(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Martxoan, 6.200 biztanletik gora hornituko dituen Baztan-Bidasoako gasbidea eraikitzeko lanak hasiko dira osteguna, 2007.eko abenduak 27

Nafarroako Gobernuak xede horretarako hitzarmena sinatu du, gaur, Gas Navarra enpresarekin


2008ko martxoan, Baztan-Bidasoako gasbidea eraikitzeko lanak hasiko dituzte, eta aurreikuspenen arabera, 2009. urte hasieran amaituko dituzte. José María Roig Aldasoro Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariak eta José María Gil Gas Navarra enpresako zuzendari nagusiak gasbidearen ezaugarriak biltzen dituen hitzarmena sinatu dute, gaur, Bertizko Jaurerriko Jauregian. Begoña Sanzberro Iturriria Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko kontseilaria ere izan da sinadura ekitaldian.


Roig kontseilariak bere mintzaldian adierazi duenez, "Nafarroako gainerako eskualdeekiko lurralde oreka areagotzeko aukera emanen dio gasbideak Baztan-Bidasoari, eta era berean, bertako enpresa eta negozioen lehiakortasuna handitzeko eta herritarren ingurumen eta erosotasun baldintzak hobetzeko aukera eskainiko du". José María Roigek nabarmendu duenez, "Espainian gas hornidura zabalena duen komunitatea da Nafarroa, eta proiektuak egoera hori finkatzeko balioko du; izan ere, Foru Komunitatean, %84k baino gehiagok dituzte gas instalazioak". Gainera, kontseilariak adierazi duenez, Nafarroako Gobernuak Eskualdeko "bizi-kalitatea hobetzeko ahalegin handia egin du", azken urteotan, "eta horren isla dira, besteak beste, komunikazio, osasun, hezkuntza, ingurumen edo turismoaren arloetan egindako jardunak".


Sanzberro kontseilariak, bestalde, adierazi du gasbidearen eraikuntza Nafarroako Gobernuak Eskualdearen garapenari begira hartutako konpromisoaren isla dela; "izan ere, bertako biztanle, enpresa, saltoki eta erakundeei zerbitzu moderno, eraginkor eta iraunkorragoa eskaintzea ahalbidetuko du; hots, gas naturala eskaintzea ahalbidetuko du".


Gasbideak 33,5 kilometroko luzera izanen du. Bidasoako trenbide zaharraren ibilbidea aprobetxatuko dute, eta hartara, lanak errazago egin ahal izanen dituzte. Nolanahi ere, ingurune naturala ahal bezainbeste zainduz jardunen dira. Gasbideak Lesaka eta Elizondo lotuko ditu, eta banaketa sareak eta harguneak izanen ditu, honako udalerri hauetarako: Sunbilla, Doneztebe, Legasa, Narbarte, Oieregi, Oronoz-Mugairi, Arraioz, Irurita, eta Elbete. Aurreikuspenen arabera, eskualdeko 6.200 biztanletik gora eta Legasako Aceralia enpresa hornituko ditu gasbideak.


Eginen duten erabateko inbertsioa 8,7 milioi €-koa izanen da, eta horietatik 3,8 milioi € Nafarroako Gobernuak emanen ditu, honela banatuta: %47,7 (2,8 milioi €), lotura instalazioak finantzatzeko (gasbidea bera); eta %37,9 (milioi 1 €), banaketa instalazioak finantzatzeko (gasbidetik herri bakoitzera doazen adarrak).


Gas Navarra enpresa Gas Natural Taldearen filiala da, eta 1989. urteaz geroztik Foru Komunitateko etxeetako eta merkataritza eta industria arloko hornidura egiten ari da, erabiltzaileei energia aniztasuna bermatzeko eta eskaintzeko. Nafarroako enpresak 1.300 kilometrotik gorako banaketa sarea du, eta lanean hasi zenetik, 128 milioi eurotik gora inbertitu ditu Foru Komunitatean. Gaur egun, 97 herritako 150.000 etxebizitzatik gora hornitzen ditu gasez Gas Navarrak; hau da, foru lurraldearen %85.


Foru Komunitatea gasez hornitzeko jarduera plana garatzeko 2006an sinatu zuten hitzarmenean du jatorria gaur sinatu dutenak, eta hauxe izango da 2010. urteari begirako Nafarroako Plan Estrategikoaren oinarria. Izan ere, Foru Komunitateko gas azpiegituren hedapena lehentasunezkotzat jotzen du aipaturiko Planak, eta 77,2 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du gas azpiegituretarako.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa