(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Argitaletxeetarako diru laguntzen deialdia egin dute, euskarazko testuliburuak argitaratzeko ostirala, 2008.eko martxoak 28

Hezkuntza Departamentuak argitaletxeetarako diru laguntzen deialdia onartu du, euskarazko testuliburuak argitaratzeko. Hain zuzen ere, honako jakintza arlo hauetako testuliburuez ari gara: natur, gizarte eta kultur ingurunea, Lehen Hezkuntzarako; eta gizarte zientziak, geografia eta historia, DBHrako. Xede horrekin, 147.600 euroko gehienezko gastua baimendu du Departamentuak.


Hezkuntza Departamentuaren eskumena eta eginbeharra da ikasle guztiek Nafarroako curriculum ofizialetan ezarritako helburuen eta edukien araberako hezkuntza jaso dezaten bermatzea, eta horixe bera da aipaturiko diru laguntzen deialdia justifikatzen duena. Hainbat argitaletxek gaztelaniazko testuliburuak eta curriculum materialak argitaratu dituzte, natur, gizarte eta kultur ingurunearen jakintza arlorako, Lehen Hezkuntzari begira, eta gizarte zientziak, geografia eta historia jakintza arlorako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagokionez. Argitalpen horietan, Nafarroako curriculumean hezkuntza etapa horietarako ezarritako berariazko edukiak garatzen dira. Ikasketak euskaraz egiten dituzten ikasleek, ordea, sarritan ez zuten Nafarroako curriculumaren berariazko edukiak garatzen dituen testulibururik.


Horregatik, Hezkuntza Departamentuak diru laguntzak emateko deialdia egin zuen (227/2007 Ebazpena, martxoaren 9koa), euskarazko testuliburuak argitaratzeko, Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetarako, eta DBHko lehen eta hirugarren mailetarako. Diru laguntzak hiru argitaletxek jaso zituzten, eta aipatu ditugun maila eta arloetako liburuak euskaraz argitaratu zituzten.


Hezkuntzaren Lege Organikoa ezartzeko egutegiaren arabera, 2008-2009 ikasturtean curriculum berriak ezarri beharko dira Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetan eta DBHko bigarren eta laugarren mailetan. Horregatik, beharrezkoa izanen da ordurako aipaturiko gaietako testuliburuak prest egotea, euskaraz eta gaztelaniaz. Xede horrekin, diru laguntzen deialdia onartu du Departamentuak.


Araututako laguntzak testuliburuak euskarara itzuli eta euskaraz argitaratzeko edo, hala dagokionean, testuliburuak euskaraz idatzi eta argitaratzeko kostuak finantzatzeko erabiliko dituzte. Gutxienez ere 1.200 ale izanen dira, eta Nafarroako Foru Komunitatean lehen aipatu ditugun jakintza arloetarako ezarritako curriculuma garatuko dute. Diru laguntza eskuratu nahi duten enpresek hirugarren eta laugarren mailako liburuak argitaratzeko proposamena aurkeztu beharko dute. Liburuek prest egon beharko dute 2008-09 ikasturterako.


Laguntza eskuratzeko, gainera, bigarren eta laugarren mailako liburuak argitaratzeko proposamena ere aurkeztu beharko dute. Liburuek prest egon beharko dute 2008-09 ikasturterako.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa