(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako kirol federazioetako hauteskundeak 2011ra bitarte erregulatuko dituzten arauak onartu ditu Gobernuak astelehena, 2008.eko urtarrilak 7

Foru Komunitateko 41 kirol federazioetako hauteskunde prozesuak 2008tik 2011ra bitarte arautuko dituen Foru Agindua izenpetu du María Isabel García Malo Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko kontseilariak.


Foru Aginduak indarraldia zehazten du, lehenengo aldiz (orain arteko arauak orokorrak ziren, ez zuten urterik zehazten). Gainera, Nafarroako Gobernuak xedatu duenez, kirol federazioek ahal bezainbesteko hedapena eta publizitatea bermatu beharko dute batzar nagusietako kideak eta buruak hautatzeko deialdien gainean.


Abenduaren 13ko 299/2007 Foru Aginduaren berritasunetako bat aipatzekotan, honako hau: deialdiak kasuan kasuko federazioaren web orrian txertatzeko betebeharra (web orririk izanez gero, noski). Era berean, deialdia, hautesle errolda eta hauteskunde egutegia federazio bakoitzeko iragarki tauletan eta Nafarroako Kirol Institutuan jarri beharko dituzte; eta kasuan kasuko federazioak federazio-burua hautatzeko batzarra eratzeko deialdiaren berri eman beharko die batzarkideei, banan-banan.


Foru Aginduaren arabera, kirol federazioetako buru izan nahi duten hautagai guztiek hauteskundeetan parte hartu ahal izatea bermatuko duen hauteskunde egutegia onartu beharko dute federazioek, aurrerantzean. Federazioak osatzen dituzten kirol erakundeek ez dute batzar nagusiko hautagai zerrendarik aurkeztu beharko, berariaz; izan ere, bide automatikoa ezarri du Gobernuak, parte-hartzea sustatzearren. Amaitzeko, hauteskunde batzordearen agintaldia hauteskunde prozesuarekin batera amaituko da.


Foru Agindua joan den urtarrilaren 1eko/2ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuten, eta bertan adierazi dutenez, hauteskunde prozesua kirol federazio bakoitzari dagokion olinpiar urtean egin beharko dute, nahitaez. Olinpiarrak ez diren federazioek, berriz, udako Olinpiar Jokoen urtean eginen dituzte hauteskundeak. Kasu guztietan ere, hauteskunde prozesua dagokion urteko uztailaren 1a baino lehen egin beharko dute, Nafarroako Kirol Institutuak bestelakorik baimendu ezean.


Barne erregelamendua


Gainera, Foru Aginduan zehaztu dutenez, Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan izena emanda dauden federazioetako hauteskunde prozesuak ezin izanen dituzte abiatu Nafarroako Kirol Institutuak hauteskunde prozesua arautzen duen barne erregelamendua baliozkotzat jo aurretik.


Hauteskundeetako erregelamenduek honako gai hauek zehaztu beharko dituzte, gutxienez ere: kasuan kasuko federazioko batzar nagusiaren osaera (eta maila bakoitzeko ordezkarien aipamena); hauteskunde batzordearen osaera, eskumenak eta funtzionamendua; baldintzak, epeak, eta hautagaien aurkezpena eta izendapena; auziak eta erreklamazioak konpontzeko prozedura; hauteskunde mahaiaren osaera, eskumenak eta funtzionamendua; hauteskunde errekurtsoak aurkezteko aukera; botoa emateko sistemak; federazio-burua hautatzeko arauak; hauteskunde egutegia; eta batzar nagusian egon daitezkeen plaza hutsak betetzeko prozedura.


Batzar nagusiak hauteskunde prozesuaren egutegia zehaztuko du, eta gehienez ere bi hilabeteko iraupena izanen du. Foru Aginduak honako hauek ere zehaztu ditu: hauteskunde egutegia osatzen duten urratsak; hautesleek eta hautagaiek bete behar dituzten baldintzak; kirol erakundeen ordezkaritza; hauteskunde batzordearen osaera, hautaketa eta eginkizunak; hauteskunde mahaiaren osaera; hauteskunde barrutia; Federazioen Hauteskunde Batzordeari edo Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeari errekurtsoa aurkeztea; altak eta bajak batzordean; federazio-buruen hautaketa partziala; eta hauteskunde prozesuaren berri ematea.


Federazioetako gobernu organoak eta ordezkariak lau urtean behin hautatuko dituzte, oro har. Ordezkoek kargua hartu arte iraunen du horien agintaldiak, eta beharrezkoa bada, jardunean egonen dira ordura arte.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa