(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Hezkuntza Departamentuko kontseilaria "Expolingua Paris 2008"n izan da, eremu urriko hizkuntzen kultura hedapenerako urteroko azokan ostirala, 2008.eko otsailak 8

Carlos Pérez Nievas Hezkuntza Departamentuko kontseilaria "Expolingua Paris 2008" azokan izan da aste honetan. Aurtengoa hogeigarren azoka da, hain justu. Otsailaren 6an hasi zen (asteazkenean), eta 9an amaituko da (larunbatean). Kontseilariak, bidaia aprobetxatuz, hizkuntzen irakaskuntzarekin zerikusia duten hainbat erakundetara ere egin ditu bisitak.


Pérez-Nievas kontseilaria Expolingüa azokan

Nafarroako ordezkariak Cervantes Institutuko zuzendari Enrique Camachorekin (bigarrena ezkerretik hasita) Parisen. ( irudia handitu )

Bi hamarkada daramatza Expolingua azokak eremu urriko hizkuntzen kultura hedapenarekin eta hizkuntzen ikaskuntza eta irakaskuntzarekin zerikusia duten liburuak, artikuluak, produktuak eta zerbitzuak aurkezteko bitarteko bikaina izaten. Nazioarteko erakusketaren arrakastaren isla dugu urtero izaten duen parte-hartzaile kopurua. Joan den urteko azokan, esate baterako, hogeita hamar herrialdetako 150 erakusletik gora eta 20.000 bat bisitari bildu ziren erakusketa eremuan. Gainera, parte-hartzaile kopurua handitzen ari da urtetik urtera.


Euskararen Nafar Institutuak, jakina denez, euskara atzerrian sustatzea du helburu, eta Nafarroako Gobernuaren izenean hartzen du parte azokan. Hain zuzen, Nafarroako euskarari buruzko informazioa ematen ari da, 18 metro koadroko erakustokian (datu soziolinguistikoak, deialdiak, eta Nafarroako Gobernuaren 50en bat argitalpen, euskaraz egindakoak edo euskarari buruzkoak). Erakustokian, era berean, informazioa ematen, dibulgazio materiala banatzen, eta Nafarroako turismoari buruzko eskuorriak banatzen ere ari dira.


Nafarroako Gobernuko ordezkaritzako kideak honako hauek dira: Carlos Pérez-Nievas López de Goicoechea kontseilaria (ordezkaritzaren burua), Xabier Azanza Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea, José Luis González kontseilariaren Kabineteko burua, eta Yulen Calvo Euskararen Garapenerako Zerbitzuko zuzendaria. Horiek guztiek harreman eta elkarrizketa ugari egin dituzte egoitza Parisen duten erakundeekin. Esate baterako, gaur egun Enrique Camachok zuzentzen duen Cervantes Institutuan izan dira; bertan, Institutuak eskaintzen dituen euskara ikastaroen egoeraren berri izan dute, eta Departamentuak euskaraz egin dituen azken argitalpenak eman dizkiete, Institutuko liburutegirako. San Vicent de Paúl itunpeko ikastetxera ere joan dira (gaur egun hizkuntzak irakasteko europar atalak dituen ikastetxera), eta baita Frantziako Kanpo Arazoetako Ministerioaren egoitzara ere. Ministerioan, Jean Paul Revaud Kultura eta Hezkuntza gaietako Nazioarteko lankidetzarako zuzendari nagusiarekin eta Jean Paul Martin Frantziako Hezkuntza Ministerioko zuzendari nagusiarekin bildu dira, Nafarroan frantsesa irakasteko, programa elebidunak eskaintzeko, irakasle eta ikasle trukeak egiteko, eta nafar irakasleei prestakuntza eskaintzeko lankidetzan jarduteko aukera aztertze aldera. Bestalde, 2000 ikasletik gora eta programa elebidun indartuak dituen Honore de Balzac ikastetxe-lizeoan ere izan dira, eta baita Pompidou zentroko liburutegian ere. Gainera, liburutegiko agintariei Departamentuak Nafarroako euskarari buruz egin dituen azken argitalpenak eman dizkiete.


Azokan erakustokiak dituzten beste Autonomia Erkidego batzuetako ordezkariekin ere jarri dira harremanetan nafar ordezkariak. Honako hauekin, hain justu: Margarida Tous Balearretako Hizkuntza Politikako zuzendari nagusiarekin; Consuelo Vega Asturiasko Gobernuko Sustapen, Kultura eta Hizkuntza Politikako zuzendariarekin; Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako kontseilariordearekin; Marisol López Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikako idazkari nagusiarekin; eta Bernat Joan Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikako idazkariarekin.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa