(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

"La Trufa.- Guía de truficultura" liburua aurkeztu dute Metautenen, eta Sanzberro kontseilaria ekitaldira bildu da asteazkena, 2008.eko otsailak 27

Nekazaritza Kudeatzeko Institutu Teknikoak (ITGA) -Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari atxikitako sozietate publikoak- "La Trufa.- Guía de truficultura" (Boilurra – Boilurgintzaren gidaliburua) liburua argitaratu du. Egileak Raimundo Sáez García-Falces eta Ana María de Miguel Velasco dira, eta gaur aurkeztu dute, Metautengo Boilurraren Museoan. Begoña Sanzberro Iturriria kontseilaria ekitaldira bildu da.


Liburuaren portada

Liburuaren portada. ( irudia handitu )

Egileek adierazi dutenez, "boilurraren mundu misteriotsu eta zirraragarria" ezagutu nahian gisa horretako lanetara hurbiltzen direnen jakin-mina ase nahi izan dute liburuaren bidez.


Liburuak hamar kapitulu ditu, eta bertan, boilurrekin zerikusia duten alderdirik garrantzizkoenak jorratu dituzte egileek. Hartara, lehenengo kapituluan, sarreran, boilurraren egoera aztertu dute (Europan, Espainian eta Nafarroan). Bigarren kapituluan, berriz, Europako boilur espezieak deskribatu dituzte, eta baita boilurraren ziklo biologikoa, garapena eta elikadura ere. Hirugarren kapituluan honako hauek aztertu dituzte: klima, boilurra hazten den lurzoruaren ezaugarriak, topografia eta norabidea, boilurrarekin lotutako paisaia, landareak eta flora, eta tuberaceae familiako onddoaren presentzia adierazten duten espezieak (zenbait zuhaitz espezierekin du harremana boilurrak, batik bat artearekin eta haritzarekin). Era berean, "eremu errea" deskribatu dute, boilur zuhaitzen inguruan agertzen den eremu zentrokidea (bertan agertzen dira ia boilur guztiak).


Laugarren kapituluan, boilurrak hazteko teknikak eta boilur sailen maneiua aztertu dituzte. Honako gain hauek jorratu dituzte, besteak beste: lurzoruaren hautaketa eta prestakuntza, boilurrak hazteko gehien erabiltzen diren zuhaitz espezieak (artea, haritza eta hurritza), landare boilurdunen produkzioa, edo boilur sailen dentsitatea eta ureztapena. Zehazki, boilur naturalek nabarmen egin dute behera Espainian azkeneko hamarkadan, lehortea dela-eta (besteak beste). Horregatik, nahitaezkoa da udan sailak ureztatzeko ura izatea.


Bosgarren kapitulua, boilurraren mikorrizei buruzkoa da. Garrantzi handiko gaia da; izan ere, boilurra onddo sinbiosigileen taldekoa da. Horregatik, zuhaitz espezie batzuen (arte, haritz edo txaparren) azken sustraiekin bat egin behar izaten du, eta ezin da bizi horiek gabe. Sinbiosi bidezko lotura horri mikorriza esaten zaio.


Seigarren kapitulua, boilur beltzaren ekoizpenari buruzkoa da. Egileek gaiari buruzko zenbait berezitasun deskribatu dituzte. Besteak beste, boilurraren ekoizpena zuhaitzak landatu eta handik urte batzuetara hasten dela esan dezakegu. Zazpigarren kapituluan, Nafarroako boilurra aztertu dute, eta ikerketa, esperimentazio eta prestakuntzari buruzko atalak ditu. Zortzigarren kapituluan, boilurrak gastronomian duen garrantzia aztertu dute; izan ere "diamante beltza" esan ohi diote. Boilurra mantentzeko metodoak azaltzeaz gain, produktu boilurdunen berri eman dute egileek (olioa, arrautzak, gazta, eta foie-grass), eta zenbait errezeta bildu dituzte (arkumea, oilaskoa eta aratxea boilurrarekin).


Amaitzeko, bederatzigarren kapituluan, boilurgintzak ekonomiaren, gizartearen eta ekologiaren arloetan egiten dituen ekarpenei buruzko gogoeta egin dute, eta hamargarren kapituluan, berriz, boilur beltzaren ekoizpenaren azterketa ekonomikoa egin dute (gastuak, irabaziak, eta azken batean, emaitza ekonomikoak).


"La Trufa.- Guía de truficultura" liburuaren egileak, lehenago esan dugun moduan, Raimundo Sáez García-Falces eta Ana María de Miguel Velasco dira. Lehenengoa, nekazaritzako ingeniari teknikoa da, eta ITGA Institutuko aholkulari tekniko gisa egiten du lan, Lizarrako eskualdean. Bigarrena, berriz, Zientzietan Doktorea da, eta botanikako irakasle jarduten da, Nafarroako Unibertsitateko Zientzien Fakultateko Landare Biologiaren Departamentuan. Liburuak 132 orri ditu, eta koloretako argazki asko sartu dituzte, irakurleek testua errazago ulertu ahal izateko. 500 ale argitaratu dituzte, eta 15 €-ren truke egonen dira salgai.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa