(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Feng Yan txinatar zuzendariaren "Bingai" filmak irabazi du 10.000 euroko Punto de Vista Sari Nagusia ostirala, 2008.eko otsailak 22

Zuzendari Onenaren Jean Vigo Saria Tatsuya Yamamotorentzat izan da, "Her Dear Old House" lanarengatik


Bingai

Bingai filmaren fotograma. ( irudia handitu )

Feng Yan txinatar zuzendariaren Bingai filmak irabazi du bihar amaituko den "Punto de Vista" Zinema Dokumentalaren Nafarroako Jaialdiko Sari Nagusia (10.000 euro). Zuzendari Onenaren Jean Vigo Saria (5.000 euro), berriz, Tatsuya Yamamotorentzat izan da, Her Dear Old House lanarengatik. Rafal Skalskiren 52 Percent lanak Film Labur Onenaren Saria lortu du (3.500 euro), eta Ikusleen Sari Berezia (2.500 euro) Stuart Urbanen Tovarisch, I am not Dead filmarentzat izan da. Amaitzeko, Aipamen Bereziak (1.000 euro bakoitzak) Morgan Dewsen Must Read after my Death eta Vardan Hovhannisyanen A Story of People in War and Peace lanentzat izan dira.


Epaimahaiaren aktan nabarmendu dutenez, "Bingai filma, emakume baten erretratu indartsuaren bidez, Hiru Arroiletako Presaren eraikuntza dela-eta etxea utzi behar izan duten txinatar nekazarien giza drama eta deslokalizazioa islatzeko gai da", eta horrexegatik eman diote Punto de Vista Sari Nagusia txinatar filmari. Bai eta zuzendaria gai izan delako zinemaren bidez egoeraren dialektika politikoaren berri emateko. Feng Yan Tianjinen jaio zen, Txinan. Japoniar literaturako ikasketak egin zituen, eta hamahiru urtez Japonian bizi izan da. 1994an landa eremuko Txinari buruzko dokumentalak egiten hasi zen, eta batzuk zenbait jaialditan hautatu izan dituzte, hala nola Yamagata International Documentary Film Festival, Taiwan International Documentary Festival edo China Documentary Film Festival delakoetan.


Zuzendari Onenaren Jean Vigo Saria Tatsuya Yamamotok irabazi du, Her Dear Old House / Bere etxe zahar baliotsua dokumentalarengatik. Epaimahaiak nabarmendu duenez, "kemen izugarriarekin bizimodua errotiko aldatu behar izan duen emakume zaharraren erretratua kalitate handikoa da, zinemaren eta gizatasunaren ikuspuntutik". Tatsuya Yamamoto, Tokioko Chuo Unibertsitatean titulua lortu ondoren, Dentsu Film konpainian hasi zen lanean, eta bertan, Junichi Segawa ezagutu zuen, Japoniako kameralari ezagunenetako bat. Segawaren lana ikusi zuenean, dokumentalak egiteko prozesuak liluratu egin zuen. 2000ko maiatzean konpainia utzi zuen, eta harrezkero, 6 urte eman ditu lehenengo filma egiten, 16 milimetroan filmatutako dokumentala egiten.


Film Labur Onenaren Saria Rafal Skalskiren 52 percent / Ehuneko 52 lanarentzat izan da, "dantzari gazte baten bizimodu profesional eta pertsonaleko funtsezko une bat kontatzeko egindako eszenaratzearen zorroztasunarengatik". Rafal Skalski Varsovian jaio zen, 1985ean, eta Poloniako Lodz hiriko Zinema, Telebista eta Antzerkiaren Eskola Nazionalean hirugarren maila egiten ari da.


Ikusleen Sari Berezia Stuart Urbanen Tovarisch, I am not Dead filmarentzat izan da. Garri Urbanen bidaia kontatzen duen filma da, sobietarren jazarpenetik eta juduen Holokaustotik bizirik atera zen lagunaren bidaia. Garri Urban, SESB desagertu ondoren, bere istorioaren gertalekuetara itzuli da, semearekin. Stuart Urban Ingalaterran jaio zen, 1959an. Lehenbiziko filma 13 urte zituenean egin zuen. Cannesko Jaialdian eman zuten, eta Britainia Handiko National Film Archive Artxiboan dago. Gidoilari, zinemagile eta ekoizle aritu da, BBC, HBO eta beste telebista kate batzuetan.


Morgan Dewsen Must Read after my Death / Irakurri ni hil ondoren lanak Aipamen Berezi bat jaso du, "familia baten istoriotik abiatuta etxekoandreek XX. mendearen erdialdeko Ipar Ameriketako gizartean duten rolaren erretratu kezkagarria egiteko gai izateagatik". Morgan Dews, zinemagile eta artista, Bartzelona eta New York artean bizi da. Ekoizpen komertzialean egin zuen lan, Espainian. 2006an, Sundance Producers Conference delakoan onartu zuten, eta bertako tailerretan parte hartu zuen, Cara Mertes eta Sunmin Parkekin batera. Europan barrena egin dituen bidaiei buruzko ikusizko eleberria lantzen ari da. Vardan Hovhannisyanen A Story of People in War and Peace Peace / Gerran eta bakean bizi den jendearen istorioa lanak beste Aipamen Berezi bat jaso du, "gerra garaian filmatutako materialaren kalitate bikainarengatik, eta pertsonaien giza profila nabarmentzeko gaitasunarengatik".


Vardan Hovhannisyan Bars Media ekoizpen enpresaren sortzailea da, eta hamar urtetik gora aritu da zuzendari, ekoizle eta kameralari, CBS News eta mundu osoko beste telebista kate batzuetan. Nazioarteko Dokumentalaren Elkarteko eta Ingurumen arloko Kazetarien Nazioarteko Federazioko kide da.


Aurtengo "Punto de Vista" Jaialdiko epaimahaiko kideak honako hauek izan dira: Josetxo Cerdán, Ross McElwee, Luciano Barisone, Carmen Cobos eta Marcel Lozinski.


Jaialdiari amaiera emateko gala gaur eginen dute, otsailaren 22an, 19:30ean, Civican aretoan. Sariak bertan banatuko dituzte, eta Juan Ramón Corpas Mauleón Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria ere bilduko da ekitaldira. Aurkezlea Elvira Obanos kazetaria izanen da, eta Jokin Zabalza (baxu elektrikoa), Javier Olabarrieta (pianoa), Miguel Villar (saxofoi tenorra) eta Hasier Oleaga (bateria) musika jotzen jardunen dira. Gala Canal 4 Localia katean emanen dute.

Dokumentazioa:
Acta del jurado

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa