(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

OCDEko PISA Txostenean Nafarroako eskola sistemak lortu dituen emaitzak aztertu dituzte jardunaldi batean asteartea, 2008.eko martxoak 4

Nafarroako ikasleen irakurketa gaitasunak hobetzeko aurreikusten dituen proposamenak aurkeztu ditu Hezkuntza Departamentuak


Hezkuntza Departamentuak antolatutako jardunaldi bat burutu dute gaur goizean, Iruñeko Planetarioan, nazioarteko eskola sistema ebaluatzeko 2006ko PISA (Programme for Internacional Student Assessment edo Ikasleak Ebaluatzeko Nazioarteko Programa) Txostenean Nafarroak lortu dituen emaitzak aztertzeko, eta 2009ko PISA Txosteneko esparruaren berri emateko. Ikastetxeetako ordezkariak eta Eskola Kontseiluko, unibertsitateetako eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioko Goi Ikuskapeneko kideak bildu dira jardunaldira.


Jakina denez, 2006ko PISA Txostenean Nafarroako lagin adierazgarriarekin parte hartzeko erabakia hartu zuen Hezkuntza Departamentuak. Izan ere, Departamentuaren iritziz, azterlan diagnostikoek hezkuntza sistema bideratzea eta eraginkorragoa izateko neurriak hartzea ahalbidetzen dute, eta gainera, ebaluazioa lehen mailako baliabidea da gaur egungo egoera ezagutzeko, hobetu daitekeenari ekiteko, eta ikastetxeetan egiten diren hezkuntza jardueren ondorioak neurtzeko.


Zentzu horretan, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko (OCDE) herrialdeek babesten duten nazioarteko PISA ebaluazioak hamabost urteko gazteek gaur egungo ezagueraren gizarteko erronkei aurre egiteko duten prestakuntza mailari buruzko datuak eskuratzea du xede. Curriculuma ebaluatu baino gehiago, ikasitakoa zer mailatan beretzen eta ulertzen duten aztertzen du, eta baita ikasitakoa egiazko bizitzan erabiltzeko eta norberaren ezagueraren eta eskarmentuaren gainean gogoeta egiteko gaitasuna ere. Horregatik, PISA ebaluazioa dinamizatzailea eta berritzailea dela esan dezakegu, eta bertan parte hartzen duten herrialdeek euren curriculumari eta ikasketa planei buruzko gogoeta egin dezaten bultzatzen duela.


Azterlana 57 herrialdetan egiten dute, eta herrialde bakoitzean, batez beste, 4.500-10.000 ikasle ebaluatzen dituzte. Foru Komunitatean, hain zuzen, 30 ikastetxe publikotako eta itunpeko 22 ikastetxetako 1.748 ikasleko lagina erabili dute. Zientzien arloari dagokionez, Nafarroako puntuazioa OCDEko batez bestekoa baino handiagoa izan da, eta Espainiako batez bestekoa baino askoz handiagoa. 2006ko ebaluazioan parte hartu duten 57 herrialdeen artean, Foru Komunitatea 16. eta 17. lekuen artean dago, eta Espainia, berriz, 31.ean.


Irakurketako gaitasunari dagokionez, berriz, Nafarroako puntuazioa OCDEko batez bestekoa baino txikixeagoa da (baina Espainiako batez bestekoa baino askoz handiagoa). Nafarroako batez besteko puntuazioaren gainetik daude 22 herrialde, eta azpitik, berriz, 25.


Amaitzeko, matematikako gaitasunari dagokionez, Nafarroako ikasleen batez besteko puntuazioa OCDEko eta Espainiako batez bestekoak baino handiagoa da. 2006ko ebaluazioan parte hartu duten herrialdeen artean, Nafarroa 14. lekuan dago.


Carlos Pérez-Nievas kontseilariak gaurko jardunaldian adierazi duenez, Nafarroako hezkuntza zerbitzua hobetzeko beharrekoa da bertan parte hartzen duten lagun guztien ahalegina. Modu eraginkorrean esku hartzeko, nahitaezkoa da datuak hedatzeko eta aztertzeko, ideiak kontrastatzeko eta ekimenak bateratzeko guneak sortzea.


2006ko PISA Txosteneko emaitzak ezagutzera emateak hezkuntzaren arloko eztabaida suspertu du. Ukaezina da bertako ondorioak oso lagungarriak direla esku hartzeko beharrik handiena duten alderdiak ezagutzeko. Bigarren hezkuntzako ikastetxe bakoitzak txostenean izan dituen emaitzak aztertu behar ditu, eta ondoren, esku hartzeko proposamenak egin behar ditu. Hori egitea funtsezkoa da hobekuntza prozesuari begira.


Hezkuntza Departamentuak testuinguru horretan antolatu du gaurko jardunaldia, eta 2006ko PISA Txosteneko emaitzak aztertzeaz gain, 2009an eginen duten PISA ebaluazioko esparruaren berri eman dute. 2009ko ebaluazioak, hain justu, irakurketa izanen du ardatz nagusi, eta ondorioz, Departamentuak interesgarritzat jo du Nafarroako ikasleek arlo horretan izan dituzten emaitzak hezkuntza eragile guztiei ezagutaraztea. Era berean, irakurketa gaitasunak hobetzeko Departamentuak aurreikusten dituen proposamenak ere aurkeztu ditu.


Jardunaldia Iruñeko Planetarioan egin dute, eta gai zerrenda honako hau izan da: 10:00etan, Ángel Sanz Moreno ebaluazioaren arduraduna mintzatu da (Nafarroako emaitzen irakurketa eta 2009ko PISA Txostenaren esparrua); ondoren, Carlos Pérez-Nievas Hezkuntza Departamentuko kontseilariak "La evaluación, un compromiso para la mejora" (Ebaluazioa, hobetzeko konpromisoa) hitzaldia eskaini du. Atsedenaldiaren ondoren, Enrique Roca Cobo Hezkuntza eta Zientzia Ministerioko Ebaluazio Institutuko zuzendariak 2006ko Pisa Txosteneko emaitzak azaldu ditu. Amaitzeko, 13:00etan, Teresa Aranaz Antolamendu, Kalitate eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak "DBHko oinarrizko eskumenak eta irakurketa plana" azaldu ditu.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa