(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gaur goizean, Gobernuko kideek harrera egin diote Aralarko Aingeruari Nafarroako Jauregian asteazkena, 2008.eko apirilak 2

Gaur goizean, Nafarroako Jauregian, Nafarroako Gobernuak, lehendakaria -Miguel Sanz Sesma- buru zuela, harrera egin dio San Migel Excelsisen irudiari, ohore guztiekin.


Aralarko Aingeruaren desfilea.

Aralarko Aingeruaren desfilea. ( irudia handitu )

San Migelen irudia gaur goizeko hamaikak aldera iritsi da Nafarroako Jauregiko ate nagusira, Aralarko Santutegiko kaperau Miguel Larrambebere Zabalaren eskuetan. Bertan zeuden zain Sanz lehendakaria, bere gobernuko kideak eta funtzionarioak eta herritarrak, une hori agintariekin bizi nahi izan duten guztiak, usadiozko "Marcha para la entrada del Reyno" entzuten zen bitartean.


Irudiari ongi etorri eginda, bertan zirenak prozesioan joan dira errege jauregiko eskaileretan gora eta gero Solairu Nobleko galeria nagusietan barna, atzean irudia zetorrela, arma-erregeak eta mazolariek babestuta, alboetan zuziak eramaten dituzten alguazililoak eta amaieran Gobernuko kideak. Segizioa solairu nobleko korridoreetatik eta Tronuaren Aretotik iragan da, eta kaperara iritsi.


San Nikolas elizako parrokoak ospatu du Eukaristia, Iruñeko Katedraleko Musika Kaperaren Abesbatzaren eta Ganbera Orkestraren laguntzarekin, Aurelio Sagaseta Aríztegui maisuaren zuzendaritzapean. Musika egitaraurako lan hauek aukeratu dituzte: M. Sostoaren "Kyrie 2v. de la misa A dúo y turba", (Arizkungo Kyrie-ak); Alelluiarako, berriz, G.F. Haendelen O Worship the King, 4 v.m aukeratu dute. Eukaristiaren beste une batzuetan D. Zipoliren Domine ad adjuvandum, 4 v. entzun da; Alme Pater mezaren Sanctus-a eta Cantique , 4 v. m., G. Faurérenak.


Irudia gurtzean, euskarazko ohiko koplak abestu dira, "Mikel, Mikel guria" eta "Agur Mikel Aingeru" alegia, eta agurretan, bai hasierakoan bai amaierakoan, Nafarroaren Himnoaren doinua jo du Nafarroako Gobernuaren Tronpeta eta Tinbal Bandak, Mariano Morán irakasleak zuzenduta.


Homilian zehar, Santiago Cañardok otoitz egin du ordezkariek indarra eta kemena jaso dezaten denon onuraren aldeko lana betetzeko. Era berean, ospakizun honen edertasuna nabarmendu du, herenegun Iruñeko bizilagun asko eta asko bildu eta, euria ari bazuen ere, hiriko sarreran Aingeruari agur egitera joan baitziren; era berean, Jaungoikoak erakustaldi hauen edertasunean dugula ikusgai adierazi du; gure lurraldea santutegiz, elizez eta tradizioz janzten dituen edertasunean eta maitasunean.


Meza amaituta, bertaratuek San Migel irudiak daraman "lignum crucisen" erlikia gurtu dute, harekin batera joan dira prozesioan Jauregiko ateraino, eta han, amaierako ekitaldi gisa, bertaratuen eta Nafarroa osoaren bedeinkapena egin da.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa