(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Euskararen Nafar Institutuak Leipzigeko (Alemania) Liburuaren Azokan parte hartuko du, bihar, Eduardo Gil idazlearen hitzaldiarekin ostirala, 2008.eko martxoak 14

"Eremu urriko hizkuntzak, literatura handia" jarduera programaren baitan eskainiko dute hitzaldia


Nafarroako Gobernuak, Euskararen Nafar Institutuaren bidez, Leipzigeko (Alemania) Liburuaren Azokan parte hartuko du, bihar. Hain zuzen, Eduardo Gil Berak, euskaraz idazten duen nafar idazleak, hitzaldia eskainiko du, eta Xabier Azanza Arbizu Institutuko zuzendari kudeatzailea ekitaldira bilduko da, Nafarroako Gobernuko ordezkari gisa.


Gil Beraren hitzaldia "Lenguas minoritarias, grandes literaturas" (Eremu urriko hizkuntzak, literatura handia) jarduera programaren baitan dago kokatuta. Mendebaldeko literaturaren jaiotzari buruzko hitzaldia izanen da, eta Gilek Homeroren pasarteei buruzko interpretazioak eginen ditu bertan. Hizlariak alemanez mintzatuko dira, eta Gil eta Dusan Simko eslovakiar idazlea mahai berean egonen dira. Hitzaldiko moderatzailea Ute Rassloff izanen da. Jarduera programako beste ekitaldi batzuetan eremu urriko hizkuntzetan idazten duten europar egileek hartuko dute parte. Bulgaria, Kroazia, Errumania, Polonia, Lituania, Irlanda, Malta edo Zipreko idazleek, besteak beste.


Eduardo Gil Bera, Tuteran jaio zen, 1957an. Kazetaritzako ikasketak egin zituen, eta itzultzailea, eleberrigilea, olerkaria eta saiakeragilea da. Honako lan hauek argitaratu ditu: "Atea bere erroetan bezala" (1987), "O tempora! O mores!" (1988), "Strasburgoko ordularia" olerki liburua (1990), "A este lado", "El carro de heno", "Sobre la marcha", "Os quiero a todos, Baroja o el miedo" eleberria, "Torralba" eleberri historikoa, eta "Historia de las malas ideas" saiakera (2003). Ungaretti, Montaigne, Rilke, Hölderlin, Joseph Roth eta Homeroren lanen itzulpenak egin izan ditu.


Euskararen Nafar Institutuak Leipzigeko Azokan parte hartzea Carlos Pérez-Nievas López de Goicoechea Hezkuntza Departamentuko kontseilariak eta Gaspar Cano Peral Berlingo Cervantes Institutuko zuzendariak hitzartu zuten. Hain zuzen, 2007ko azaroan kontseilaria Leipzigen izan zen, "Expolingua" hizkuntzen azokan Euskararen Nafar Institutuari sostengua ematen, eta orduan egin zuten aipaturiko hitzarmena.


Bilera hartan, bestalde, Cervantes Institutuak Alemaniako egoitzetan antolatzen dituen kultur jardueretan Nafarroako Gobernua lankidetzan jarduteko aukerari buruz ere mintzatu ziren. Literatura lan ugari egin izan dituen Eduardo Gil Berak Leipzigeko Liburuaren Azokaren esparruan "Eremu urriko hizkuntzak, literatura handia" kultur jardueren programan parte-hartzea eskaini zuen Pérez-Nievasek, hain justu.


Leipzigeko Liburuaren Azoka lau egunez egiten dute, eta urtero bisitari asko izaten ditu. Izan ere, irakurketaren azoka eta jaia uztartzen ditu, modu berezian, "Leipzig liest" (Leipzigek irakurtzen du) programaren baitan.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa