(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak mendekotasuna duten pertsonendako eta haien familiendako laguntzak zabalduko ditu aurten asteartea, 2008.eko otsailak 26

García Malo kontseilariak azaldu du zein diren 2008ko deialdiaren berritasunak, besteak beste mendekotasun handi eta larriko egoeretarako gutxieneko laguntzak eta arreta pertsonala izateko laguntzak


Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilari María Isabel García Malok gaur iragarri duenez, Nafarroako Gobernuak mendekotasun egoeretarako laguntzak zabalduko ditu, mendekotasun handiko eta 2. mailako mendekotasun larriko kasuetarako gutxieneko laguntzak, errenta eta ondarea kontuan hartzen ez dituztenak, eta arreta pertsonalerako beste batzuk ere ezarriz. García Malok prentsaurreko bat eman du gaur goizean, mendekotasuna duten pertsonen zainketarako eta familia zaintzaileei sostengua emateko laguntzen 2008ko deialdiaren ezaugarri berriak azaltzeko. Deialdi horren gastua 24.698.897 eurokoa izanen da.


Deialdiak hiru modalitate ditu aurten. Haietako lehena 2007an jarri zen abian aurrenekoz, familian zainketak emateko laguntzak eskaintzeko, mendekotasuna duten pertsonei eta familia zaintzaileei zuzenduta, bi aukerarekin: zerbitzu bat edo pertsonak kontratatzea edo familiako batek ematea zerbitzu hori. Modalitate honetako laguntzak eguneratu egin dira, eta zehazki kopuru hauek egiten dituzte: 786 euro hilean gehienez eta 385 gutxienez, zerbitzu edo pertsona bat kontratatzeko, eta 591 euro hilean gehienez eta 385 gutxienez, zaintzailea familiako bat den kasurako.


Laguntzen bigarren modalitatea aurtengo berritasunetako bat da; Autonomiarako eta Mendekotasunari Arreta emateko Sistemaren araberako mendekotasun handiko eta 2. mailako mendekotasun larriko egoeran dauden pertsonen zainketa du helburu. Sistema hori abenduaren 14ko 39/2006 Legeak (Mendekotasunaren Legea), ezarri zuen, administrazio publiko guztien lankidetza eta partaidetza ahalbidetzeko eta eskura ditugun baliabide publikoak eta pribatuak optimizatzeko, mendekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia pertsonala eta haientzako laguntza sustatzeko helburuarekin.


Bigarren modalitate horren onuradun izan nahi duten pertsonek administrazio publiko eskudunak mendekotasun egoera hauetako bat aitortuta izan beharko dute: III. gradua: mendekotasun handia, 2. mailakoa; III. gradua: mendekotasun handia, 1. mailakoa; edo II. gradua: mendekotasun larria, 2. mailakoa. Onuradunek 258,75 euro jasoko dute hilean 2. mailako mendekotasun handiko egoerarako; 175,95 euro hilean 1. mailako mendekotasun handiko egoerarako, eta 100 euro hilean, 2. mailako mendekotasun larriko egoerarako. Laguntza hauetarako erabili den irizpidea mendekotasun maila da, ez onuradunen ahalmen ekonomikoa. Hau da, ez da kontuan hartzen ez errenta ez ondarea, eta hori da modalitate honen ezaugarri berria.


Hirugarren modalitatea ere estreinakoz ezarri da aurten. Mendekotasun handiko egoeretan autonomia bultzatzeko laguntza pertsonalerako diru laguntzak dira. Helburua da laguntza pertsonala kontratatzen laguntzea, zenbait ordutarako, onuradunak aukera izan dezan hezkuntza, lana eta bizimodu autonomoagoa edukitzeko eguneroko eginbehar arruntetan. Laguntza modalitate honen onuradunek III. graduko mendekotasuna eduki beharko dute aitortuta (mendekotasun handia), 1go edo 2. mailakoa, eta soldatapeko lan bat egiten, Gizarte Segurantzan alta emanda, edo edozein motatako irakaskuntza arautuan ikasten egon. Era berean, onuraduna izateko laguntzaile pertsonal bat kontrataturik eduki beharko da, gutxienez 120 ordu hilean. Hirugarren modalitate honetan, laguntzaren zenbatekoa, hilean, 700 eurotik 1.400 eurora bitartekoa izanen da.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc
Vídeo de esta rueda de prensa
Audio de esta rueda de prensa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa