(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Hezkuntza Departamentuak diru laguntzen deialdia egin du, ikastetxeetan eta udal musika eskoletan hobekuntza lanak egiteko asteartea, 2008.eko otsailak 26

Hezkuntza Departamentuak Nafarroako udalerri eta kontzejuetarako diru laguntzen deialdia egin du. Laguntzak Haur Hezkuntzako 2. Zikloko, Lehen Hezkuntzako, eta Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxe publikoetako eta Udal Musika Eskoletako eraikinetan edo instalazioetan hobekuntza, handitze eta birmoldaketa lanak egiteko izanen dira.


Aipaturiko eraikinen titular diren toki erakundeek, udalerriek edo kontzejuek eskatu ahal izanen dituzte laguntzak. Haur Hezkuntzako 2. Zikloko, Lehen Hezkuntzako, eta Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxeetako eta Udal Musika Eskoletako eraikinak edo instalazioak hobetzeko, handitzeko edo birmoldatzeko 2008an egindako lanetarako laguntzak izanen dira, hain justu.


Era berean, 2007an egindako lanetarako ere emanen dituzte diru laguntzak, baldin eta iaz diru laguntzarik jaso ez zuten lanak badira. Salbuespen gisa, 2007an presaz eta nahitaez egindako lanek ere jaso ahal izanen dituzte laguntzak. Laguntzak ez dira izanen ohiko mantentze lanetako eta konponketetako gastuetarako.


Diru laguntzen ehunekoa ikastetxe edo jarduera motaren araberakoa izanen da. Hartara, Haur Hezkuntzako 2. Zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek eta Musika Eskolek proiektuaren zenbatekoaren %65 jasoko dute gehienez ere. Hala ere, inguruabarrak direla-eta lanak egitea premiazkoa denean eta Udalak edo Kontzejuak finantzaketa arazoak dituenean, diru laguntza aurrekontuaren %80koa izan daiteke, gehienez ere.


Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxeetako bulego edo instalazio komunen edo erabilera partekatua dutenen kasuan, lanen zenbatekoaren %80 jasoko dute gehienez ere. DBHko ikastetxeek bakarrik erabiltzen dituzten bulego edo instalazioetako lanei dagokienez, berriz, aurrekontuaren %100eko diru laguntza jaso ahal izanen dute. Amaitzeko, eskolako beharrizanetarako erabiltzeaz gain uda-gizarte mailako interesekotzat jotzen diren instalazioen kasuan, inbertsioaren %50eko diru laguntza baino ez dute jaso ahal izanen. Beste Herri Administrazio batzuetako laguntzak jaso dituzten lanen kasuan, zenbatekoa Hezkuntza Departamentuak emandako laguntzatik kenduko dute. Banakako diru laguntzen gehienezko zenbatekoa 1.000.000 €-koa izanen da.


Eskaerak toki erakundeetako legezko ordezkariek aurkeztu beharko dituzte, eta Hezkuntza Komunitateak (ikastetxeetako zuzendariek, irakasleek, gurasoen elkarteek, etab.) egindako edozein eskaera ordezkari horiek bideratuko dute.


Eskari-orriak Hezkuntza Departamentuko Obra eta Mantentze lanetako Zerbitzuari helarazi beharko zaizkio. Era berean, honako hauek ere helarazi beharko zaizkio: proiektu tekniko eguneratua, eta lanen txosten baloratua edo aurrekontua; lanak egin nahi diren eraikinaren edo lurren jabetza frogatzen duen dokumentua, edo alokairuko kontratua; lanen onespenari buruzko Udal erabakia; idazkariaren ziurtagiria, non toki erakundeak kasuan kasuko zenbatekoari aurre egiteko adinako zuzkidura ekonomikoa duela ziurtatzen den; ikastetxeko Eskola Kontseiluaren adostasun txostena; diru laguntza jaso duten instalazioen geroko funtzionamendu eta mantentze gastuak toki erakundeak bere gain hartuko dituela adierazten duen konpromisoa; eta obrek dirauten bitartean irakasleak eta ikasleak behin-behineko lokaletara lekualdatzeko gastuei aurre egiteko konpromisoa.


Eskaerak martxoaren 15era arte egin ahal izanen dira, Nafarroako Gobernuko edo Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean. Obra eta Mantentze lanetako Zerbitzuko teknikariek bidezkotzat jotzen dituzten ikustaldi guztiak egin ahal izanen dituzte, lanek dirauten bitartean edo amaitu ondoren.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa