(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gobernuak Herritarren Segurtasunerako Udalaz Gaindiko Plana jarriko du abian, Erribera Garaiko alkateekin batera ostirala, 2008.eko otsailak 8

Auto-babesari buruzko informazioa ematea edo prebentzio neurriak ugaritzea, aurreikusitako neurrietako batzuk


Nafarroako Gobernuak eta Erribera Garaiko hamar Udalek (gutxienez ere) Herritarren Segurtasunerako Udalaz Gaindiko Plana jarriko dute abian. Izan ere, Ebro ibaiaren ardatzaren korridoreko herrietan (Nafarroako hego-mendebaldean, Errioxarekiko mugan) herritarren segurtasunik eza areagotzen ari da, eta egoera horri aurre egin nahi diote Planaren bidez. Foru Komunitateak xede horrekin bultzatzen duen lehen programa da. Hala ere, Segurtasun Publikoari buruzko 8/2006 Foru Legean aurreikusitako tresnetako bat da.


Javier Caballero Martínez lehen presidenteorde eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariak hasierako onarpena eman dio, gaur, Planari. Aldez aurretik, bilera egin dute Lodosako Kultur Etxean, eta bertan, Erribera Garaiko alkate eta ordezkariek Planaren zirriborroaren berri izan dute. Lehen batean, orotara ia 30.000 biztanle dituzten hamar herritan izanen du eragina Planak. Honako hauetan, hain justu: Andosilla, Azagra, Cárcar, Elizagorria, Lodosa, Mendabia, San Adrián, Sartaguda, Sesma eta Vianan. Hala ere, inguruko herriek ere izanen dute Planari atxikitzeko aukera. Hain zuzen, Leringo Udaleko ordezkariek ere parte hartu dute gaurko bileran.


Planak Foruzaingoaren eta Udaletako segurtasun zerbitzuen ahaleginak bateratzen ditu, eta Estatuko Administrazioari ere gonbit egiten dio Segurtasun Indar eta Kideen bidez parte hartzeko. Xede horretarako, gaur behin behinean onartu duten dokumentua Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzara bidali dute, iradokizunak eta oharrak egin ditzan. Caballero kontseilariari dagokio Plana onartzea, Foru Agindu baten bidez.


Gaur aurkeztu duten zirriborroaren arabera, azkeneko hilabeteetan aipaturiko eremuko herritarren segurtasunik eza areagotu egin da, "objektiboki zein subjektiboki". Ikuspegi subjektiboari dagokionez, Erribera Garaiko herritarren eta alkateen iritziz delituak ugaritu egin dira (batik bat indarra erabiliz gauzetan egindako lapurretak, jabetza publiko eta pribatuetan).


Dokumentuko hitzaurrean adierazi dutenez, "egoera hori dela-eta, herritarrak asaldatuta daude eta segurtasunik eza hautematen dute, eta ondorioz, beharrezkoa da agintariek eta segurtasun zerbitzuek erantzutea, normaltasuna eta lasaitasun publikoa berreskuratuko badira". Gainera, segurtasun publikoko zerbitzuen ohiko jardueraz gain, ekintza "bereziak" ere beharrezkoak dira, behar bezala planifikatutako helburu eta jardueren gaineko ahalegin guztiak bateratzeko.


Udalek Plana hobetzeko proposamenak aurkeztu ahal izanen dituzte, eta horretarako epea ere hitzartu dute. Segurtasunerako tokiko batzordeek, herritarren segurtasunerako tokiko kontseiluek, eta udaltzaingoek ere egin ahal izanen dituzte proposamenak.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa