(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Herritarrek banku eta kutxa gehiago erabili ahal izanen dituzte, aurrerantzean, ordainketa telematikoak egiteko astelehena, 2008.eko martxoak 3

Zergak eta prezio publikoak ordaintzeko eta Foru Administrazioari beste ordainketa batzuk egiteko herritarrek erabil dezaketen banku, kutxa eta kreditu kooperatiben sarea aurki zabalduko dute, Nafarroako Gobernuaren eta Red.es sozietate publikoaren arteko bat-egite protokoloari esker; Gobernuaren gaurko bileran onartu duten protokoloari esker, hain justu.


Orain arte, ordainketa telematikoak Foru Administrazioak berak prestatutako programa baten bidez egiten zituzten herritarrek, eta programari atxikitako erakundeak lau ziren: Nafarroako Kutxa, Nafarroako Rural Kutxa, Euskadiko Kutxa, eta la Caixa. Red.es Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioari atxikitako sozietatea da, eta hark egindako ordainketako pasabideak, berriz, 50 banku erakunde baino gehiagoren sostengua du. Nafarroako Gobernuak, zerbitzu berria eskaini ahal izateko, 49.602 euroko gastua eginen du 2008an (BEZa barne).


Ogasunean duela hiru urte ezarri zuten ordainketa sistema telematikoa, eta luzaro gabe, Nafarroako Gobernuko beste departamentu eta zerbitzu batzuek ere Internet bidez ordaintzeko aukera emanen dute. Izan ere, gaur onartu duten protokoloari esker, herritarrek banku erakunde gehiago erabili ahal izanen dituzte, eta hartara, herritarrek eta enpresek aukera gehiago izanen dituzte ordainketa telematikoak egiteko.


Iazko abenduan, Espainiako Bankuen Elkarteak, Espainiako Aurrezki Kutxen Konfederazioak, Kreditu Kooperatiben Batasun Nazionalak, eta Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioari atxikitako Red.es erakunde publikoak lankidetza hitzarmena izenpetu zuten, Herri Administrazioetan ordainketa telematikoaren zerbitzua eskaini ahal izateko. Hitzarmenaren arabera, ordainketa aginduek sinadura digitala izan behar dute beti, eta Administrazioak baliozkotzat jo ondoren, kasuan kasuko erakundeak eragiketa egin behar du.


Hitzarmenari jarraiki, nahi duten Herri Administrazioek pasabideari atxikitzeko aukera dute, eta Nafarroako Gobernuari dagokionez, gaur onartu duten protokoloa Javier Caballero Martínez lehen presidenteorde eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariak izenpetuko du.


Red.es pasabidearen urteroko tarifak biztanle kopuruaren eta erakunde motaren araberakoak dira (Udala, Autonomia Erkideagoa, edo Aldundia). Hartara, 10.000 eta 50.000 biztanle arteko Udal txikiek 10.181 euro ordaindu behar dituzte, eta 3 milioi biztanletik gorako Autonomia Erkidegoek, berriz, 57.014 euro inguru (BEZa kanpo). 10.000 biztanletik beherako Udalei dagokienez, ez dute urteroko tarifarik.


Red.es pasabideari atxikitzearen ondorioz, Foru Komunitateko Administrazioaren eta herritarren arteko harremanak errazagoak izanen dira, eta administrazio elektronikoaren garapenak ere aurrera eginen du. Izan ere, 2008an lehenengo jakinarazpen telematikoak (mail bidezkoak) egiteko urratsak eman ditu Nafarroako Gobernuak, azkeneko egunotan. Era berean, Nafarroako Gobernuko langileen artean, eta herritarren artean, oro har, sinadura digitala sustatzeko urratsak ere eman ditu.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa