(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Bizikletaren Gida Planak hamar ibilbide egin nahi ditu 745 km-ko sarearen barruan asteartea, 2007.eko maiatzak 8

José Andrés Burguete Torres Ingurumen, Lurralde-antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak gaur goizean aurkeztu du Nafarroako Bizikletaren Gida Plana. Plana gauzatzeko lanak oraintsu bukatu dira, zenbait erakunde- eta gizarte-eragilerekin egindako prozesu parte-hartzailea abian jarri eta gero. Planaren arabera, hamar ibilbide egingo dira 745 kilometroko sarearen barruan.


Txirrindularia

Txirrindularia.

Bizikletaren Plan Gidaria Ingurumen, Lurralde-antolamendu eta Etxebizitza Sailak egin du, Nafarroako Ingurumen Baliabideen Zentroaren bitartez. Plan horren bidez, bizikletaren erabilerak garraiobide alternatibo iraunkor gisa izan duen gorakadari erantzun nahi zaio, baita gizarteak gero eta gehiago egiten duen eskari bati ere. Era berean, ekimen hori Nafarroako Lurralde Estrategiaren barruan sartzen da. Estrategia horrek, 75 neurrien artean, mugikortasun iraunkorraren aldeko interes kolektiboari mesede egitea eta aurrezkia eta eraginkortasun energetikoa sustatzea bildu ditu.


Ekimen hori administrazioetatik bultzatutako bestelako jarduera batzuekin bat dator, besteak beste, Aurrezkirako eta Eraginkortasun Energetikorako Espainiako Estrategia (E4) eta Sustapen Ministerioko Azpiegitura eta Garraioen Plan Estrategikoa. Azken horretan ezarri da autonomia-erkidegoekin lankidetzan txirrindularitza-bideen oinarrizko sarea ezarriko dela, lurralde-azpiegituren barruan sartuko dena.


Modu berean, plana Europar Batasunak finantzatutako Eurovelo proiektuarekin lotuta dago. Horren helburua Europaz gaindiko sarea sortzea da, kontinentea zeharkatuko duten 12 ibilbide handiren bidez. Sare horrek Nafarroako lurraldea ukitzen du.


Bizikletaren Gida Planean ezarritako txirrindularitza-bideen foru-sarea betearazteko beharrezko inbertsioak eta kudeaketa-gastuak 51.654.502 eurokoak izango dira guztira.


Bizikleta garraiobide moduan erabiltzea sustatzeko, Nafarroako Bizikletaren Gida Planak hiru lan-ildo osagarri ditu: udalerriak lotzeko txirrindularitza-bideen sarea, udalerrietan eta hiri-inguruetan bizikleta erabiltzeko planak bultzatu eta laguntzea, eta araudia garatzea. Bestalde, bizikletaren hiru erabiltzaile motaren beharrizanei erantzuten zaie: eguneroko garraioa, aisia- eta turismo-erabilerak, eta kirol-erabilerak.


Nafarroako Bizikletaren Gida Planaren helburu nagusietakoa udalerriak lotzeko txirrindularitza-bideen oinarrizko sarea definitzea dela kontuan hartuta, prozesu parte-hartzaile bat bultzatzea oso garrantzitsua zela jo zen, eta horretan parte hartzeko deia egin zitzaien lurraldean lan egiten duten eragileei, informazioa, iritzia eta proposamenak eman zitzaten.


Modu horretan, planaren azken idazketaren aurretik, zenbait bilera egin ziren, eta inguru bakoitzaren garapenerako partzuergo eta agentziak gonbidatu zituzten, baita hurrengo hauek ere: proposatutako ibilbideek zeharkatzen dituzten udalerrietako udalak, txirrindulari adituak eta inguruko txirrindularien klubak, hotel-establezimenduak, ingurumen-zaindariak eta inguru bakoitzeko Lurralde Antolamenduko Planen (LAP) arduradunak. Bilera horietan, Nafarroako Bizikletaren Gida Planaren helburuen berri eman zitzaien, eta inguru bakoitzean proposatutako ibilbideen zoladuraren berri ere, kasu bakoitzean erabileraren eta funtzionalitatearen eta ingurumen-alderdien arabera hautatu direnak.


Aurreikusitako ibilbideak


Txirrindularitza-bideen sarea eratzeko, txirrindularien hiru motak (garraioa, aisia eta kirola) aintzat hartuta lortu diren "linea nagusien" mapa egin da. Modu horretan, behin txirrindularien ibilbideak eginda, mota guztietako erabiltzaileei alternatiba eskaini nahi zaie.


Proposatutako linea nagusien multzoak 745 kilometroko sarea osatzen du. Horien trazadura eta diseinua inguruz inguru egindako bileretan aztertu dira.


Proposatutako ibilbideak hautatzerakoan, gaur egun dauden udalerriz gaindiko bideak kontuan hartu dira (Eurovelo, Done Jakue bidea eta Bide Berdeak (Plazaola, Tarazonica, euskal-nafarra, Bidasoa eta Irati); txirrindulari gehien hartzen dituzten bideak; laneko joan-etorrietarako nukleo desberdinak txirrindularitza-bideekin lotzen dituztenak; tokiko ekimenekin nukleoak lotzen dituztenak; hirien arteko joan-etorriak egiteko txirrindulariak har ditzaketen bideak; puntu beltzak edo tarte arriskutsuak saihesten dituztenak, intereseko ibilbideak osatzen dituztenak edo auzoko erkidegoetako bideekin lotuta daudenak; eta bost LAP zonetan dauden bideak.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa