(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Hezkuntza Departamentuak nafar etorkinen ondorengoak diren unibertsitarioentzako zortzi beka emanen ditu asteartea, 2008.eko otsailak 5

Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiak zortzi beketarako deialdia egin du. Hain zuzen ere, baliabide ekonomiko nahikorik ez izanagatik Nafarroako unibertsitateren batean ikasi nahi duten nafar etorkinen ondorengoentzako bekak dira, eta horietako bat graduatu ondoko ikasketetarako izanen da. Beste herrialde batzuetako enbaxada, kontsulatu eta eskualdeetako etxeen bidez emanen dute deialdiaren berri.


Beken hartzaileak bi taldetan banatu daitezke: batetik, Nafarroako unibertsitateren batean ikastera etorri nahi duten nafar etorkinen ondorengoak daude; eta bestetik, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren kide den atzerriko ikastetxeren batean ikasi nahi duten nafarrak edo nafarren ondorengoak.


Hurrengo aurrekontuen arabera, laguntzak ikasturtez ikasturte berritzeko asmoa dute, kasuan kasuko titulua eskuratu arte. Nafarroako unibertsitateren batean ikasten ari diren nafarren ondorengoen kasuan, hamar mila euro emanen dizkiete, gehienez ere, kontzeptu guztietarako: bidaiak, egonaldia, izen-ematea eta tasak, materiala, eta egoitza. Zenbatekoa eskaera kopuruaren arabera zehaztuko dute, eta deialdiaren oinarrietan adierazi duten baremo baten araberakoa izanen da, betiere. Beketako bat, gutxienez ere, graduatu ondoko ikasketak egiten ari den onuradun batentzat izanen da.


Bestalde, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren kide den atzerriko ikastetxeren batean ikasten ari diren nafarrei edo nafarren ondorengoei dagokienez, bekaren zenbatekoaren bidez izena emateko gastuak ordaindu ahal izanen dituzte.


Unibertsitateko ikasketak (Diplomatura, Ingeniaritza, Arkitekturako Lizentziatura, Ingeniaritza Teknikoa, edo Arkitektura Teknikoa) egin nahi dituzten ikasleek, edo graduatu ondoko programa ofizialen bat egin nahi dutenek eskatu ahal izanen dituzte laguntzak. Hirugarren Zikloko ikasketak deialditik kanpo daude.


Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegoko zuzendari nagusiak, zerbitzuen zuzendariak, ataleko zuzendariak, eta buruak osatutako batzorde batek ebatziko ditu eskaerak.


Deialdiari buruzko informazioa Nafarroako unibertsitateetara eta ikastetxe ofizialetara igorriko dute, eta baita honako hauetara ere: ehunen bat enbaxadatara, Nafarroak atzerrian dituen ikastetxeetara, Espainiako zenbait elkartetara (Estatu Batuetako, Mexikoko, eta Argentinako elkarteetara), eta azken batean, nafarrak bizi diren gune geografikoetara. Zabalkunderako eskuorri bat argitaratu dute (1.500 ale), eta baita bumeran forma duen orrialde markagailu bat ere.


Eskuorria (PDF formatuan) eta deialdiaren oinarriak mundu osoko unibertsitateetan espainierako ikasketak eskaintzen dituzten berrehun departamentu eta ikastetxe baino gehiagotara bidaliko dituzte, eta baita, Cervantes Institutuko ikastetxe guztietara eta Nafarroako etorkinen elkarteetara ere.


Pedro González Felipe Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zerbitzuko zuzendariaren hitzetan, "etorkizun hobea bilatzeko herria eta familia atzean utzi eta Nafarroaren izena bost kontinenteetara eraman zuten nafar guztien sakrifizioa aintzatetsi nahi du Nafarroako gizarteak".


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa