(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Bob Dylanek Iruñean abiatuko du Espainiako bira, ekainaren 24an, eta bi egun lehenago, Kolonbiako Juanes arituko da asteazkena, 2008.eko apirilak 9

Bob Dylanek Iruñeko zezen plazan abiatuko du Espainiako bira, ekainaren 24an, eta hurrengo egunean, berriz, Zaragozan eskainiko du emanaldia. Bi egun lehenago, ekainaren 22an, leku berean, Juanes kolonbiar abeslaria arituko da.


Bob Dylan

Bob Dylan. ( irudia handitu )

Bi kontzertuen izen generikoa "Rock en el Reyno" (Rocka Erresuman) izanen da, eta 1.276.000 euroko kostua izanen dute. Gainera, beste 90.000 euro erabiliko dituzte komunikazio ekintzetarako. Nafarroako Gobernuak, Kultura eta Turismo Departamentuaren bidez, 165.000 euroko ekarpena eginen du (+ BEZa), eta Iruñeko Udalak, berriz, 60.000 euroko ekarpena. Kontzertuak In & Out enpresak antolatuko ditu.


Foru Gobernua kultur ekitaldiei sostengua ematen ahalegintzen da, eta besteak beste, nazioartean garrantzi berezia duten artistek eskainitako emankizunei. Aipaturiko bi ikuskizunak interes horren esparruan kokatuta daude. Izan ere, Kultura eta Turismo Departamentuaren arabera, "kulturaren arloan duten berezko interesaz gain, beste eragile batzuk ere kontuan hartu behar dira, hala nola Foru Komunitatearen sustapena edo bisitariak erakartzea". Era berean, nabarmendu behar da, "gisa horretako ekitaldiak musikaren esparrutik haratago daudela, eta gertaera sozial bilakatzen direla".


Bob Dylan gaur egungo musikako mito bizidunetako bat da, eta espezialista askoren iritziz, munduan eraginik handiena duten musikarietako bat da. Musikaria Iruñera etortzeak eragin handia izanen du, eta are gehiago kontuan hartzen badugu Nafarroako hiriburuan abiatuko duela 2008ko bira. Ondorioz, komunikabideek arreta berezia eskainiko diote, eta Frantziako hegoaldeko, Euskal Autonomia Erkidegoko edo Errioxako zaleak etorriko dira Iruñera.


Bestalde, Juanes ere Iruñera etorriko da, aurten Europa osoan barrena ibiliko den "Gira latina" (latindar bira) delakoaren baitan. Hain zuzen ere, birako muntaiarik handienarekin etorriko da Nafarroako hiriburura. Kolonbiar artistak disko asko saltzen ditu, eta ospe handia du nazioartean. Gainera, oihartzun handia izan zuen bake ekimen bateko buru izan zen berriki, Kolonbiaren eta Venezuelaren arteko mugan. Horren guztiaren ondorioz, Iruñean eskainiko duen kontzertua ekitaldi jendetsua izanen da. Mota orotako ikusleentzako kontzertua izanen da, baina bereziki erakargarria izanen da Espainiako iparraldean bizi diren latinoamerikarrentzat.


Kalkuluen arabera, 30.000 bat pertsona bilduko dira bi kontzertuetara, eta %40 Nafarroarekin muga egiten duten erkidegoetakoak izanen dira. Iruñeko zezen plazan 15.000 pertsona bildu daitezke, kontzertu bakoitzean.


Sarrerak bihar jarriko dituzte salgai. Juanesen kontzertuko sarreren salneurria 40 €-koa izanen da (+ banaketa gastuak), eta Dylanen kontzertukoena, berriz, 50 €-koa (+ gastuak). Salmenta guneak honako hauek izanen dira: www.inoutnavarra.com eta www.ticktackticket.com webguneak; 902150025 telefono zenbakiak; eta Cállate la Boca (Estafeta 21), Carrefour eta Hiper Leclerc saltokiak.


Juanesek ekainaren 22an eskainiko duen kontzertuaren kasuan, zezen plazako ateak 20:00etan zabalduko dituzte, eta emanaldia 22:00etan hasiko da. Bob Dylanek ekainaren 24an eskainiko duen kontzertuari dagokionez, berriz, hasierako gonbidatu bat ere arituko da, eta zezen plazako ateak 19:30ean irekiko dituzte. 21:30ean, Bob Dylan agertokira aterako da.

Dokumentazioa:
Vídeo de la rueda de prensa
Audio de la rueda de prensa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa