(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Sanz presidentea Iruñeko autobus geltoki berria ikustera joan da, Nafarroako alkateekin batera asteazkena, 2007.eko azaroak 7

Azpiegitura berriak bidaiarien eta konpainien premiak asetzeko duen funtzionaltasuna azpimarratu du presidenteak; eta, bidenabar, eraikina garrantzi historiko eta monumental berezia duen hirigintza eremu horretan zein ondo uztartzen den ere nabarmendu du


Sanz Presidentea eta Nafarroako alkateak autobus geltokian

Sanz Presidentea eta Nafarroako alkateak. ( irudia handitu )

Miguel Sanz Sesma Nafarroako Gobernuko presidentea Iruñeko autobus geltoki berrian izan da gaur goizean Nafarroako Foru Komunitateko alkate guztiekin batera. Autobus geltokia azaroan 9an, ostirala, inauguratuko dute ofizialki, eta datorren astelehenean, hilak 12, hasiko da, pixkanaka-pixkanaka, jendeari zerbitzua eskaintzen.


Ehun eta hogeiren bat alkate izan dira, hain justu, presidentearekin batera autobus geltokian. Hantxe izan dira, halaber, Yolanda Barcina Angulo Iruñeko alkatea, Laura Alba Cuadrado Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko kontseilaria eta Nafarroako Gobernuko hainbat zuzendari nagusi ere: Susana Labiano Bastero, Garraio Departamentukoa; Pedro Pegenaute Garde, Toki Administraziokoa; eta Lola Eguren Apesteguía, Harreman Instituzionaletakoa.


Bisitaren aurretik, Baluarte Batzar Jauregian eta Auditorioan egindako ekitaldi instituzional batean, Sanz presidenteak agur eta aurkezpen hitz batzuk esan ditu alkateen aurrean. Besteak beste, azpiegitura berriaren ezaugarrien artean, diseinuaren modernitatea eta funtzionaltasuna goraipatu ditu, eta baita bidaiariei zein konpainiei eskaintzen dien erosotasuna ere, hiriaren bihotzean baitago kokatuta. Bestalde, azpimarratu du eraikinak errespetu handiz jokatu duela berau kokatuta dagoen hirigintza eremuak, Ziudadelak, berez daukan garrantzi historiko bereziarekin. Eta, azkenik, azpiegitura berri honek bidaiarien garraioa sustatuko duela nabarmendu du, eta ondorioz, Nafarroako gizartearen kohesioa handitu ere, handituko duela.


Nafarroako alkateek autobus geltokiaren proiektuari buruzko azalpenak entzuten

Alkateek autobus geltoki berriaren proiektuari buruzko informazioa jasotzen. ( irudia handitu )

Presidentearen atzetik, Yolanda Barcina Iruñeko alkateak eta Manuel Blasco eta Jesús Armendáriz arkitektoek hartu dute hitza, hurrenez hurren. Barcinak geltoki berriak hiriari ekarri dion hirigintzaren eta zerbitzuen arloko hobekuntzari buruz jardun du. Bi arkitektoak, bestalde, hasierako egitasmoaren eta egitasmo eraberrituaren arduradunak izan dira. Bi-biek egitasmoaren alderdi kontzeptual eta teknikoak adierazi dizkiete bertan bildutako alkateei, eta batik bat beren zereginean izandako beharkizun bikoitza nabarmendu nahi izan dute: batetik, geltoki funtzionala egitea, eta, bestetik, XXI. mendeko Iruñeak dituen premiei egokitutako geltokia egitea; betiere, kokatuta dagoen ingurune historikoa erabat errespetatuz.


Iruñeko autobus geltoki berria lurpean dago; kanpoaldean, ikusteko moduan dagoen elementu bakarra bertara sartzeko markesina da: 100 metro luze eta 5 garai den beirazko egitura bat. Autobus geltoki berria eraikitzean, lorategi eremu handi bat atondu da, eta ondorioz, Gazteluaren inguruan, gutxi gorabehera 30.000 m2-ko berdegunea utzi da. Horri esker, berriz eskuratu ahal izango da Ziudadelako glazisa, hiriko paisaia eta paseorako eremu moduan.


Egitasmoa gauzatzeko 38 milioi euroko inbertsioa egin da: 27 milioi euro Nafarroako Gobernuak (%60) eta Iruñeko Udalak (%40) finantzatu dituzte; gainerakoa, berriz, enpresa esleipendunak.


Azpiegiturak hiru solairu ditu lurpean; eta, guztira, 27.000 m2-ko gainazala. Lehenengo solairuan administrazio eta kontrolerako eremua dago. Bigarrenean, aldiz, 52 ditxo: 28, gune nagusian; eta 24, gune osagarrian. Ditxo nagusiak 26 metroko erradioko geometria biribila eta 2.200 m2-ko azalera ditu. Aterkiaren itxurako forma dauka, eta 2 metroko diametroa duen zutarrira doazen erradio habeek osatutakoa da. Ditxo osagarria, berriz, lineala da, eta, gutxi gorabehera, 3.100 m-ko azalera dauka. Bigarren solairu horretan, itxarongela, atartea, leihatilak, merkataritza gunea, eta taberna eta jatetxeen gunea daude. Azken solairua (-3) egoiliarrek aparkatzeko gunea eta txandakatze eremua da; 598 plaza daude, guztira.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa