(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

54 suhiltzaile boluntario prestatzeko oinarrizko ikastaroa hasi da osteguna, 2008.eko apirilak 10

Nafarroan boluntarioz osatuta dauden zazpi parkeetatik bost indartuko dituzte


Ikastaroaren inaugurazioa

ANEko zuzendari David Sáinzek, Babes Zibileko zuzendari Alberto Otamendik, Boluntariotza Unitateko buru Josu Janicesek eta Josemi Larrea ofizialordeak suhiltzaile boluntarioak izango direnak hartu zituzten. ( irudia handitu )

Guztira 54 ikaslek ekin diote suhiltzaile boluntarioendako oinarrizko ikastaroari, Nafarroako Segurtasun Eskolan; ikastaro horren bidez larrialdietan beren borondatez esku-hartzeko gaikuntza eskuratuko dute.


Izangai horiek -gehienek laguntza lanak betetzen dituzte dagoeneko- Foru Komunitateko lurraldean boluntarioez osatuta dauden zazpi parkeetatik bost indartuko dituzte, zehazki Agoizkoa, Berakoa, Goizuetakoa, Leitzakoa eta Lesakakoa –beste biak Izabakoa eta Luzaidekoa dira-. Ikasle gehienak 25 urtetik 40 urtera bitartekoak dira, eta haietako bost emakumezkoak dira, denak lesakarrak.


Gaur egun, ia 140 pertsona daude prest Nafarroako Larrialdietako Agentziaren Prebentzio, Su-Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuarekin lan egiteko, baina orain arte ez zuten denek boluntarioen diploma, eta mantentze-lanetan edo laguntzan baizik ez zuten aritzerik.


Honelako azken ikastaroa duela lau bat urte egin zen. Berriz egiteak belaunaldiak berritzen laguntzen du eta aukera emanen dio agentziari 20 edo 25 boluntario edukitzeko parke bakoitzean.


Aste honetan hasi den oinarrizko ikastaroaren helburua da suhiltzaile lanak berezkoak dituen zereginetan bere borondatez parte hartu nahi duten langileei prestakuntza ematea. 56 ordu izanen dira, ezagutza teorikoei buruzkoak (zerbitzuaren antolaketa, araudia eta etika, prestakuntza psikologikoa eta laneko segurtasuna) eta teknikoenak (sua itzaltzea toki desberdinetan –basoan, etxe barrenean etab.-, ekipo edo salbamenduko materialak). Horrez gain, bi orduko simulakroa eginen da. Ikasleek azterketa bat ere egin beharko dute. Klaseak parkeak dauden herrietan emanen dira, ekainaren 14an amaituko dira, eta diploma eskuratzeko nahitaezkoa da klaseetara joatea.


Suhiltzaile boluntarioek 2007an egindako esku-hartzeek 5.000 ordu egin zituzten, bai suak itzaltzen (basokoak nahiz biziguneetakoak), galtzadak garbitzen edo pertsonak bilatzen, bai eta praktika eta simulakroetan ere. Izan ere, suhiltzaile boluntario guztiak beharturik daude urtean 60 orduko ariketa praktikoak egitera.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa