(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

"Nafarroa ETA-Batasunarekin egingo den negoziazio-prozesuan lerro zeharkaezina izango dela bermatzea nahi dugu" larunbata, 2007.eko martxoak 17

"Nafarrek, gaur, hemen, manifestazioa egin dugu Espainiako Gobernuari esateko bermatu egin behar digula ETA-Batasunarekin egingo den negoziazio-prozesuan Nafarroa lerro zeharkaezina izango dela". Horixe adierazi du gaur arratsaldean Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak, bere Gobernuak, gaur, martxoaren 17an, larunbata, "Forua eta Askatasuna. Nafarroa negoziaezina da" lemapean deitutako manifestazioaren amaieran irakurritako adierazpenean.


Manifestazioaren aurrealdea

Nafarroako erakundeetako ordezkariak manifestazioaren parkartarekin. ( irudia handitu )

Foru Poliziako iturrien arabera, manifestazioan 103.000 pertsonak parte hartu dute.


Manifestazioa 17:00etan hasi da, gutxi gorabehera 15 minutuko atzerapenarekin. Irteera Iruñeko Avenida de Bayonaren hasieran izan da, Golem zinemaren inguruan, leku zabala delako eta jendea leku horretara erraz hurbildu zitekeelako. Manifestazioaren burua Plaza de Azuelotik abiatu da (Monasterio de Belate kalea), eta ondoren, Avenida de Bayona, Antoniutti parkea, Navas de Tolosa eta Paseo Sarasate zeharkatu ditu, eta Foruen Monumentuan amaitu da.

Agintariak eta beste kargudun batzuk


Agintariak eta kargudun publikoak izan dira manifestazioaren buru, eta 10 metroko zabalerako pankarta eraman dute: Nafarroako Gobernutik presidentea eta hamaika kontseilariak, Rafael Gurrea Induráin Nafarroako Parlamentuko presidentea, Juan Cruz Alli CDNko presidentea eta Yolanda Barcina Iruñeko alkatea. "Forua eta Askatasuna. Nafarroa negoziaezina da" pankartaren aurretik, herritarren talde batek, modu horizontalean, Nafarroako bandera handi bat eraman du.


Pankarta eraman duten aipatu agintariengandik hurbil, Pedro Sanz Errioxako Gobernuko presidentea, Esperanza Aguirre Madrilgo Erkidegoko Gobernuko presidentea, Mariano Rajoy Alderdi Popularreko presidentea eta alderdi horretako zuzendaritzako kideak egon dira, hots, Ángel Acebes, Eduardo Zaplana, Pío García Escudero eta Miguel Ángel Arias Cañete. Horrez gain, Jaime Ignacio del Burgo eta Carlos Salvador Kongresuko diputatuak Nafarroatik, eta José Iribas, José Cruz Pérez Lapazarán, Amelia Salanueva eta Jesús Laguna Nafarroako senatariak ere manifestazioan egon dira. Era berean, zenbait europarlamentari ere egon dira, besteak beste, Jaime Mayor Oreja eta Javier Pomés. Alfonso Alonso Vitoria-Gasteizeko alkatea ere hurreratu da.


Dakigunez, manifestazioa Nafarroako Gobernuak deitu zuen "Forua eta Askatasuna. Nafarroa negoziaezina da" lemapean, "azken asteetan hartutako erabaki politikoek eragindako gizarte-egoeraren aurrean, Batasunak Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea barruan hartzen dituen autonomia-erkidegoa sortzeko proposamenekin batera, Euskal Herria independentearen aurreko urratsa". Horrez gain, Nafarroako gizartea beldur da Rodríguez Zapatero Gobernuko presidentea isilik dagoelako ETA-Batasunak bake-prozesu deitu duten horren kontraprestazio moduan Nafarroa sartzeko egindako aldarrikapenen aurrean.


Manifestazioaren airetiko irudia

Manifestazioaren airetiko irudia. ( irudia handitu )

Manifestazioaren gorabeherak


Manifestazioa normaltasunez egin da, Nafarroako Gobernuak polizia- eta osasun-arloetan abian jarri dituen gailuek funtzionatu dutela kontuan hartuta. Manifestazioaren ibilbide osoan musika entzun ahal izan da, baina une batzuetan eten egin da herritarrei kasuan kasuko adierazpenak egiteko. Megafonia-sistema horri esker entzun ahal izan dute azken adierazpena ibilaldian parte hartu duten guztiek. Ibilbideko bi puntutan pantaila erraldoiak ipini dira parte-hartzaileek manifestazioa nola zihoan ikusi ahal izateko.


Hain zuzen ere, bi telebista-katek zuzenean eman dute Nafarroako Gobernuak eta Parlamentuak deitutako manifestazioa: Popular Televisión Espainia osorako, tokiko telebista eta telebista autonomikoen katetik; eta Canal 6 Navarra, Foru Komunitate osorako. Zehatz esanda, Nafarroako Gobernuko Komunikazio Zuzendaritza Nagusiak erabakita, Popular Televisión kateak seinale instituzionala eman die Nafarroako eta nazioko gainerako telebista-kateei. Horrez gain, beste telebista eta irrati batzuk akreditatu dira, kasuan kasuko unitate mugikorrekin, manifestazioaren gaineko informazioa emateko. Laburbilduz, Nafarroako Gobernuko Prentsa Kabinetean 200 pertsona akreditatu dira guztira, berriemaileak eta langile teknikoak barne hartuta, guztira 50 komunikabidetakoak.


Nafarroako Gobernuko presidenteak irakurritako adierazpena


Manifestazioaren ibilbide osoa egiteko, ordubete baino apur bat gehiago behar izan dute. Foruen Monumentura iristean, Sanz presidenteak, berarekin batera pankarta eraman duten agintariek lagunduta, adierazpen bat irakurri du. Une honetan, Nafarroa ETArekin etorkizunean egingo den negoziazioan giltzarria dela eta Espainiaren lurralde-etorkizunaren funtsezko harria dela adierazi du.


Parte-hartze horretan, hurrengo hau ere adierazi du: "Bakean bizi nahi dugu, eta auzoko guztiekin harreman onak izan nahi ditugu. Euskaldunekin, Aragoikoekin, Gaztelakoekin eta Errioxakoekin, baina Nafarroak Nafarroa izan nahi du, eta ez beste ezer, xantaiak eta ezarpenak onartu gabe. Ez dugu beste ente politiko bateko kide izan nahi, Euskadi edo Euskalherria izenekoa".

"Beraz, ETArekin elkarrizketaren politika deitu duten horretan ezerk ez inork gure etorkizunarekin ez jokatzea eskatzen dugu" –gehitu du Sanz presidenteak–. Hurrengo hau ere esan du: "Estatua eta, batez ere, une historiko honetan Estatua ordezkatzen dutenak Nafarroarekin leialak izatea eskatzen dugu, Nafarroa Espainia osoarekin eta bertako ordezkariekin leiala den modu berean. ETAren eta bere inguruaren erradikalismo faltsutzailearen aurrean, eta Zapatero presidentearen argitasun gabeziaren aurrean, argi eta garbi esan nahi dugu Nafarroa Nafarroa dela, eta ez dugula inoren ezarpenik onartuko. Nafarroa negoziaezina baita".


Iruñera hurreratu direnei eskerrak eman ondoren, "Nafarroaren, askatasun politikoaren eta Foruen defentsan", agurtu egin ditu UPN-CDN alderdiek osatutako Gobernuak Nafarroarako bultzatzen duen proiektuaren alde daudenak eta manifestaziora joandako nafar guztiak, "gure erkidegoaren etorkizun politikoaz kezkatuta baitaude, Nafarroaren identitatearen defentsan guztiok sartzen garelako, inor baztertu gabe". Era berean, agur hori eskaini die "Nafarroan bizi ez diren baina Nafarroa eurena balitz bezala sentitzen duten adiskideei, guztiok Espainia, nazio-errealitate handi hori, osatzen dugulako".


"Argi eta garbi aldarrikatu behar da Nafarroa ez dela inoren ondarea, bertako herritarrena ez bada" adierazi ondoren, Sanz presidenteak esan du gaurko manifestazioan Nafarroako herritarren adierazpen zintzoa ikusi dela, hau da, ez dela izan "inoren aurkako manifestazioa, baizik eta Nafarroa errealitate politiko negoziaezina dela adierazteko eta agertzeko herri-prebiszitu handia". Era berean, Sanzen esanetan, "gure Forua eta herritarren eskubideak errespetatzea, nafarren sentimendu, kultura eta ideologia guztiak kontuan hartuta, Nafarroarentzat egonkortasunaren, aurrerapenaren eta askatasunaren bermerik handiena da eta izango da; horregatik, Nafarroako foru-araubidean egindako aldaketa oro terroristentzat arrakasta handia izango litzateke".


"Gure Komunitatea –esan du Miguel Sanzek- ETAren eta euskal nazionalismoaren helburu historikoa da, baina kontuz hizkera politikoarekin, negoziazio-prozesuei esker diskurtsoa moldatu egin daiteke-eta une bakoitzean egokiena erabili ahal izateko. Horrela, Batasunak, bere aldarrikapenetan, guztia edo ezer ez eskatu beharrean, pausoz pauso joatea erabaki du. Egun batean dio Nafarroa gabe ez dagoela ezer, eta beste egun batean autonomia euskaldun-nafarra proposatzen du lege-markoa onartzeko prozedurekin".


Bestalde, Sanz presidenteak esan du Zapaterok Foru Komunitatearen etorkizunari buruz oraintsu egindako adierazpenek ez dutela lasaitzen; izan ere, "argi eta garbi entzun nahi duguna da Nafarroako Alderdi Sozialistak ez duela Gobernurik itunduko gure araubide instituzionala errespetatzen ez duten alderdi nazionalistekin, horien azken xedea Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoan sartzea baita, laugarren probintzia moduan".


Sanz presidenteak adierazpena irakurri ondoren, Nafarroako himnoa abestu dute, eta horrela manifestazioa amaitutzat eman da.

Dokumentazioa:
Manifestazioaren azken deklarazioa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa