(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Caballero kontseilariak hitzarmenak izenpetu ditu Zangoza aldeko 34 udalekin, erregistro zibilak "on line" konektatzeko asteartea, 2008.eko apirilak 1

Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilari Javier Caballero Martínez Zangozan izan da gaur goizean, Nafarroako 267 udalen erregistro zibilak "on line" ezartzeko hitzarmenak izenpetzen segitzera, oraingoan aipatutako hiriaren eraginpeko 34 udalenak, hain zuzen.


Caballero kontseilaria udaleko arduradunekin

Caballero kontseilaria udaleko arduradunekin. ( irudia handitu )

Zangozako udaletxeko osoko bilkuren aretoan bildu dira herri hauetako alkateak -eta haien ordezkoak-: Oibar, Burgi, Kaseda, Gazteluberri, Eslava, Zaraitzu-Espartza, Ezkaroze, Ezporogi, Gallipentzu, Galoze, Garde, Gorza, Izaba, Itzaltzu, Jaurrieta, Xabier, Leatxe, Ledea, Irunberri, Nabaskoze, Otsagabia, Orontze, Petilla de Aragón, Erromantzatua (Domeinu), Erronkari, Zare, Zangoza, Sartze (Ibiltzieta), Urraulbeiti (Artieda), Urraulgoiti (Irurozki), Urzainki, Uztarroze, Bidankoze eta Esa.


Nafarroako Gobernuaren aldetik, Caballero kontseilariaz gain, ekitaldian izan dira Justizia zuzendari nagusia, Roberto Rubio Torrano, eta Justiziaren Modernizaziorako Zerbitzuko zuzendaria, Carolina Delgado Gómez. Tutera eta Zangoza aldeko udalen lankidetza bereganatu ondoren, 8an, datorren asteartean, jarraituko du kontseilariak hitzarmenak izenpetzen, Tafallan; apirilaren 9an Irurtzunen eta zehazteko dauden egunetan Lizarran, Donezteben edo Elizondon eta Iruñean.


Erregistroak informatizatu eta "on line" konektatzeari esker herri bakoitzeko bizilagunen egoera zibilari dagozkion datuak inskribatu ahal izanen dira euskarri elektroniko aldaezinean. Datu horiek telematikoki eskatu eta eskuratu ahal izanen dira Espainiako edozein erregistrotatik, eta udal erregistro zibiletik ere sisteman konektatutako besteetan eskatu eta eskuratu ahal izanen dira.


Nafarroako udalen mendeko 267 erregistro zibil delegatuak –halako erregistroak dituztenak erregistro zibil nagusirik ez duten udal, zendea edo batasunak dira, eta erregistro zibil nagusia dutenak, berriz, Iruña, Tutera, Lizarra, Tafalla eta Agoitz, epaitegia dutelako, 2004an informatizatuak- informatizatu eta linean jartzeak 901.760 euroko kostua du orotara, eta horietatik 541.056 € ordainduko ditu Nafarroako Gobernuak. Gainerakoa Justizia Ministerioak eta Red.es estatuko sozietate publikoak finantzatuko dute.


Ekintza hau Estatuko Administrazioa modernizatzeko Avanza izeneko Planaren barruan dago, eta haren xedea da Espainian dauden 7.700 erregistro zibilak informatizatu eta ‘on line’ konektatzea. Nafarroako Gobernuak bat egin zuen ekimenarekin. Datu base bateratua Madrilen dago, eta Nafarroa izanen da sistema ezarriko duen Espainiako lehendabiziko erkidegoa.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa