(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Maiatzaren 27ko hauteskundeetan herritarren parte-hartzea sustatzeko kanpaina instituzionala aurkeztu da asteazkena, 2007.eko maiatzak 9

Nafarroako Gobernuak publizitate-kanpaina instituzionala egingo du maiatzaren 27ko Nafarroako Parlamenturako eta Kontzejuetarako hauteskundeetan informazioa emateko eta herritarren parte-hartzea sustatzeko.


Kanpainaren logotipoa

Kanpainaren logotipoa.

Kanpaina gaur goizean aurkeztu du Javier Caballero Martínez Presidentzia, Justizia eta Barne Arazoen kontseilariak, Nafarroako Jauregian egindako informazio-ekitaldian.


Ekimena beste hauteskunde-deialdi batzuetan ere egin da, eta Nafarroako Parlamenturako Hauteskundeak arautzeko azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legearen 21.2 artikuluan ezarrita dago. Artikulu horren arabera, hauteskunde-kanpainan, Nafarroako Gobernuak publizitate instituzionala egin dezake, hauteskundeen inguruko informazioa eman eta parte-hartzea sustatzeko, hautesleen boto-orientabidean eragin gabe.

Kanpainaren xehetasunak


Planetan, bi kanpaina mota egingo dira: bata Nafarroako Parlamenturako hauteskundeei buruzkoa, eta bestea kontzejuetarako hauteskundeei buruzkoa. Biek eslogan bera dute, baina bakoitzak publizitate-euskarri desberdinak erabiliko ditu.


Kanpainaren diseinuan adin-tarte desberdinetako pertsonak erabili dira, eta horien buruen ondoan, komikietako bunbuilo itxuran –ikuslearekin hitz egiten egongo balira moduan–, hauteskunde-txartel bat agertzen da (sepia kolorekoa Parlamentuaren kasuan eta urdina kontzejuetarako). Argazkiaren ondoan, lema hau agertzen da: "Porque lo llevas dentro, tu voto construye Navarra" ("Barruan daramazulako, zure botoak Nafarroa eraikitzen du"). Irudi horren bidez, botoaren garrantzia azpimarratu nahi da; izan ere, eskubide hori egikarituz, herritar bakoitzak Foru Erkidegorako datozen lau urteetan nahi duen etorkizuna hautatzen du.


Kanpainaren publizitate-kartela

Kanpainaren publizitate-kartel baten irudia.

Kanpainaren barruan, iragarki informatibo bat kaleratuko da botoa emateko beharrezko betekizunak eta 27ko hauteskundeetan bozkatzeko mekanismoa azalduz (Parlamentua, udalak eta kontzejuak).


Nafarroako Parlamentuko hauteskundeen kanpaina publizitate-espazioen bidez zabalduko da eguneroko prentsan, tokiko aldizkarietan, irratian, telebistan eta zineman, eta publizitate-euskarri desberdinak erabiliko dira (hesiak eta markesinak).


Bestalde, kontzejuen inguruko kanpaina prentsako eta irratiko iragarkien bidez zabalduko da. Horrez gain, hauteskundeak egiten dituzten kontzejuetara eta udalerri konposatuetara igorriko da kartelen eta foileto informatiboen sorta, horiek kasuan kasuko herrietan banatu ditzaten. Guztira, 16.000 foileto eta 1.250 kartel igorriko dira. Horietako batzuk euskaraz atera dira.


Kanpaina "Gaps Comunicación" enpresak egin du. Nafarroako Gobernuaren publizitatearen esleipenduna da 2007. urterako, eta 129.896,52 euroko aurrekontua du.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa