(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Eskola liburutegietatik irakurketa sustatzeko sarien deialdia, 2007-2008 ikasturtekoa osteguna, 2008.eko martxoak 27

Hezkuntza Departamentuak irakurketa sustatzeko sarien deialdia, 2007-2008 ikasturtekoa, onetsi du foru agindu baten bidez. 2001-2002 ikasturteaz geroztik, ekimen honen bitartez departamentuak aitortu eta baloratu egiten du eskola liburutegietatik ikastetxeak hobetu eta berritzeko esperientzia interesgarriak gauzatzen dituzten irakasle-talde batzuen lana.


Ordutik hona, hezkuntza etapa guztietako 22 ikastetxek jaso dute sari hau, eta lan horietako batzuk irakasleentzako orientabiderako material gisa argitaratu dira "Blitz, liburutegiko sagua" izeneko bilduman. Horietako bat aipatzeko, Faltzesko Doña Álvara Álvarez ikastetxeko memoria, Erabiltzaileen prestakuntza eta informazioaren erabilera izenekoa, bertako irakasleen esperientzia aurkezten duena, eskolako liburutegia unitate didaktikoak, Haur Hezkuntzatik hasita DBHko 1. ziklora bitarte, garatzeko espazio bihurtzea nola lortu duten azaltzeko. Argitara eman dira, halaber, Corellako Alhama Bigarren Hezkuntzako Institutuaren proposamena eta Cintruénigoko La Paz DBHIkoa, Bigarren Hezkuntzako eskola liburutegi baterako funts bibliografikoaren eredua, taldean eginiko lanaren adibide egokia, bai diziplinen artekoa bai eskualde bateko ikastetxeen artekoa.


Ikastetxeko irakurketa planek ere jaso dituzte sariak, hala nola Lodosako Pablo Sarasate BHIkoak, edo ikastetxeetako hezkuntza programazio eta proiektuetan txertatutako irakurketaren aldeko kanpainek, Mendillorriko ikastetxe publikokoak, adibidez.


Beste 28 ikastetxek ere ohorezko aipamenak jaso dituzte haien proposamenen interesagatik. El Molino Hezkuntza Bereziko ikastetxearen kasua da, duela urte batzuk hasi baitzen curriculumaren zenbait eduki ikasleek sortutako testuen bidez garatzen, eta testu horiek ikastetxeko liburutegiaren funtsean sartzen.


Deialdia


Deialdiko arauen arabera, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergo, Lanbide Heziketa edo Hezkuntza Bereziko Nafarroako ikastetxe guztiek, publikoek nahiz itunduek, aurkeztu dezakete beraien esperientzia, beraiek sortua eta argitara eman gabea. Proposamenei hauek erantsi beharko zaizkie: eskabidea, azalpen memoria - helburuak, prozedurak, baliabideak, jarduerak eta ebaluazioa labur adieraziz- eta eranskinak, lanak, ikasleek egindako materialak eta proiektuaren baloraziorako interesgarritzat jotzen diren gainerako alderdiak deskribatuta.


Azalpen memoria gehienez ere 30 foliokoa izanen da (12 puntuko courier motako letran, 1,5ko tarteekin eta karaktere konprimiturik gabe), eta euskarri informatikoko bertsioa ere aurkeztu beharko da (disketea edo CD ROM), formatu bateragarrian.


Eskatutako dokumentazio hori, Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuari zuzenduta, 2008ko maiatzaren 16ko 14:30ak baino lehen aurkeztu beharko da Hezkuntza Departamentuko Erregistroan (Sto. Domingo, zk.g. 31001 Iruña).


Batzordeak lau esperientzia hautatuko ditu gutxienez, bi Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Hezkuntza Berezikoak (lehen eta bigarren sariak), eta beste bi Bigarren Hezkuntza, Batxilergo eta Lanbide Heziketakoak (lehen eta bigarren sariak).


Memoriekin lehendabiziko sariak lortzen dituzten ikastetxeek, kategoria bakoitzean, 1.500 € jasoko dituzte. Bigarren sariak lortzen dituztenek, berriz, kategoria bakoitzean, 1.000 euro. Dirua eskola liburutegirako materialak erosteko erabiliko da.


Hezkuntza Departamentuak argitaratu ahal izanen ditu saritutako lanak, memoria osoa edo zati bat barne. Era berean, ekimenen zabalkundea egin ahal izanen da, egokitzat jotzen den bidea erabiliz, interneten jarriz ere bai, betiere memoriaren egileak nor diren aipatuta.


Informazio gehiago: http://www.pnte.cfnavarra.es/bibliotecasescolares


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa