(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Itoitz Fundazioak 1,8 milioi euroko inbertsioa eginen du aurten, urtegiaren ingurua dinamizatzeko 10 proiektutan asteartea, 2008.eko otsailak 12

Miranda kontseilariak jarduera plana aurkeztu du, eta besteak beste, nazioarteko norgehiagoketarako ur zentro bat eginen dute Nagoren


Itoitz-Nafarroako Ubidea Fundazioak 1,8 milioi euroko inbertsioa eginen du 2008an, urtegiaren ingurua dinamizatzeko 10 proiektutan. Gaur Álvaro Miranda Simavilla bigarren presidenteorde eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontseilariak azaldu duenez, aurreikusitako jardueren helburuak bi izanen dira: tokiko azpiegiturak hobetzea eta inguruaren erakargarritasuna handitzea (turismoaren, kirolaren eta ingurumenaren ikuspuntutik).


Miranda kontseilariak eta Iñaki Cortés Martinicorena Itoitz-Nafarroako Ubidea Fundazioko presidenteak inguruan aurreikusitako esku-hartzeak aurkeztu dituzte, gaur goizean, Nagoren egin duten prentsaurrekoan. 2008ko planaren baitan, dagoeneko egiten ari diren zenbait lan amaituko dituzte. Esate baterako, VINSA (Nafarroako Etxebizitzak, S.A.) araubide orokorreko babes ofizialeko 49 etxebizitza eraikitzen ari da Agoitzeko lursail batean, eta lan horiei dagokien urbanizazioa aurten amaituko dute. Gainera, Artzibarko herri txikietako batean, Zaraguetan, Erakusketa Areto – Gune soziokulturala (Saragüeta: gentes de película) zabalduko dute.


Era berean, Azparrengo (Artzibar) pilotalekua estaltzeko eta Kontzejuko Etxea zaharberritzeko lanak amaituko dituzte. Lanak Azparrengo Kontzejuaren eta Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren arteko lankidetzaren bidez ari dira egiten. Uritzeko Dorrea landa hotela eraikitzeko lanek ere aurrera eginen dute. Vianako Printzea Erakundearen lankidetzarekin egiten ari diren lanak dira, hain zuzen ere.


Laguntzak Udalei eta herritarrei


2008an, Fundazioak laguntzak emanen dizkie Patronatuko kide diren toki erakundeei, tokiko azpiegituretarako 17 proiektu gauzatzeko (sareak, argiztapena eta zoladura berritzeko). Laguntzak honako erakunde hauek jasoko dituzte, hain justu: Arrieta, Espotz, Imizkotz, Lusarreta, Zaragueta eta Uritzek, Artzibarren; Aos eta Artaxok, Longidan; eta Orotz-Beteluk eta bertako Olaldea auzoak.


Era berean, Itoitzeko urtegiaren inguruko biztanleei sostengua emateko jarduera bat eginen du Fundazioak, eta horretarako, 4 laguntza mota emanen ditu: inbertsioak autonomo eta mikroenpresei begira; argitalpenen edizioa; jarduera soziokulturalak; eta mugikortasuna behar handia duten taldeei begira.


Kultura eta turismo arloko dinamizazioari dagokionez, honako hauek aurreikusten ditu Fundazioak: Orotz-Beteluko errota zaharrari merezi duen balioa emateko proiektua idaztea, bi argitalpen egitea (bat turismoari buruzkoa, eta bestea etnografiari buruzkoa), eta urtegiaren iparraldea turismoaren ikuspuntutik kudeatzeko eta dinamizatzeko sistema bati sostengua ematea.


Dagoeneko adierazi dugunez, Fundazioak 1,8 milioi euroko inbertsioa eginen du aurten, 10 proiektutan. Zenbatekoaren gehiengoa Nafarroako Gobernuak finantzatuko du.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa