(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

García Malo kontseilariak Nafarroako Gizarte Zerbitzuen lehen Saileko oinarrizko agiria aurkeztu du ostirala, 2007.eko irailak 21

Foru Komunitateko herritarrek eskuratu ahal izango dituzten sistema publikoko prestazioak biltzen ditu


María Isabel García Malo Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak gaur aurkeztu du Nafarroako Foru Komunitateko Gizarte Zerbitzuetako lehen Sailaren oinarrizko agiria. Jardunaldian gizarte-zerbitzuetako arduradunek, gizarte-eragileek eta elkarte eta erakundeetako ordezkariek parte hartu dute.


Ekitaldia Baluarten egin da, eta agiria hobetu eta osatzeko parte-hartze prozesuaren hasiera izan da; izan ere, azken agiriari begira lan egiteko eta aurrera egiteko abiapuntua da, alderdi guztien artean behin betiko Gizarte Zerbitzuen Saila eraikitzeko. Ildo horretatik, oinarrizko agiri hori gizarte-zerbitzuen arloko pertsona, talde eta erakundeen eta herritar guztien esku jarriko da. Egindako ekarpenak aztertu egingo dira eta Gizarte Zerbitzuen Saileko Foru Dekretuaren proiektura bilduko dira. Azken horretan ere herritarrek parte hartzeko aukera izango dute.


Sail horretan Nafarroako herritarrek eskuratu ahal izango dituzten gizarte-zerbitzuen sistema publikoaren prestazio guztiak bilduko dira, horietako bakoitza jasotzeko betekizunak adieraziko dira, eta horien artean bereiziko dira, batetik, izaera bermatua dutenak, hau da, herri-administrazioei eskatzeko modukoak direnak, aurrekontu-kontsignazioa gorabehera, eta bestetik, izaera hori ez dutenak. Sail horretan Nafarroako herritar guztiei eskaini behar zaizkien oinarrizko zerbitzuak ere jasoko dira, udalerria edozein izanda ere.


Gogoan izan behar da abenduaren 16ko 15/2006 Foru Legeak, Gizarte Zerbitzuei buruzkoak, pertsona guztiek euren ongizatea bermatzeko zerbitzuak eskuratzeko eskubide subjektiboa dutela arautu duela. Eskubide horiek bermatzeko, Foru Legeak Gizarte Zerbitzuen Saila izaera orokorrarekin onestea ezarri du; Sail horretara bilduko dira gizarte-zerbitzuen sistema publikoko prestazioen multzoa, eta horren aplikazio-esparrua Foru Komunitateko lurralde osora hedatuko da. Horrela, gizarte-zerbitzuak asistentziari lotutako eredua direla ulertzetik zerbitzu horiek eskubideen berme-sistema moduan ikustera igaroko da, eta horrela, Nafarroako herritarren gizarte-ongizatearen mailak eta bizi-kalitateak hobera egingo dute.


Lege horren esparruaren barruan garatuko dira gizarte-zerbitzuak, hurrengo hauei zuzenduak: adinekoak, menpekoak, desgaitasuna dutenak, haurrak eta nerabeak babes-araubidean, genero-indarkeriaren biktimak, gizarte-bazterketaren egoeran dauden edo egon daitezkeen pertsonak, hau da, gizarte-zerbitzuen erabiltzaile guztiak.


Foru Legea joan den martxoaren 20an jarri zen indarrean, eta ordutik zenbait jarduera egin dira sistema berria eratzen eta sendotzen laguntzeko. Legea garatzeko lehenengo eta oinarrizko jarduna esparru orokorreko Gizarte Zerbitzuen lehen Saila da, eta gaur horren oinarrizko eta hasierako agiria aurkeztu da, behin betiko agiria lortzeko bidean.


Ildo horretatik, foru-arauak Menpekotasun egoeran dauden Pertsonen Autonomia Pertsonala eta Arreta Sustatzeko Estatuko Legean jasotako prestazioak izan behar ditu.


Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Sistemak berezko eskubide subjektiboak sortzen ditu


Foru Legeak Gizarte Zerbitzuen Sistema Ongizate Estatuaren laugarren zutabe moduan finkatu behar du Nafarroan, osasunarekin, hezkuntzarekin eta pentsioen sistemarekin batera. Izan ere, legea onetsi arte, gizarte-zerbitzuen ulerkerak asistentzia-ideia zuen oinarri. Orain benetako eskubide subjektiboak sortzen dituen sistema dela jotzen da. Eskubide horien titular izateko, prestazio bakoitza eskuratzeko izan behar diren betekizun gehigarri eta zehatzez gain, oro har, gizarte-zerbitzuak jasotzen dituzten pertsona guztiek Nafarroan bizi behar dute. Hala ere, kasu batzuetan nahikoa izango da Foru Erkidegoan egotea eta premia-egoeraren bat izatea maila pertsonalean, familian, gizarte arloan edo txirotasun-egoeran egotea, Foru Legean gizarte-zerbitzuak eskuratzeko eskubide unibertsala ezarri baita.


Dena den, bermatutako prestazioen barruan, Nafarroako Gobernuak Foru Legean ezarritako gutxieneko prestazioen gainetik, beste prestazio batzuk ere badaude, eta horiek apurka-apurka ezarriko dira. Gainera, horiek emateko, kasuan kasuko zerbitzua edo gizarte-zerbitzuen zentroak sortu beharko dira, eta zentro horietan lanbide-arteko ekipoak eratu beharko dira. Zehatz esanda, buru-nahaste larria duten pertsonentzako egoitza-etxeak, gizarteratzeko-laneratzeko ekipoak, haurrak eta nerabeak artatzeko ekipoak, genero-indarkeriaren biktimak artatzeko ekipoak eta etxebizitza arloko gizarteratze-ekipoak dira.

Dokumentazioa:
Prestaciones de la Cartera de Servicios Sociales
Documento básico "Cartera de servicios sociales de ámbito general"

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa