(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Hezkuntza Departamentua saharar errefuxiatuen esparruetako hezkuntza sistemari laguntza eta sostengu teknikoa emateko proiektu bat prestatzen ari da asteazkena, 2008.eko otsailak 6

Teresa Aranaz Hezkuntza Departamentuko Antolamendu, Kalitate eta Berrikuntzako zuzendari nagusia Nafarroako saharar ordezkariei laguntzeko prest agertu da, eta adierazi duenez, saharar errefuxiatuen esparruetako hezkuntza sistemari laguntza eta sostengu teknikoa emateko proiektu bat egiteko konpromisoa hartu du Departamentuak. Aranazen asmoa da, adierazi duenez, aipaturiko proiektua datorren ikasturtean abian jartzea.


Azaldu duenez, Departamentuan lantalde bat sortu dute, proiektua gauzatze aldera, eta Carlos Cristóbal ari da koordinatzaile lanetan. Gainera, Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseiluak onartu duen 2008ko Jardueren Urteko Planean ere jaso dute konpromisoaren berri.


Teresa Aranazek eta Carlos Cristobalek, Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseiluko kideak, Hezkuntza Departamentuaren ordezkari gisa, Ahmed Salama Nafarroako Foru Komunitateko saharar ordezkari berriari harrera egin diote, gaur goizean, ordezkari berria aurkezteko egiten ari diren protokolozko bileren testuinguruan.


Joan den abenduan, Fronte Polisarioak XII. Biltzarra egin zuen (hots, Nazio Batuen aginduz Saharar Errefuxiatuen Esparruen administrazioaz arduratzen den erakunde politikoak, eta Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoko –RASD- Gobernuaren guneak). Bertan, gobernuko kide berriak hautatu zituzten, eta baita zuzendaritza politiko berria ere. Gainera, aldaketen ondorioz, ordezkari berriak izendatu dituzte Espainiarako eta Autonomia Erkidegoetarako. Gure Komunitateko saharar ordezkariei dagokienez, nafarren eta sahararren arteko adiskidetasun eta elkartasun harremanak sakontzea dute helburu, eta errefuxiatuen esparruekin zerikusia duten gaiak kudeatzen dituzte.


Orain arte Brahim Salem Tarek izan da ordezkaria, baina Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoaren Tanzaniako enbaxadore izendatu dute, eta ondorioz, Ahmed Salama izendatu dute Nafarroako Foru Komunitateko saharar ordezkari (orain arte Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoaren Angolako enbaxadore gisa jardun dena). Gogoan izan behar dugu, 90 herrialdek baino gehiagok (gehienak Afrikakoak) dituztela harreman diplomatikoak Saharar Errepublikarekin, eta gainera, Errepublika Afrikar Batasuneko eskubide osoko kide dela.


Teresa Aranazek agur egin die saharar ordezkariei, eta eskerrak eman dizkie Foru Komunitateko Hezkuntzako arduradunekin hain bizkor biltzeagatik. Adierazi duenez, Saharako agintariek Hezkuntzarekiko duten interesaren isla da hori, Tindufeko errefuxiatuen esparruetako bizi-baldintza latzek hezkuntza sistema normalizatua izatea eragozten badute ere.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa