(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Cortesko institutua, hamaikagarren First Lego League robotikari buruzko nazioarteko lehiaketako Espainiako finalean ostirala, 2008.eko otsailak 1

Nafarroak lehenengo aldiz hartu du parte mundu osoko 10-16 urteko ikasleengan zientzia eta teknologiarekiko interesa sustatzen duen norgehiagokan


"Cerro de la Cruz" BHIko taldeko bi ikasle errobota erabiltzen, finalaren une batean. ( irudia handitu )

Cortesko "Cerro de la Cruz" BHIko bost ikasleko taldea hamaikagarren gelditu da First Lego League (FLL) lehiaketako Espainiako finalean. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako nazioarteko norgehiagoka da, robotikari buruzkoa, eta aurtengoa, energia baliabideen kudeaketari buruzkoa izan da. Nafarroako taldea urtarrilaren 20an eginen zuten final nazionalean lehiatu zen, Bartzelonako CosmoCaixan, eta bertan parte hartu zuten 61 taldeetako bat izan zen.


"Cerro de la Cruz" BHIko taldeak Paloma Ros irakaslea izan du buru, eta Bigarren Hezkuntzako 4. mailako ikasle hauek osatu dute: Ainhara Arriazu, José Belio, Cristina Guerrero, Diego Rea, eta Iñigo Sánchezek. Aurtengo lehiaketan, Foru Komunitateko beste hiru taldek ere hartu dute parte: Iruñeko Iturrama BHIko bi taldek, eta Corellako Alhama BHIko talde batek.

Hainbat hilabetez lan egin, eta sailkapeneko bi lehiaketatan parte hartu ondoren, Espainiako talde finalistak joan den urtarrilaren 20ko finalean lehiatu ziren. Ikasleek eurek ikasgelan diseinatu, eraiki eta programatutako robot baten bidez, energia berriztagarrien arloko erronkei egin behar izan zieten aurre, eta besteak beste, eguzki plaka bat edo presa hidroelektriko bat ezarri behar izan zuten, eta baita satelite bat abian jarri ere.

Cortesko taldeak egindako robota. ( irudia handitu )

Lehen eta Bigarren Hezkuntzako mundu osoko ikasleengan zientzia eta teknologiarekiko interesa eta hainbat jarrera (hala nola talde lana, berritzaile izateko ahalmena, sormena, eta arazoen ebazpena) sustatu nahi dituen lehiaketa da FLL, eta Nafarroak lehenengo aldiz hartu du parte bertan. Nazioarteko First Lego League norgehiagoka First (euskaraz "Zientzia eta Teknologia Bultzatzeko eta Aintzatesteko") erakundeak sortu zuen, 1998an, eta ikasleek zientziaren eta teknologiaren munduarekiko duten ikuspegia aldatzea du helburu. Programak hainbat jarrera sustatzen ditu 10 eta 16 urte arteko gazteengan, hala nola talde lana, berritzaile izateko ahalmena, sormena, eta arazoen ebazpena.


Nafarroako ikastetxeen parte-hartzea "Ekin abentura robotiko bati" proiektuaren bidez sustatu dute; hots, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europar Zentroaren bidez eta Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioaren sostenguarekin sustatzen duen proiektuaren bidez.


Urtero, irailean, First Lego League lehiaketako antolatzaileek ikerketaren eta teknologiaren arloko erronka jotzen dute, mundu osoan, eta une horretatik aurrera, ikasleek taldean lan egiten dute, irakasle baten laguntzarekin, lehiaketako erronkari aurre egiteko robot bat eraikitzeko. Norgehiagokak hainbat proba izaten ditu: lehenengoan, ingurumenaren arloko hainbat zeregin bete behar izaten dituzte lehiakideek, robota erabiliz; bigarrenean, taldeek proiektu teknikoa aurkezten dute, makinak nola eraiki eta programatu dituzten eta horretarako zer estrategiari jarraitu dioten azaltzeko; amaitzeko, ikasleek energia iturrien erabilerari buruzko ikerketa zientifikoko proiektua defendatzen dute, epaimahaiaren aurrean.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa