(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Barañaingo Auditorioan eskainiko dute "Musika Martxan" programako lehen kontzertua astelehena, 2007.eko azaroak 12

"Musika Martxan" programako aurtengo ikasturteko lehen kontzertua Barañaingo Auditorioan izango da, bihar, azaroaren 13an, ohiko saioetan (10:00etan eta 11:30ean). Emanaldia Nafarroako Gobernuak antolatu du, Kultura eta Turismo Departamentuaren bidez. "Ensaladas aliñadas" lana eskainiko da, Mateo Flecha el Viejoren "Ensaladas", haurrentzat "maneatuta". Aste osoan zehar eskainiko dira emanaldiak, eta 97 ikastetxetako ikasleek parte hartuko dute; hain zuzen ere, lehen hezkuntzako (7-11 urteko) 5.100 ikaslek (1.200 euskaraz).


Lehen aldiz eskainiko da ahots musika organo positiboaz (errege organoa) eta perkusioaz lagunduta, Nova Lux Ensemble abesbatzaren eskutik. Testua Fernando Palaciosena da, eta Arcimboldoren margolanak ere proiektatuko dira. Kontalariak Uxue Úriz eta Javier Irigoyen izango dira. Kontzertuaren ondoren, orrialde markagailuak emango zaizkie irakasleei, ikasleei banatzeko.


Familientzako kontzertuei dagokienez, larunbatean eskainiko da denboraldiko lehena, 12:00etan. Nahi duen ororentzat izango da, baita haurrik gabe doazenentzat ere. Denboraldiko txartelak salgai daude, eta hala egongo dira kontzertuko egunera arte. Sarrera solteak, berriz, Barañaingo Auditorioko leihatiletan egongo dira salgai, aste honetatik aurrera.


"Ikasleentzako kontzertuak" programa aitzindaria izan da Espainia mailan (lehen aldiz 1993-94 denboraldian egin zen). Haur, lehen eta bigarren hezkuntzako ikasle nafarren musika arloko prestakuntza osatu nahi da programa horren bidez, eurentzako bereziki antolatutako kontzertuen bidez. Kontzertu didaktiko horietarako gehien erabiltzen den formula ipuin musikatuena da. Lan horietan ipuinak eta musika uztartzen dira, eta artea haurrengana gerturatzearren eta ikusle berriak sortzea sustatzearren egiten da lan.


Ikasleentzako kontzertuetara joatea jarduera hirukoitza da. Batetik, aurretik kontzertua ikasgelan prestatzea, musika irakasleen ardurapean; bestetik, kontzertuan parte hartzea; eta azkenik, entzunaldiaren ondoren egin beharreko eskolako lanak egitea. Urtean 25.000 ikasletik gora izaten dira programan parte hartzen dutenak.


Bestalde, Familientzako Kontzertuak, 136.000 euroko aurrekontua dutenak, nahi duen ororentzat dira, eta aparteko saioetan egiten dira, Ikasleentzako Kontzertuetako programa berarekin. Kontzertu horien bidez, haurren senitartekoei musika esperientzia horretan haurrekin batera parte hartzeko aukera eskaintzen zaie. Aurten, Brundibar opera eskainiko da programaren baitan, eta 120.000 euro inguruko aparteko aurrekontua izango du.


Kontzertuetan Pablo Sarasate Nafarroako Orkestra Sinfonikoak parte hartuko du, Nafarroako Gobernuarekin izenpetutako hitzarmenari jarraiki, eta baita Fernando Palacios musika arloko pedagogo eta konpositoreak ere, programako aholkulari gisa.


2007-08 denboraldirako 29.700 plaza daude, 34.1990 eskatu badira ere.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa