(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Larragako Udalak Nafarroako Gobernuaren aurkako helegitea aurkeztu zuen, 2006ko krosa medikurik gabe antolatzeagatik ezarri zion zigorrarengatik, baina ezetsi egin dute ostirala, 2008.eko apirilak 4

Errege eguneko kirol proban lasterkari bat hil zen, bihotz eta arnas gelditzearen ondorioz


Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak ezetsi egin du Larragako Udalak Nafarroako Gobernuaren aurka aurkeztu zuen helegitea. Hain zuzen ere, arauak urratu eta krosa medikurik eta anbulantziarik gabe antolatzeagatik zigorra ezarri zion Nafarroako Gobernuak Larragako Udalari, eta horren harira aipaturiko Udalak aurkeztu zuen helegiteaz ari gara.


Auzia eragin zuten jazoerak 2006ko urtarrilaren 8an gertatu ziren. Egun horretan, Errege eguneko krosa egin zuten Larragan, Udalak antolatuta, eta bertan, Roberto Ezpeleta Elustondo Barañaingo lasterkaria, 36 urtekoa, zorabiatu eta hil egin zen, bihotz eta arnas gelditzearen ondorioz.


Kirol proban parte hartzen ari zen traumatologo batek artatu zuen lasterkaria. SOS Nafarroari abisua eman ondoren, Larraga inguruko herrietako osasun eremuan zaintza txandan zeuden erizaina eta sendagilea ere bertaratu ziren. Erizaina, hain zuzen, Larragan bertan zegoen, eta sendagilea, berriz, Artaxoatik etorri zen. Hala ere, lasterkaria suspertzeko ahaleginak alferrikakoak izan ziren. 45 minuturen buruan Iruñeko anbulantzia medikalizatua iritsi zen, ZIU mugikorra. Lasterkaria ospitalera zeramatenean hil zen.


Urtarrilaren 13an, Barne zuzendari nagusiaren aginduz, aurre informazioko aldia abiarazi zuten, jazotakoa argitzeko, eta aldi hori amaitu ondoren, Javier Caballero Martínez Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariak zehapen espedientea abiarazi zuen, 2006ko otsailaren 3ko Foru Aginduaren bidez. Udalari eta jazoeretan esku hartu zutenei espedientearen berri eman zieten. Amaitzeko, instrukzio epaileak dagokion proposamena egin zuen, eta hartara, aipaturiko jazoeren berri eman eta honako hau adierazi zuen: Larragako Udalak ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituen 2/1989 Foru Legeko 8. artikuluaren gaineko arau hauste oso larria egin zuela. Kontseilariak, instrukzio epailearen proposamenari jarraiki, 6.010 euroko isuna ezarri zion Larragako Udalari, uztailaren 11ko Foru Aginduaren bidez.


Udalak Foru Aginduaren aurkako helegitea aurkeztu zion Nafarroako Gobernuari, baina hark ezetsi egin zuen. Ondoren, erabaki horren aurkako helegitea aurkeztu zuen, eta horixe bera da orain Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak ezetsi duena.


Epaian adierazi dutenez, Larragako Udalari zegokion krosean larrialdiak artatzeko sendagilea eta anbulantzia egon zitezen ziurtatzea, baina nolanahi ere, "baliteke kirolariaren heriotza halabeharrezkoa izatea, eta ez da hori kasu honetan eztabaidatzen eta ebazten den gorabehera".


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa