(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Jorge Valdanok Nafarroako unibertsitateen 2007ko udako ikastaroen irekitze-hitzaldia eman du osteguna, 2007.eko maiatzak 24

Jorge Valdano Real Madrileko Unibertsitate Eskolako zuzendariak Nafarroako unibertsitateen 2007ko udako ikastaroen VII. edizioko irekitze-hitzaldia eman du gaur Kultura Saileko Patio Isabeldarrean, "Unibertsitatea, gizartea eta kirola" izenburupean.


Sanz Presidentea  Jorge Valdanorekin.

Sanz, Campoy eta Pejenaute Jorge Valdanorekin Nafarroako jauregian. ( irudia handitu )

Ekitaldian arlo politiko, akademiko, kirol arloko eta komunikabideetako ordezkari ugari bildu dira, besteak beste, Luis Campoy Hezkuntza kontseilaria; Pedro Burillo Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea; Ángel José Gómez Montoro Nafarroako Unibertsitateko errektorea; José Iribas Iruñeko Udaleko alkateordea; José Luís Díez Nafarroako Futbol Federazioko presidentea; eta Inés Artajo Diario de Navarrako zuzendaria.


Sanz presidenteak azaldu duen moduan, udako ikastaroak 2001ean hasi ziren, Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Udalak eta Caja Navarra Fundazioak sustatuta, gure erkidegoaren kultura-garapenaren aldeko apustu moduan, eta eskaintza koordinatu bakarrean udako unibertsitate-jarduera guztiak biltzen dituzte.


Sanzek Nafarroako unibertsitateen eta gizarte- eta kultura-erakundeen eginkizuna goraipatu du, udako trebakuntza-proposamen honen arrakastari begira ahaleginak bateratzen baitituzte, "esparru akademiko hutsa gaindituz, kultura-ingurua aberasteko eta herritar askorentzat ezagutza- eta trebakuntza-iturri izateko. Modu horretan, Nafarroako unibertsitateek gure erkidegoaren gizarte-aurrerapenarekin duten konpromisoa indartzen dute, edozein adinetan unibertsitateko kultura- eta hezkuntza-eskaintza gustuko dutenei erantzuna ematen zaie eta."


Bestalde, Jorge Valdanok emozioz oroitu ditu Sadarrera egindako bisitak, Alavésen elastikoarekin lehenengo eta Zaragozako elastikoarekin eta Real Madrilekoarekin gero. Tradizioz kirolaren eta unibertsitatearen artean egon den bereizketa azaldu du eta, are gehiago, kirolaren inguruan duela gutxi arte egon izan den ospe intelektual makurra azpimarratu du.


Hala ere, berarentzat kirola gizarte-laborategi bikaina da; jarduera horri esker norbere burua, besteak eta bizitza ezagutu daitezke.


Valdanok, bere ibilbidea gogoratuz, esan du "bidaia kalean hasten dela, askorentzat eskola nagusia den horretan", kaleko partidetan hainbat gauza ikasten baitira: garaipena eta frustrazioa bizitzen, ordainsariaren kontzeptua, entrenamenduaren metodologia, gogoarekin zein gogorik gabe, hotzarekin zein beroarekin ahaleginak egiten irakasten duena; eskubideak eta eginbeharrak, garaitu beharreko beldurra, norbere burua eta besteak baloratzea, talde batean profil guztiak argi eta garbi definitzen baitira: eskuzabala, koldarra, taldekoia, liderra, exhibizionista eta bihurria.


Valdanok kirolean komunikazioak duen garrantzia azpimarratu du, eta komunikazioa grinatsua denean soilik dela eraginkorra esan du. Taldearekin egiten diren ikaskuntzak nabarmendu ditu –etengabe egokitzea edo elkartasuna–, eta teknikari moduan egiten direnak –taldea sortzea, eta horretarako talentua antzematen jakin behar da, eta garatzeko askatasuna eta konfiantza eman behar zaizkio, rolak behar den moduan banatu behar dira eta taldeari korporazio-kultura, identitatea eta konpromiso kolektiboa eman behar zaizkio–. Bere ustez, aurreko hori diziplina guztietako talde guztiei aplikatzeko modukoa da.


Kirolak gizartera eta komunikabideetara egokitzeko duen gaitasun harrigarria azaldu du, hiru osagairen bidez: kide izatearen esangura, emaitzaren ziurgabetasuna eta aukera estetikoa, eta gizartearekin duen lotura, ez bakarrik oroimen erkidea edo desira erkidea sortzen duelako, baita kirolak gizarteari bere isla itzultzen diolako ere, ispilu baten moduan. Bizitza korapilatu egiten da eta kirola horrekin batera doa, gaur egun ikuskizun horrekin batera mugitzen den merkataritza-tresna erraldoiaren eraginez.


Amaitzeko, Valdanok hasierako ideiari heldu dio: "Kirolak ere ez du ezer egin pentsamendura hurbiltzeko. Baina harritzekoa da liburu eta artikulu askotan hainbat intelektualek eskaini dizkioten gogoeta bikainak, besteak beste, Ortega y Gassetek, Gómez de la Sernak, Rafael Albertik, Celak, Delibesek, Vargas Llosak, Durasek, Benedettik eta Orwellek. Eta Hipokratesen "Medikuntza soilik dakienak medikuntza ere ez daki" esaldia biribilduz, Valdanok esan du "futbolaz soilik dakienak fulbolaz ere ez daki". Horrek berak zuzentzen duen unibertsitateko hezkuntza-proiektuan murgiltzera eraman zuen. Beste klub batzuk ideia hori imitatzen ari dira, hain zuzen ere, Erdi Arotik herrestan datorren aurreiritzia suntsitzeko, "gorputza eta espiritua gauza bateraezinak zirenean". Hori dela eta, hitzaldi honen bidez eman zaion aukera horixe da, hain zuzen ere: "gaizki-ulertu luze hau amaitzeko beste aukera bat".


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa