(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Sarasateren heriotzaren mendeurreneko ekitaldiei buruzko informazioa bilduko duen weba aurkeztu dute asteazkena, 2008.eko otsailak 20

Juan Ramón Corpas Mauleón Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak, Yolanda Barcina Iruñeko alkateak eta Iñaki Gordejuela Kultura eta Turismo Departamentuko Programazio Artistikoen Saileko buruak Pablo Sarasateren heriotzaren mendeurreneko ekitaldiei buruzko informazioa bilduko duen weba aurkeztu dute.


Pablo Sarasate

Pablo Sarasate.

Aipatu webgunea ondoko helbide honetan kontsultatzen ahal da: http://www.cfnavarra.es/centenariosarasate/eu/


Mendeurreneko ekitaldien berri emateaz gain, eduki iraunkorra ere izanen du webak, nafar biolinistarik unibertsalena ezagutzeko balio handiko informazioa.


Sarasateren biografiaz eta bere lanei buruzko katalogoaz ari gara, hain zuzen. Katalogoa egiteko hiru irizpide hartu dituzte kontuan: kronologia, gaiak eta Sarasatek konposatu zituen lanak. Kronologiari dagokionez, biolinistak 1862tik 1908ra bitarte egin zituen 54 lanen berri ematen dute webean. Gaiari dagokionez, berriz, Luis Gracia Ibernik egindako sailkapena hartu dute kontuan, lau estiloren araberako sailkapena: operako fantasiak eta oroitzapenak; frantziar erako areto lanak; Europako musika herrikoiari buruzko konposizioak; eta hispaniar folklorean oinarritutako konposizioak.


Web orrian, era berean, irundar biolinistaren diskografia eta bibliografia ere aurki daitezke.


Hartara, informazio zehatza eskaini nahi zaie Sarasate ongi ezagutu nahi dutenei, baina weben dibulgazio zeregina ahaztu gabe.


Webgunearen diseinuari eta egiturari dagokionez, Nafarroako Atarian integratzeko moduan antolatu dute. Horregatik, Nafarroako atariaren arauekiko koherentziari eutsi diote (ikusizko eta arkitekturaren araberako koherentziari).


Gainera, mendeurrenaren izaera historiko-oroimenezkoa eta Interneten bidezko komunikazioaren modernitatea uztartu nahi izan dituzte. Weba irudiztatzeko musikariaren bizitzako argazkiak aukeratu dituzte, orain arte jendaurrean erakutsi izan ez direnak.


Jardueren programari dagokionez, Sarasateren heriotzaren mendeurrena dela-eta Kultura eta Turismo Departamentuak zein Iruñeko Udalak eginen dituzten ekitaldi guztiei buruzko informazioa zintzilikatuko dute, eta hamabostean behin eguneratuko dute. Biolinista ospetsuari omenaldia egin nahi dioten kultur erakundeek antolatuko dituzten ekitaldiei buruzko informazioa ere zintzilikatuko dute.


Weba Interesa Consultores S.A enpresak sortu du, eta testuak Heda Comunicación enpresak idatzi ditu. Orriaren gastuak Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuak ordaindu ditu. Guztira 17.000 euro izan dira, webeko informazioaren gainean 2008an hamabostean behin eginen dituzten eguneratzeak barne.


Webgunearen ezaugarrietako bat berorren erabilgarritasuna da. Bertan, Interneteko erabiltzaileek erraz identifikatu ahal izanen dituzte ekitaldi nagusiak, erraz erabili ahal izanen dituzte eduki guztiak, eta azken batean, nabigazioa erraza izanen da, intuiziozkoa.


Pablo Sarasateren heriotzaren mendeurreneko webaren irisgarritasunari dagokionez, Interneteko Nazioarteko Partzuergoak (W3C) finkatutako A bikoitzaren estandarra (AA) du webak; hots, irisgarritasunaren maila aski ona da. Ezinduek kontsultak egitea ahalbidetzen du, programazioko estandarrekin kodetua dago, eta hainbat gailutan proiektatu daiteke (hainbat tamainako pantailetan, sakelako telefonoetan, etab.). Webgunea, aurki, euskaraz, ingelesez eta frantsesez ere kontsultatu ahal izanen da.


Edukiak sindikatzeko tresna (RSS) ere badu webguneak, berritasunen jarraipena erraztu eta Interneteko hedapena eraginkorragoa izan dadin ahalbidetzen duen tresna. Bestalde, aurreikuspenen arabera, musika fitxategiak ere sartuko dituzte, eta batzuk zuzenean entzunen dira web orrian sartzean.


Weba sortzeko, programazioko .asp (Active Server Pages) hizkuntza erabili dute.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa