(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Iruñeko I. eta II. Zabalguneetako etxebizitzak zaharberritu daitezen bultzatuko du Nafarroako Gobernuak asteazkena, 2008.eko martxoak 12

Gobernuaren laguntza planaren bidez etxebizitzetako lanen aurrekontuaren %40 eta eraikinetako irisgarritasuna hobetzeko lanen aurrekontuaren %33-45 finantzatuko dute


Birgaitze

Laguntzen berri emateko argitaratutako liburuxkaren lehen orrialdea. ( irudia handitu )

José Carlos Esparza Sáez Nafarroako Gobernuko Etxebizitza eta Lurralde Antolamenduko Departamentuko kontseilariak Foru Agindu bat onartu du, eta hartara, etxebizitzak eta eraikinak zaharberritzeko lehentasunezko eremu izendatu dituzte Iruñeko I. eta II. Zabalguneak. Iruñeko Udalak xede berarekin ematen dituen beste laguntza batzuen osagarri izanen dira Nafarroako Gobernuaren laguntzak.


Hartara, Nafarroako Gobernuak laguntza ekonomikoak emanen dizkie etxebizitzak zaharberritu nahi dituzten jabeei eta eraikinetako irisgarritasuna hobetzeko lanak egin nahi dituzten auzo elkarteei, baldin eta etxebizitzak edo eraikinak Nafarroako hiriburuko I. eta II. Zabalguneetan badaude.


Gobernuaren iritziz, I. eta II. Zabalguneek hiri ehundura bikaina osatzen dute eta babes berezia merezi dute. Gainera, eremu horretako biztanleak zaharrak dira eta batzuk egoera ekonomiko eskasean bizi dira. Horregatik, beharrezkoa da eraikin horietan bizi diren pertsonen eta lagunen ongizatea hobetzeko laguntza publiko gehiago ematea, eta horrexegatik sortu du Gobernuak laguntza plana.


Nafarroako Gobernuaren laguntzak hamabost urtetik gorako eraikinetarako izanen dira. Norberaren erabilerarako etxebizitzetako lanen kasuan, aurrekontuaren %40 finantzatuko dute gehienez ere, familiako diru sarreren arabera, eta eraikinetako irisgarritasuna hobetzeko lanen kasuan, berriz, aurrekontuaren %33-45.


Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, lanak, ordainsariak eta baimenen tasak hartuko dituzte kontuan. Betiere, etxebizitza bakoitzeko inbertsioak 4.000 eurotik gorakoa izan beharko du, edo 2.000 eurotik gorakoa, eraikinetako irisgarritasuna hobetzeko lanen kasuan. Kasu horretan, igogailua ezartzeko, beharrezkoak diren lan osagarriak egiteko, eta igogailua ezartzeko beharrezkoa den azalera erosteko izanen dira laguntzak.


Etxebizitzen jabeentzako laguntzak kalkulatzeko hiru irizpide hartuko dituzte kontuan: Batetik, familiako diru sarrerak, errenta guztiak kontuan hartuta (zergak dituztenak zein ez dituztenak), Ondorio Askotarako Errentaren Adierazgarri Publikoaren (IPREM delakoaren) oinarrizko errentarekiko; bestetik, etxebizitzaren adina (15 urtetik gora edo 50 urtetik gora ote dituen); eta amaitzeko, etxebizitza lehentasunezko eremu batean ote dagoen (kasu honetan hala da), eta proiektua eraikin osorako ote den (zaharberritze orokorra) ala ez. Diru laguntzaren zenbatekoa adierazle horien guztien araberakoa izanen da.


Gainera, lanak egiteko mailegu kualifikatuak ere eskatu ahal izanen dira, eta egindako inbertsioa PFEZan desgrabatu ahal izanen da, ohiko etxebizitzan egindako inbertsio gisa. Iruñeko Udalak ere badu I. eta II. Zabalguneetako etxebizitzak zaharberritzeko eta irisgarritasuna hobetzeko laguntza plana. Laguntzok eta Nafarroako Gobernuarenak bateragarriak dira, baina Udalaren laguntzak 50 urtetik gorako eraikinetarako baino ez dira (irisgarritasuna hobetzeko lanen kasuan salbu).


Iruñeko Udalak, hain zuzen, etxebizitzak zaharberritzeko lanen aurrekontuaren %8-34 finantzatzen du, familia unitateko errentaren eta kide kopuruaren arabera. Irisgarritasuna hobetzeko lanei dagokienez, berriz, kostuaren %19-34 finantzatzen du, igogailua ezartzeko azalera erosteko zenbatekoa barne.


Gainera, Iruñeko Udalak beste laguntza batzuk ere ematen ditu. Esate baterako, jarduera berezietarako laguntzak ematen ditu, eta kasu horretan, diru laguntza aurrekontuaren %100ekoa izan daiteke, baldin eta lanen xedea hirigintzako egokitzapena, txukunketa, edo sukalde eta komunetan kolomak ezartzea bada.


Gainera, aurrealdeak berritzeko lanen aurrekontuaren %8ko laguntzak ematen ditu, eta aldamioen 100 eguneko mailegua finantzatzen du.


Kasu batzuetan, Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren laguntzak batuz gero, etxebizitzak zaharberritzeko lanen aurrekontuaren %74 finantzatuko dute (%40 Nafarroako Gobernuak eta %34 Iruñeko Udalak).


Informazioa Iruñeko Udaleko Hiri Zaharberritzerako Bulegoan eskuratu daiteke (Hilarión Eslava kalea, 1.a bis. Telefono zenbakiak: 948 / 22 49 51 eta 22 49 71).

Dokumentazioa:
Ayudas a la rehabilitación

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa