(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gobernua herritarrentzako jakinarazpen telematiko seguruak igortzen hasi da, posta elektronikoz astelehena, 2008.eko otsailak 25

Orain artean Correos posta zerbitzuaren bidez eta hartu izanaren adierazpenaren sistemari jarraituz egiten ziren jakinarazpenen balio bera izango dute


Herri Administrazioetako Ministerioak eta Sociedad Estatal de Correos y Telégrafos S.A. elkarteak herritarrei posta elektronikoz jakinarazpen telematikoen zerbitzua eskaintzeko sinatu zuten lankidetza hitzarmenarekin bat egitea erabaki du, gaurko saioan, Nafarroako Gobernuak. Zerbitzua aurten jarriko dute indarrean, eta 2008 guztian 16.800 euroko kostua izango duela kalkulatu dute.


Hitzarmena sinatu ondoren, jakinarazpenetarako sistema hori zer prozedura administratibotan erabiliko den zehaztu behar dute gobernua osatzen duten departamentuek. Edonola ere, sistema berria erabiltzeko baimena eman beharko dute espediente bakoitzean interesdun diren herritarrek edo eskariren bat egiten dutenek. Baimena emanez gero, herritarrek beren posta elektronikoko helbidean jasoko dute jakinarazpena, orain arte bezala Correoseko langileek paperean, gutun sinestamendatu modura eta hartu izanaren adierazpenaren sistemari jarraituz eman ordez.


Jakinarazpen telematikoez gainera, Foru Administrazioak jakinarazpena egiteko ohiko bide hori ere erabiltzen jarraituko du, eta balio bera izango dute nola batek hala besteak. Berdin-berdin bermatuko dituzte biek isilpekotasuna eta segurtasuna.


Nafarroako Foru Komunitatean Administrazio Elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2004 Foru Legearen xedea herritarrei administrazio elektroniko eraginkorra eskaintzea da; horretarako, teknika eta baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak ezarri beharko ditu, pixkanaka, prozedura administratiboen izapideei eta barne eta kanpo harremanei begirako teknologia aurrerapenak egin ahala.


Bestalde, Sociedad Estatal de Correos y Telégrafos S.A. elkarteak berea du, legearen arabera, jakinarazpen administratibo eta judizialetarako eskubide berezi eta esklusiboa. Elkarte horrek eta Administrazio Publikoetako Ministerioak, jakinarazpenak balioduntzeko aplikazioa kudeatzen duenak, lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten, zerbitzuaren prestaziorako baldintzak finkatzeko; hain zuzen ere, jakinarazpenak segurtasun baldintzak betez eta helbide elektroniko bakar baten bidez egiteko. Akordio horrek autonomia erkidegoek eta toki erakundeek ere hitzarmenarekin bat egiteko aukera aurreikusten du.


Nafarroako Gobernuaren arabera, eta gaur onartutako hitzarmenean adierazitakoaren arabera, sistema berriak urtean 16.800 bat euroko kostua izango du, baina azken buruko kostua sistema horren bidez egindako jakinarazpen telematikoen kopuruaren araberakoa izango da. Sistema hori beren gain hartzen duten gobernu departamentuek bakoitzari dagozkion zenbatekoak jarri beharko dituzte Lehendakaritzaren Zuzendaritza Nagusiaren eskura.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa