutako hezurrak finkatzeko erabiltzen diren hainbat gauza). Programaren barruan, meniskoaren arazoak konpontzeko artroskopiak ere sartzen dira.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa