(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Eszena Dantza Jaialdiaren baitan hiru ikuskizun eskainiko dituzte, asteburu honetan, Barañainen eta Burlatan osteguna, 2008.eko martxoak 27

Aste Santuko etenaldiaren ondoren, Eszena 2008 Jaialdiak aurrera eginen du asteburu honetan. Barañaingo Auditorioan, hain justu, "Teresa Nieto en Compañía" taldearen "Ni p’adelante ni p’atrás. ¡No hay manera, oiga!" aurkeztuko dute, bihar (ostirala, martxoaren 28a), 20:30ean. Larunbatean (martxoaren 29a), berriz, Rajatabla Dantza Konpainiaren "Enfermedades del silencio" lana aurkeztuko dute. Burlatako Kultur Etxeari dagokionez, Almudena Lobón-en Dantza Konpainiak (Aldanza) "A.D. 2008" ikuskizuna aurkeztuko du, bihar, 20:00etan.


Teresa Nietok, "Ni p’adelante ni p’atrás. ¡No hay manera, oiga!" proiektua abiatu zuenean, sortze prozesua planteatzeko era berriak aztertzeko beharrari erantzun nahi izan zion. Abiapuntu gisa nahasmendua eta laneko dinamika bera hartu zituen, lanaren azken egiturari begira garrantzi handia duten alderdiak biak ere. Abiapuntua ez da aldez aurretik egituratu eta zehaztutako gidoi bat, eta ezta garapena eta izaera guztiz finkatuta dituzten pertsonaiak ere. Aitzitik, sortze prozesuaren ardatzak dira ideia bat, arau batzuk, lan metodo bat eta estetika jakin bat. Hartara, lanaren egitura zatiketan oinarrituta dago, itxuraz loturarik ez duten egoeretan, aldi bereko eszenetan, denboran eta espazioan egindako jauzietan, eta pertsonaien izaeraren aldaketetan.


Teresa Nieto Tangerren jaio zen. Bertan, espainiar dantza, dantza klasikoa, solfeoa, pianoa eta antzerkia ikasi zituen. 1979an Madrilera joan zen, eta bertan, dantzaren hizkuntza garaikidearen berri izan zuen Teresa Trujillo, Carl Paris eta Christine Tanguay-ren eskutik. Bien bitartean, dantza klasikoa ikasten jarraitu zuen, Edith Mariño, Víctor Ullate, Carmen Roche eta Luc Bouy-rekin, besteak beste. 1986tik eta 1990era bitarte, María José Robot eta Blanca Calvoren "Compañía Bocanada" taldean aritu zen, dantzari. Beste koreografo batzuekin ere lan egin zuen, eta maisu, koreografo eta dantzari aritu zen. 1990az geroztik, "Teresa Nieto en Compañía" taldeko zuzendari da. Besteak beste, Dantza Sari Nazionala jaso zuen, 2004an.


Barañaingo Auditorioan, era berean, "Enfermedades del silencio" ikuskizuna aurkeztuko du Rajatabla Dantza Konpainiak, larunbatean (martxoaren 29a), 20:30ean. Gizarteak buru eritasunari aurre nola egiten dion islatzen du, gaixo batzuen eta euren familien bizipenen bidez. Anorexia duen neska bat eta haren ama; eskizofreniko bat eta bere semea; eta, alkoholiko bat eta haren emaztea. Horiexek izanen dira buruko hiru eritasun motaren ordezkariak, euren artean oso desberdinak diren gaixotasunen ordezkariak.


"Enfermedades del Silencio" Rajatabla taldearen lehenengo ekoizpena da, eta gainera, Esther Tablas koreografoak eta Antonio Guijosa eszena zuzendariak sortutako lehenengo espazioa da. Lan horretarako espainiar dantzan eta interpretazio dramatikoan oinarritu da, batik bat, Rajatabla taldea. Gaur egungo gaiei buruz hitz egiten duen dantza bilatu nahi izan du konpainiak, gazteen belaunaldiaren arazoak eta kezkak islatu nahi izan ditu.


Esther Tablas (Madril, 1976) Espainiar Dantzako tituluduna da, Madrilgo Goi Mailako Dantza Kontserbatorioan, eta Arkitektura Teknikoan tituluduna, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan. Eszenografia eta dantza ikastaroak egin izan ditu, eta gaur egun, Interpretazioaren Koreografiako Goi Mailako ikasketak egiten ari da María de Avila Goi Mailako Dantza Kontserbatorioan. Jaso izan dituen sarien artean dago 2007ko ekainean Madrilgo Albéniz Antzokian egin zuten Espainiar Dantzako eta Flamenkoko Koreografien XVI. Lehiaketako saria, "Enfermedades del Silencio" lanarengatik. Berriki, Lawrence Boswell-en "El perro del hortelano" lanean parte hartu du. Lana Erriberrin eskaini zuten, hain justu, Antzerki Klasikoaren 2007ko Jaialdiko emanaldi batean.


Almudena Lobónen Dantza Konpainiak (Aldanza) "A.D. 2008" ikuskizuna aurkeztuko du, bihar (ostirala, martxoaren 28a), 22:00etan, Burlatako Kultur Etxean. "A.D. 2008" dantzari eskainitako omenaldia da, eta honako bi koreografia hauek ditu bere baitan: batetik, "Étude", Almudena Lobón berak sortu duen dantza neoklasikoko lana; eta bestetik, "Panta Rei", Antonio Calero-ren dantza garaikideko lana, interpretatzeko malgutasuna agerian uzten duena.


Almudena Lobón, konpainiako zuzendari artistikoa, Zaragozako María de Avila eskolan trebatu zen, eta bertan, errepertorio klasikoan murgildu zen. Entzute handiko ikaskideak izan zituen: Ana Laguna, Arantxa Argüelles, Trinidad Sevillano, Carmen Roche eta Victor Ullate, besteak beste. Ullate bera zuzendari artistiko zuela, hain zuzen, Ballet Liriko Nazionalean sartu zen (gaur egungo Dantza Konpainia Nazionalean). Konpainia horretan hainbat urtez dantzari aritu ondoren, 1982an dantza irakasteko ikastetxe bat jarri zuen abian, Iruñean. 2007an, 25 urte bete ditu zuzendari Almudena Lobón Dantza Eskola Profesionalean.


Antonio Calero, laguntzaile artistikoa, 1992an Dantza Konpainia Nazionalean sartu zen, Nacho Duatoren zuzendaritzapean. 1999ra arte bertan aritu zen. Urte horietan munduko koreografo entzutetsuenekin egin zuen lan: Jiri Kylián, Mats Ek, Ohad Naharin, William Forsyte eta Duato berarekin. 2000an, Almudena Lobónekin hasi zen, dantza garaikideko eta jazzeko irakasle eta koreografo, Aldantzan.


Konpainiako kideak honako hauek dira: Cristina del Pozo, Denise Fuentealba, Teresa Jiménez, Garazi Ostiz, Manuel Cancela, David Mejías, Iñaki Cobos, Leire Merino, Juan Carlos Lesaca eta Joseba Yerro.

Dokumentazioa:
Escena 2008

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa