(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nekazaritzako elikagaien industriak Nafarroan duen garrantzia nabarmendu du Sanz presidenteak asteartea, 2008.eko martxoak 11

Irudi berri gisa Miguel Indurain txirrindularia duen Reyno Gourmet markan bilduta dauden kalitatezko deiturak sustatzen ari da Foru Komunitatea, 2008ko Alimentaria azokan, Bartzelonan


Miguel Sanz Sesma Nafarroako Gobernuko presidenteak, Begoña Sanzberro Iturriria Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko kontseilariak eta Miguel Indurain txirrindulari ohiak, Frantziako Itzulia bost aldiz irabazi zuenak, Reyno Gourmet marka aurkeztu dute, gaur goizean, Bartzelonan egiten ari diren Alimentaria 2008 azokan. Aipaturiko markak Foru Komunitateko Kalitatezko hamabost Deiturak babesten ditu. Bestalde, gogoan izan behar dugu nekazaritzako elikagaien sektorea Nafarroako bigarrena dela, garrantziari dagokionez, automobilgintzaren atzetik. Nafarroako Barne Produktu Gordinaren %6 nekazaritzako elikagaien sektoreari dagokio, eta gaur egun 1.270 enpresatik gora, 12.000 bat langile, eta 2.500 milioi eurotik gorako fakturazioa ditu.


Sanz presidenteak eskerrak eman dizkio Miguel Induraini, Reyno Gourmet markaren irudi berriari, eta ondoren, Nafarroako nekazaritzako elikagaien industria nabarmendu du. Izan ere, presidenteak esan duenez, ekonomiaren motor eta Nafarroako landa eremuen garapenerako aukera nagusietako bat da. Bestalde, Nafarroan kalitatezko produktu asko daudela aipatu du Sanzek. Produktuak merkaturatu eta saltzeari dagokionez, hamabost produktuk Estatuaren eta Europaren eskutik babes handia jasotzen dutela gogorarazi du (euren kalitatea bermatzen duten ziurtagirien bidez), eta gaur egun Reyno Gourmet markak babesten dituela gaineratu du.


Miguel Sanzek adierazi duenez, nekazaritzako elikagaien sektorean nazioarteko nahitaezko erreferentzia bihurtzeko beharrezkoa den egitura du Nafarroak, eta horren adibide dugu, presidentearen iritziz, Tuterako "Ciudad Agroalimentaria" (Nekazaritzako Elikagaien Hiria) Industrialdea abian jarri izana. 1,2 milioi metro koadroko industrialdea da, Nafarroako Gobernuak sustatu duena, eta 120 milioi euroko inbertsioa behar izan du. Foru Komunitateko nekazaritzako elikagaien kalitatearen erreferentzia zentro izan nahi du, nazioarteari begira. Aurreikusita dagoenez, berrogeita hamarren bat enpresa ezarriko dira industrialdean, eta 1.400 lanpostu berri sortuko dira.


Begoña Sanzberro Iturriria Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko kontseilariak adierazi duenez, berriz, Nafarroak lehenengo aldiz hartuko du parte Alimentaria azokan Reyno Gourmet marka berriarekin. Gogorarazi duenez, Nafarroako Kalitatezko hamabost Deiturak babesten ditu Reyno Gourmet markak. Honako hauek, hain zuzen: Nafarroako Zainzuria, Lodosako Pikillo Piperra, Tuterako Orburua, Erronkari Gazta, Idiazabal Gazta, Nafarroako Aratxea, Nafarroako Arkumea, Nafarroako Ardoa, Errioxako Ardoa, Nafarroako Cava, Nafarroako Patxarana, Nafarroako Olioa, Artisau Elikagaiak, Ekoizpen Integratua, eta Nekazaritza Ekologikoa.


Kontseilariak gogorarazi duenez, Reyno Gourmet marka sortzeko marketin azterketa estrategikoa egin zuten, eta baita hainbat merkatu proba ere, enpresei eta kontsumitzaileei, 2006az geroztik. Marka zehaztu ondoren, irudia eman zioten eta komunikazio kanpaina egin zuten. Gainera, telebista kanal tematiko bat sortu zuten (www.reynogourmet.tv), oso-osorik gastronomiari buruz jarduten den Interneteko lehenengo telebista katea. Gainera, "Reyes por un finde" (Errege-erreginak asteburu batez) lehiaketa antolatu zuten, eta webean 8.000 internautatik gora bildu zituen.


Sanzberro kontseilariak esan duenez, Reyno Gourmet markako arduradunek "azkenaldian jendeak gehien maite, aintzatetsi eta miresten duen lagunetako batekin" lotu nahi izan dute marka, Miguel Indurainekin. Gaur Bartzelonan aurkeztu duten kanpaina berriaren leloa "Saborea el triunfo" (dastatu garaipena) da.


Miguel Indurain pozik agertu da Nafarroako Gobernuaren kanpainan parte hartu izanagatik. Esan duenez, oro har ez du publizitate kanpainetan parte hartzen, "baina kanpaina hau aurkeztu zidatenean, gustatu egin zitzaidan, eta hementxe nago".


Prentsaurreko hizketaldiaren ondoren, Nafarroako ordezkariek azoka bisitatu dute. Sanz presidentea José Luis Bonet Ferrerrekin bildu da, Alimentariako eta Bartzelonako Azokako presidentearekin, eta "Navarra a la carta" (Nafarroa kartan) argitalpena eman dio. Gainera, Alimentaria 2008 liburua izenpetu du.


Nafarroako erakundeek erakustoki bat dute 2008ko Alimentarian, martxoaren 10etik 14ra bitarte Bartzelonan egiten ari diren azokan. Era berean, Nafarroako 84 enpresa eta "Reyno Gourmet" markak babesten dituen Deiturak ere ari dira parte hartzen azokan. Foru Komunitatearen parte-hartzearen kostua, aurreikuspenen arabera, 560.000 eurokoa izanen da. Zenbatekoaren %75 Nafarroako Gobernuak finantzatuko du, eta %25 azokan parte hartzen ari diren 84 enpresetako 45ek.


Nafarroako enpresek 1.492 metro koadroko azalera hartzen dute azoka esparruan, honela banatuta: 507 metro koadro, erakundeen erakustokiak; 644, Intervin pabilioian; 260, Expoconser pabilioian; eta 81, Interlact pabilioian. Nafarroako erakundeen erakustokia, zehazki, Autonomien Pabilioian dago, eta honako hauek dute lekua bertan: hainbat sektoreko hamahiru enpresak (olioa, haragia, ahatea, bakailao, eta produktu izoztuak), Adierazpen Geografiko Babestuek (Nafarroako aratxea eta arkumea), Jatorrizko Deiturek (Erronkari eta Idiazabal gazta), nekazaritza ekologikoak, eta artisau elikagaiek. Gainera, Nazioarteko Azokako bost egunetan, Nafarroako gastronomiako jakiak dastatu daitezke erakundeen erakustokian. Cadreitako Marisol jatetxeko sukaldariek prestatutako jakiak, hain justu. Jarduera iraunkor gisa, Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen Institutuko (ICAN) telebista kanal tematikoa nabarmendu behar dugu (www.reynogourmet.tv). Telebista kanalaren helburua Nafarroako nekazaritzako elikagaien eta gastronomiaren berri ematea eta sustatzea da, eta elkarrizketak eta nazioarteko azokako gainerako ekitaldiak ematen ari dira, zuzenean.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa