(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako ikastetxeek hiru hizkuntza batera irakasteko probak eginen dituzte 2008-09 ikasturtean ostirala, 2008.eko otsailak 1

Nafarroako ikastetxeek ikasle eleaniztunak prestatuko dituzte datozen urteetan, hiru hizkuntzatan gai diren ikasleak, XXI. mendeko Europan bizitzeko prest daudenak. Xede horrekin, Hezkuntza Departamentuko Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuak, 2008-09 ikasturtean, eleaniztasuna sustatzeko proiektu politu bat jarriko du abian Nafarroako 14 ikastetxetan.


Horixe bera azaldu du Hezkuntza Departamentuko kontseilariak, Departamentuak diseinatu duen programa aurkezteko egin duten prentsaurrekoan. Programak hizkuntzen trataera bateratua du oinarri; hots, hizkuntzen arteko elkarguneak eta transferentziak aprobetxatzen dituen sistema, hizkuntzen erabilera sustatzeko, irakaskuntzaren eduki gisa ez ezik, baita ikaskuntzarako bide eta beste irakasgai batzuk indartzeko tresna gisa ere.


Programa esperientzia pilotu gisa ezarriko dute, 2008-09 ikasturtean, honako ikastetxe hauetan: Hilarión Eslava HIn (Herri Ikastetxea), Noain HIn, Beriain HIn, eta Cintruénigo HIn. Hartara, ikastetxe horiek 2007-08 ikasturtean antzeko programak abian jarri dituzten hamar ikastetxeei batu beharko zaizkie (Tutera, Iruñea, Añorbe, Atarrabia eta Zizur Nagusiko ikastetxeei, hain justu). Hamar ikastetxeotako programek ere hizkuntzen trataera bateratua dute oinarri, eta ingelesaren irakaskuntza indartzen dute hiru urtetik aurrera. Guztietan, euskara aukerako irakasgaia izanen da, eta ingelesaren irakaskuntza nabarmen indartuko dute. Aipatu ditugun hamar ikastetxeak honako hauek dira: Tuterako Benjamín BHI eta Elvira España HI; Iruñeako Cardenal Ilundáin HI, Azpilagaña HI, José Mª de Huarte HI eta Doña Mayor HI; Zizur Nagusiko Catalina de Foix eta Camino de Santiago HI; Atarrabiako Lorenzo Goikoa; eta Añorbeko HI.


Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan ere ezarriko dute programa. Ikasturteotan, ingelesez eta beste hizkuntza batzuetan emanen dituzte irakasgaiak, dagoeneko zenbait institututan ingeles eta frantseseko atal elebidunen programaren bidez esperimentalki egiten duten moduan.


Oinarri pedagogikoa


Sistema berriaren helburua ikasleen hizkuntza gaitasuna indartzea da. Europako Kontseiluaren arabera, horixe bera da gizabanakoaren oinarrizko gaitasuna, eta indarrean dagoen Hezkuntzaren Legean ere aipatzen dute.


Proposamen pedagogikoak hizkuntzen trataera bateratua du oinarri, eta esan dugun moduan, hizkuntzen arteko elkarguneak eta transferentziak aprobetxatu eta modu eraginkorragoan ikastea ahalbidetzen du. Hizkuntzak ez dira ikasten hizkuntza kode isolatuak bailiran; aitzitik, beste irakasgai batzuetan integratzen dira, ikaskuntza indartzeko. Beraz, hizkuntzak, irakaskuntzaren edukiak ez ezik, beste hezkuntza ikaskuntza batzuetarako tresna ere badira.


Programako irakasleak


Programa gauzatzeko, beharrezkoa da ikastetxeek irakasle gaituak izatea. Zentzu horretan, Hezkuntza Departamentuak irakasleak prestatzeko eta birziklatzeko plana diseinatu du, ezarritako helburuak betetzea ahalbidetzeko. Hala eta guztiz, programaren lehenengo urteetan, eta ikastetxeetako langile zerrendak aintzat hartuta komenigarritzat jotzen badute, deialdiak eginen dituzte irakasle gaituak hautatzeko.


2008-09 ikasturtean atzerriko hizkuntzak ikasteko planaren helburua honako hau da: hizkuntzak irakasten dituzten irakasleei edo irakasgaiak beste hizkuntza batean irakasten dituztenei kalitatezko irakaskuntza eskaintzeko gaitasuna ematea.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc
Ver esta rueda de prensa
Escuchar esta rueda de prensa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa