(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako ekonomiak %3,8ko hazkundea izan zuen 2007an, eta azkeneko 5 urteetan ere %3tik gorako hazkundea izan du ostirala, 2008.eko martxoak 14

Miranda presidenteordeak Nafarroako ekonomiaren egoerari buruzko azken txostena aurkeztu du


Nafarroako ekonomiak sortutako Barne Produktu Gordinak (BPG) %3,4ko hazkundea izan zuen 2007ko laugarren hiruhilekoan, eta urte osoko hazkundea, berriz, %3,8koa izan zen. Zenbateko horiek kontuan hartuta, azkeneko 5 urteetan %3tik gorako hazkunde ekonomikoa izan du Nafarroak, eta gainera, ekonomiaren hazkundea etengabea izan da 14 urte baino gehiagoan.


Horixe bera da gaur Álvaro Miranda Simavilla bigarren presidenteorde eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontseilariak ezagutzera eman duen datuetako bat. Hain zuzen ere, "Nafarroako Ekonomiaren Egoera" argitalpenaren 68. alea, 2007ko azkeneko hiruhilekoa (urria, azaroa, eta abendua), aurkeztu du kontseilariak, prentsaurrekoan.


2007an Nafarroako ekonomia jarduerak izan zuen dinamismoa dela-eta, Foru Komunitateko enpleguak %2,6ko hazkundea izan zuen, eta Gizarte Segurantzako izen emateei dagokienez, iaz 9.935 lanpostu berri sortu ziren.


Nafarroako BPGk %3,8ko hazkundea izan zuen 2007an. Espainiako hazkundea ere berdina izan zen, eta euroaren eremuan, berriz, %1,1 txikiagoa (%2,7koa). Europar Batasunari dagokionez (27 herrialde), hazkundea Nafarroakoa baino 9 hamarren txikiagoa izan zen, %2,9koa.


Nafarroako ekonomiak 2007an izandako hazkundearen eragileak honako hauek izan ziren, eskaintzaren ikuspuntutik: eraikuntza eta zerbitzuak, hedapen profila izan zuten bi adarrak, eta nekazaritza. Gainera, industriaren hazkundeak izandako dezelerazioa orekatu zuten.


Ekoizpen sektoreen bilakaera


Nekazaritzaren balio erantsi gordina %0,8 handitu zen laugarren hiruhilekoan, hirugarrenean baino hamarren 1 gehiago. Urte osoko hazkundea, berriz, %0,7koa izan zen, eta 2006koa, %0,5ekoa.


Industriari dagokionez, sektorearen balio erantsi gordinaren hazkundea txikitu egin zen iaz, lehenengo hilabeteetako %3,2tik azkeneko hilabeteetako %0,8ra. Urte osoko hazkundea %2,0koa izan zen, 2006koa baino 3 hamarren txikiagoa. Dezelerazio handiena izan zuten arloak honako hauek izan ziren: nekazaritzako elikagaien industria, paperaren, egurraren eta altzarien industria, eta garraio materialen industria.


Eraikuntzak ere indarra galdu zuen 2007ko laugarren hiruhilekoan, baina hala ere sektorerik dinamikoena izan zen, alde handiarekin. Sektorearen balio erantsi gordinak %5,1eko hazkundea izan zuen laugarren hiruhilekoan, eta urte osoko hazkundea, berriz, %5,5ekoa izan zen, 2006koa baino 4 hamarren handiagoa. Nolanahi ere, azkeneko hilabeteetan obra zibilaren indarra txikitu egin zen, eta bizitegi eraikuntzaren hazkundea ere txikiagoa izan zen.


Zerbitzuei dagokienez, industriaren eta eraikuntzaren sektoreetan bezalaxe, hazkundeak behera egin zuen, eta gainera, dezelerazioa aipaturiko bi sektoreetakoa baino handiagoa izan zen urtearen amaieran. Hartara, laugarren hiruhilekoan balio erantsi gordinaren hazkundea %4,2koa izan zen, merkatuko zerbitzuek indar gutxiago izan baitzuten. Hirugarren hiruhilekoan, berriz, balio erantsi gordinaren hazkundea %4,5ekoa izan zen. Hala ere, urte osoko hazkundearen erritmoa egonkorra izan zen, %4,5ekoa, eta aurreko urtekoaren antzekoa.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc
Ver esta rueda de prensa
Escuchar esta rueda de prensa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa