(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Datorren astelehenean Alan Berlinerren "Master Class" ikastaroan izena emateko epea hasiko da

ostirala, 2007.eko urtarrilak 12

Alan Berliner zinemagile iparramerikarra Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiko (otsailak 12-martxoak 3) jardunaldietako baten protagonista izango da. Jaialdia Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuak antolatzen du, Caja Navarra Fundazioaren lankidetzarekin.


Otsailaren 26an, bere ikus-entzunezko lanari buruzko topaleku eta hausnarketa izango den Master Class bat emango du. Bere artelanen artean, The Sweetest Sound, Nobody’s Business, Intimate Stranger eta The family Album lanak dira nabarmentzekoak. Ondoren, Berlinerrek bere azken dokumentala aurkeztuko du, Wide Awake, Espainian lehen emanaldi absolutua izango dena.


Master Classa otsailaren 26an Civicanen emango du, 17etatik 20etara, eta gaztelerara aldi bereko itzulpena izango du. Jardunaldi horretara joateko interesa duten pertsonek, urtarrilaren 15etik otsailaren 23 arte eman beharko dute izena Civicanen Informazioan edo 948 076 259 telefonoan. Matrikulak 15 euroko prezioa du (CAN txartelak dituztenentzat 12 euro).


Master Classean zuzendariak bere estilo zinematografiko dokumentalaren berezitasuna aztertuko du: estrategia zinematografiko esperimentalen, saiakera pertsonalaren kontakizunaren, muntaia editorial dinamikoaren eta bere bizitza gai unibertsal zabalen esploraziorako laborategi bihurtzeko duen lilura intuitiboaren konbinazioa. Ikastaroan, Berlinerrek bere pelikula ia guztien zatiak erabiliko ditu, bere karrera zinematografikoaren zer, non, noiz, nola, eta batez ere, zergatik galderak partekatzeko; bere karrerak ia 30 urte beteko ditu. Bertaratutakoek galderak egiteko eta taldean eztabaidatzeko aukera ere izango dute.


Zinema esperimentala eta helburu artistikoak bateratzeko duen gaitasunak eta bere film saiakerek herritarrengan duten interesak Alan Berliner nazioartean gehien txalotu diren zinemagile iparramerikar independenteen artean jarri dute. "The New York Times" egunkariak esan duenez, bere lana "boteretsua, liluragarria eta gazi-gozoa… gatazka eta kontraesan zaporetsuz betea, bere teknika zinematografikoan berritzailea, aurretik asma ezin daitezkeen egiturak... Alan Berlinerrek arteak bizitza transformatzeko duen boterea azaltzen du".


Berlinerrek Emmy saria hirutan irabazi du eta mundu osoko jaialdi nagusietan sariak jaso ditu. 2006ko martxoan, adibidez, MIPDOC Conference de Cannes (Frantzia) jaialdiko International Traiblazer Award jaso zuen bere sormen, berrikuntza eta originaltasunagatik zinema dokumentalean. Bere karreraren atzera begirakoak, adibidez, New Yorkeko Arte Modernoaren Museoan (MOMA) eta International Center of Photographyn (NYC) egin dira. Pasa den Amsterdamgo Zinema Dokumentaleko Jaialdian (IDFA), abenduaren 3an bukatu zena, Berlinerren eskuetan utzi zuten bere ikuspuntutik historiako dokumental hoberenei buruzko ziklo baten aukeraketa.


Gogoan izango den bezala, Alan Berliner 2002an Nafarroako Ikus-entzunezkoen Sorkuntza Jaialdian izan zen, Iruñean egin zen bere obra guztiaren atzera begirakoa egin zenean. Hain zuzen ere, ziklo hori izan zela eta, Wide Awake filmaren aurreko bere lau film luzeak DVD formatuan argitaratu ziren Espainian.


Iruñean Alan Berlinerrek igaroko duen egonaldia Espainian bere azken lanaren, Wide Awake, estreinaldiarekin osatuko da. Zuzendariak bizitza osoan izan duen obsesio bati buruz da lana: insomnioa. Wide Awake obsesioari, bizitzari eta familiari buruzko filma da, sormenari berari buruz. Bere insomniodun aldetik aztertzen den artistaren irudia da.


Wide Awake Sundanceko jaialdian estreinatu zen eta gero Berlinekoan. Geroztik, beste lehiaketa batzuetan ikusi ahal izan da; besteak beste, Sheffield International Documentary Festival, Full Frame Documentary Film Festival, San Francisco International Film Festival, Cannesko MIPDOC Conference, Rio de Janeiro International Film Festival eta beste hogeita hamar nazioarteko jaialditan bota dute. Iruñean izango den estreinaldiaren ondoren, pelikula Madrilen eta Bartzelonan ere ikusi ahal izango da.



Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa