(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Ogasunak hamar bat sektore ekonomikotan jarriko du arreta aurtengo zerga ikuskapenean astelehena, 2008.eko otsailak 11

2008ko planean aholkularitzak, ostalaritza eta desinfektatze zerbitzuak sartuko dituzte, berritasun gisa, eta higiezinen sektorea, ibilgailuen tailerrak eta metalaren, kautxuaren eta plastikoaren industriak mantenduko dituzte


Nafarroako Zerga Ogasunak sektore ekonomiko jakin batzuetan jarriko du arreta aurtengo zerga ikuskapenetan. Honako hauetan, esate baterako: higiezinen sektorean, ibilgailuen tailerretan, ostalaritzan, handizkako saltokietan, zenbait industriatan (metalaren, kautxuaren, plastikoaren eta zuraren industrian, esaterako), aholkularitzetan edo desinfektatze zerbitzuetan.


Lehentasunezko ekintza arloak eta jarduteko irizpide orokorrak 2008ko Zerga Ikuskapenen Planean zehaztu dituzte. Plana José Ignacio Pérez de Albéniz Andueza erakunde autonomoko zuzendari kudeatzaileak onartu du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dute, gaur.


Lehentasunezko arloak


Planean zehaztu dutenez, sektore gehiagoren zerga portaera aztertuko dute aurten. Estreinakoz aztertuko dituzten jardueretako batzuk honako hauek izanen dira: ostatu eta jatetxe zerbitzuak, arrainen eta produktu zoosanitarioen handizkako merkataritza, eta desinfekzio, errauste eta zaborren ezabatze zerbitzuak eta ingurumena babesteko, sute eta istripuetatik babesteko eta saneamenduko zerbitzuak.


Enpresetarako zerbitzuak ere estreinakoz aztertuko dituzte 2008an (zerbitzu juridikoak, teknikoak, publizitatea eta harreman publikoak, datuak ustiatzeko zerbitzuak, merkatuaren azterlanak eta beste zerbitzu batzuk).


Gainera, aurten ere lehentasunezkotzat joko dituzte honako sektore hauetako ikuskapenak: higiezinen sektorekoak (sektorea oso-osorik hartuta, eta zoladura eta isolamendu jarduerei arreta berezia eskainita); ibilgailuen tailerrak (batik bat txapa eta pintura lanak egiten dituztenak); eta metalaren, kautxuaren, plastikoaren eta zuraren industriak.


Era berean, zergadun handiek egindako garrantzizko eragiketak egiaztatzen jarraituko dute, eta arreta berezia eskainiko diote iruzur antolatuaren ikerketari (batez ere BEZarekin, zerga bereziekin, Europar Batasunaren barneko trafikoarekin, eta faktura faltsuekin zerikusia duen iruzurraren ikerketari).


Jarduera ildoak eta helburuak


2008ko jarduera ildoei dagokienez, Zerga Iruzurraren Aurkako Plana lantzeko asmoa nabarmendu behar dugu.


Gainera, zergadunak hautatu eta zerga arriskuak atzemateko tresna berriak sortzea aurreikusten du Zerga Ogasunak, eta horretarako, informazio biltegiak eta teknologia berriak erabiliko ditu. Orobat, gainerako zerga administrazioekiko, polizia kidegoekiko, fiskaltzarekiko eta organo judizialekiko elkarlana ere indartuko dute, zerga iruzurrik larrienari aurre egitearren.


Beste helburu batzuk honako hauek dira: zergadunen lokaletan bertan egiaztapenak egin eta informazioa bildu dadin sustatzea, eta iruzurraren aurka borrokatzeko lankidetza hitzarmenak sustatzea beste erakunde batzuekin, profesionalen elkarteekin eta enpresetako ordezkariekin.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa