(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Erizaintzako karrera profesionalari buruzko Foru Legearen Proiektua onartu du Gobernuak

astelehena, 2008.eko martxoak 17

Nafarroako Gobernuak, gaurko bileran, Foru Legearen Proiektu bat onartu du, eta hartara, Osasun Departamentuari eta haren erakunde autonomoei atxikitako osasun langileen karrera profesionalaren sistema xedatu du.


Era berean, 3,1 milioi euroko mailegu gehigarria emateko erabakia hartu du, finantzaketarako, 2008ko Aurrekontuen kargura. Proiektua Foru Parlamentuari bidaliko diote, aztertzeko.


Nafarroako Gobernuak eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erizainen ordezkari sindikalek (osasun sistema publikoan lanpostu finkoa duten 1.600 erizain biltzen dituen taldearen ordezkariek) egindako itunaren arabera, karrera profesionala aurtengo urtarrilaren 1etik aurrera egonen da indarrean, eta baldintza ekonomikoak pixkanaka ezarriko dituzte, 2008an, 2009an eta 2010ean. Horregatik, osagarriaren %40 2008ko urtarrilaren 1etik aurrera ezarriko dute; %70, 2009ko urtarriletik aurrera; eta %100, 2010eko urtarriletik aurrera. 2009rako aurreikusi duten kostua 5,4 milioi eurokoa da, eta 2010ekoa, berriz, 7,7 milioi eurokoa.


Foru Legearen Proiektuaren arabera, erizaintzako profesionalak lau taldetan sailkatuko dituzte, gaur egungo antzinatasunaren arabera. Gainera, erizainek lansari osagarriak jasoko dituzte, urtero, antzinatasunaren eta beste parametro batzuen arabera (batzorde batek merezimendu profesionala ebaluatzeko parametroen arabera).


Nafarroako Gobernuak eta sindikatuek erdietsi duten akordioaren arabera, erizaintzako profesionalak honako talde hauetan sailkatuko dituzte, hasiera batean: I. mailako profesionalak (5 urteko antzinatasuna dutenak), II. mailakoak (14 urteko antzinatasuna dutenak), III. mailakoak (22 urteko antzinatasuna dutenak), eta IV. mailakoak (29 urteko antzinatasuna dutenak). Sailkapen hori oinarri hartuta, I. mailako profesionalek 1.800 euroko lansari osagarria jasoko dute urtero; II. mailakoek, 3.600 €-koa; III. mailakoek, 5.400 €-koa; eta amaitzeko, IV. mailakoek, 7.200 €-koa. Mailetan gora egiteko merezimenduak egiaztatu beharko dira. Karrera profesionaleko osagarria 14 hilabete-saritan ordainduko dute (ohiko 12 sari eta ezohiko 2 sari).


Foru Legearen Proiektuaren arabera, karrera ez zaie aplikatuko kupoko eta eskualdeko langileei, eta ezta Udaletako osasun langileei ere, baldin eta Foru Komunitateko Administraziora eskualdaturik ez badaude, toki osasunean aritzen diren funtzionario gisa. Nolanahi ere, kupoko eta eskualdeko langileak lehen mailako osasun laguntzako ekipoetako edo laguntza espezializatuko zerbitzu hierarkizatuetako lanpostuetan sartzen badira, eta lanaldia haietan egiten badute, oro har, dagokien lanbide karrerako mailan sartuko dira, lanean jardun diren urte kopurua kontuan hartuta.


Foru Legearen Proiektuak honako hauek ere arautzen ditu: ebaluazio sistema, egiaztatze sistema, finantzaketa eta ebaluazio batzordeak (parekideak izanen dira, eta zortzi kide izanen dituzte; lau Osasunbideak izendatuko ditu, eta beste lau osasun diplomadunen taldeak).


Gogoan izan behar dugu, Gobernuaren eta sindikatuen arteko akordioa Miguel Sanz Sesma Nafarroako presidenteak kargua hartzeko hitzaldian aipatu zuen konpromisoetako bat dela, hain justu. Foru Gobernuaren arabera, akordioari esker Nafarroako osasun sare publikoko erizainek beste autonomia erkidego batzuetako osasun administrazioetako kideekiko zituzten abantailak berreskuratuko dituzte; hots, osasun arloko karrerak erregulatu daitezen agintzen duen azaroaren 21eko 44/2003 Estatuko Legean xedatutakoari jarraituz, osasun arloko karrera profesionalen garapena abian jarri aurretik zituzten abantailak.



Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa