(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Aldanza, Tempomobile eta Aukeran taldeak arituko dira, asteburu honetan, Eszena Dantza Jaialdiaren baitan osteguna, 2008.eko apirilak 3

Nafarroako Aldanza eta Tempomobile konpainiak eta Gipuzkoako Aukeran arituko dira, asteburu honetan, Eszena Dantza Jaialdiaren baitan. Altsasun, Agoitzen, Beran, Burlatan, Castejónen eta Los Arcosen eskainiko dituzte emanaldiak.


Aukeran Dantza Taldea

Aukeran Dantza Taldea. ( irudia handitu )

Almudena Lobónen Dantza Konpainiak (Aldanza) "A.D. 2008" ikuskizuna aurkeztuko du, bihar (ostirala, apirilaren 4a), 21:30ean, Lodosako Kultur Etxean, eta igandean (apirilaren 6a), 20:00etan, Los Arcoseko Kultur Etxean.


"A.D. 2008" dantzari eskainitako omenaldia da. Almudena Lobónen Dantza Konpainiaren proposamenak bi koreografia hauek ditu bere baitan: batetik, "Étude", Almudena Lobón berak sortu duen dantza neoklasikoko lana; eta bestetik, "Panta Rei", Antonio Calero-ren dantza garaikideko lana.


Almudena Lobón, konpainiako zuzendari artistikoa, Zaragozako María de Avila eskolan trebatu zen, eta bertan, errepertorio klasikoan murgildu zen. Ana Laguna, Arantxa Argüelles, Trinidad Sevillano, Carmen Roche eta Victor Ullate izan zituen ikaskide, besteak beste. Ullate bera zuzendari artistiko zuela, hain zuzen, Ballet Liriko Nazionalean sartu zen (gaur egungo Dantza Konpainia Nazionalean). Konpainia horretan hainbat urtez dantzari aritu ondoren, 1982an dantza irakasteko ikastetxe bat jarri zuen abian, Iruñean. 2007an, 25 urte bete ditu zuzendari Almudena Lobón Dantza Eskola Profesionalean.


Antonio Calero 1992an Dantza Konpainia Nazionalean sartu zen, Nacho Duatoren zuzendaritzapean, eta 1999ra arte bertan aritu zen. Urte horietan munduko koreografo nagusiekin egin zuen lan: Jiri Kylián, Mats Ek, Ohad Naharin, William Forsyte eta Duato berarekin. 2000an, Almudena Lobónekin hasi zen, dantza garaikideko eta jazzeko irakasle eta koreografo, Aldanzan.


Konpainiako kideak honako hauek dira: Cristina del Pozo, Denise Fuentealba, Teresa Jiménez, Garazi Ostiz, Manuel Cancela, David Mejías, Iñaki Cobos, Leire Merino, Juan Carlos Lesaca eta Joseba Yerro.


Aukeran Dantza Taldeari dagokionez, hiru emanaldi eskainiko ditu. Lehenengoa bihar (ostirala, apirilaren 4a), 20:00etan, Burlatako Kultur Etxean; bigarrena larunbatean (apirilaren 5a), 20:00etan, Castejóngo Sarasate Kultur Etxean; eta hirugarrena igandean (apirilaren 6a), 19:00etan, Agoitzeko Kultur Etxean.


Erritmoen eta doinuen arteko nahasketan oinarritutako estiloa du Aukeran konpainiak, eta tradiziozko folklorearen eta dantza garaikidearen osagaiak ditu. Taldearen ikuskizunak bideen eta bidegurutzeen gaineko gogoeta proposatzen du, eta baita belaunaldiz belaunaldi bide horietan ibiltzeak sortzen duen trukearen gaineko gogoeta ere.


Aukeran Dantza Taldea 1997an sortu zuten, tradizioan errotutako ikuskizunak sortzeko asmoarekin, baina usadio zaharretako arau asko desegituratuz eta dantza garaikidearen osagaiak erabiliz. Hartara, Euskal Herriko tradiziozko dantzen aberastasunaren berri mugez gaindi ematen ahalegintzen da Aukeran, hizkuntza berri bat sortzeko. Taldea sortu zutenetik, Menchu Medel-ekin (dantza klasikoa) eta Katixa Perea-rekin (dantza garaikidea) egiten du lan.


Tempomobile konpainiak "Inventana" ikuskizuna aurkeztuko du, larunbatean (apirilaren 5a), 19:00etan, Berako Kultur Etxean, eta igandean (apirilaren 6a), 18:00etan, Altsasuko Iortia Kultur Etxean.


Tempomobile haurren munduan sartu da "Inventana" lanarekin. Bertan, bizimodu monotonoari irudimenaren bidez ihes egiten dion neskatxaren istorioa kontatzen du.


Inventana Barañaingo Auditorioak, Zizur Nagusiko Kultur Patronatuak eta Antsoaingo Antzokiak ekoiztu dute, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Irailaren 29an estreinatu zuten, Barañaingo Auditorioan.


Tempomobile Dantza Konpainia Iruñean sortu zuten, 1994an, Becky Siegel iparramerikar koreografoaren zuzendaritzapean. Harrezkero, Espainiako eta atzerriko antzoki eta jaialdietan dantzatu izan du konpainiak. Gainera, ahalegin handia egin du Nafarroan dantza garaikidearen zaleak sortzeko. Horretarako, herri txikietan eskaini izan ditu emanaldiak, eta ikasleentzako programa didaktikoetan ere parte hartu izan du. Siegelek hamaika ikuskizun sortu ditu Tempomobile taldearentzat, gehienak hainbat musikarirekin elkarlanen.


Inventanan, Becky Siegel koreografoaz gain, beste artista batzuk ere aritu dira: Paco Iglesias, jatorrizko partituraren egilea; Carlos Salaberri, argiztapenaren diseinugilea; Patxi Fuertes, pertsonaiek erabiltzen dituzten maskaren sortzailea; eta Isabel Morales, jantzien diseinuen egile eta jostuna.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa