(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Alberto Catalán kontseilari-eleduna Europako Parlamentuko lehendakari Hans-Gert Pötteringekin bildu da gaur goizean osteguna, 2008.eko apirilak 10

Bilera Europar Batasuneko Eskualdeen Lantaldeak Bruselan egindako osoko bilkuraren harira egin da


Catalán kontseilari-eleduna Europako Parlamentuko lehendakari Hans-Gert Pötteringekin

Catalán kontseilari-eleduna Europako Parlamentuko lehendakari Hans-Gert Pötteringekin. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuaren eledun eta Erakunde Harremanetarako kontseilari Alberto Catalán Higueras, Europako Parlamentuko lehendakariarekin, Hans-Gert Pötteringekin, bildu da gaur goizean, Eskualdeen Lantaldeak Osoko Bilkura egin duela baliatuta.


Bilkura horretan, Alberto Catalán kontseilariak adierazi dio Pöttering lehendakariari Nafarroa konprometiturik dagoela Europa eraikitzeko prozesuarekin. "Nafarroak hamarkadak ditu, are gehiago esanen nuke, mendeak ditu Europarekin estu loturik. Gure lurraldea eta Nafarroako gizartea eroso daude Europan eta haren parte sentitzen dira, Europar Batasunak gure autogobernua errespetatzen duelako eta osotara gure egiten ditugun balioak ordezkatzen dituelako: askatasuna, demokrazia, berdintasuna, zuzenbide estatua, pluralismoa, tolerantzia, aurrerapena, ongizatea eta giza eskubideen errespetua" jakinarazi dio Catalánek.


Bileran, Erakunde Harremanetarako kontseilariak nabarmendu du, halaber, "Espainia eta Foru Komunitatea Europan sartu izanari esker, gure arazoetako askori aterabidea eman eta hobetu ahal izan ditugu, halako moduan non Nafarroa gaur egun Europako eskualde aurreratuenetako bat bilakatu den". "Hori dela eta", gaineratu du, "lotura horiei eutsi behar diegu eta gure arteko harremanak sendotu, gure erkidegoak Batasuneko foro eta erakundeetan, hala nola, Eskualdeen Lantaldean, parte hartuz".


Esan beharra dago Erakunde Harremanetarako kontseilari eta eledunak Eskualdeen Lantaldeko kide gisa izandako parte-hartzea Nafarroako Gobernuak legealdi honetarako ezarri duen estrategiaren barruan dagoela, izan ere, Foru Komunitateak Europar Batasuneko eta eskualdeez gaindiko erabaki eta eztabaida foroetan duen presentzia indartu egin nahi du. Europaren aldeko apustu hori, Catalanek gogorarazi duenez, Nafarroako Gobernuaren organigrama berrian ere islatu zen, zuzendaritza nagusi berri bat sortuz, Erakunde Harremanetarako Zuzendaritza, hain zuzen, besteak beste helburu hau bultzatzeko: Europar Batasuneko eskualde eta erakundeekiko harremanen gaiei langile eta baliabide gehiago atxikitzea.


Mugaz haraindiko lankidetza


 Hans-Gert Pöttering lehendakariarekin izandako bileran, kontseilariak aipatu du, Foru Komunitateak Europaren garapenaren alde egindako apustuaren adibide gisa, mugaz haraindiko nola eskualdeen arteko lankidetzan duen inplikazioa, arlo honetan, kontseilariaren esanetan, "Nafarroak jorratua baitu bidea, baina horren alde egiten segitu behar du, lankidetza hori Europako eskualdeen gaurko eta biharko garapenerako tresna giltzarrietako bat delako".


Ildo horretan, Catalánek, jarduketa adierazgarrienen artean hauek aipatu ditu: Akitaniarekiko eta Pirinio Atlantikoekiko mugaz haraindiko lankidetza; Interreg programa, zeinetan Nafarroak mugaz haraindiko lankidetzako ia hirurogei proiektutan parte hartu duen, 2000tik 2006ra; eta Espainia-Frantzia-Andorra programa, berriki abiarazitakoa.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa