Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
10 milioi € banatu dituzte udalerrien artean, Amelia Salanueva kontseilariak azaldu duen moduan
Amelia Salanueva Murguialday Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariak gaur azaldu duenez, Nafarroako udalek 10 milioi €-ko (1.663 milioi pezeta) ezohiko laguntza jasoko dute 2008ko aurrekontuetatik. Zenbateko hori Gobernuak eta PSN alderdiak onartu eta hitzartu dute, aurrekontu orokorren baitan. Hain zuzen ere, "Udalak Finantzatzeko Plan Berezia" izeneko partidari buruz ari gara. Zenbatekoa banatzeko udalerri bakoitzeko biztanle kopurua hartu dute kontuan, eta Amelia Salanuevak berak azaldu du, prentsaurrekoan, laguntzak nola banatu dituzten. Bertara bildu da, era berean, José Luis Izco Biarge PSNren parlamentu bulegoko koordinatzailea ere.
Kontseilariak adierazi duenez, udalei lagundu nahi izan diete, finantzatzeko aukera gehiago izan ditzaten. Izan ere, 2008ko aurrekontuek hala ahalbidetu dute. Nafarroako udalek jasoko duten zenbatekoaren gaineko Foru Agindua dagoeneko sinatu dute, eta horretaz gain, Toki Ogasunen Funtsari buruzko Legearen bidez ere laguntzak jasoko dituzte. Kontseilariak adierazi du, gainera, aipaturiko funtsari KPI gehi 2 puntu erantsiko dizkiotela (2007ko zenbatekoarekiko).
Udalek jasoko dituzten 10 milioi €-etatik, 600.000 € Iruñeko Udalak jasoko ditu. Nafarroako hiriburuko biztanle kopurua kontuan hartuta, zenbateko handiagoa legokioke, baina 600.000 € nahikotzat jo dituzte, Iruñeko hiriburutza agirian aurreikusitako emendioa dela-eta.
Kontseilariak nabarmendu duenez, gainera, Toki Administrazioko Departamentuak justizian eta proportzionaltasunean oinarrituta banatu nahi izan ditu laguntzak. Gainera, udal bakoitzak 2008an dagokion zenbatekoa jaso dezan ahalbidetu duen Foru Agindua egiteko ere irizpide horiexek hartu dituzte kontuan.
Urtarrilaren 24ko 1/2008 Foru Legeak, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzkoak, "Udalak Finantzatzeko Plan Berezia" izeneko partida aurreikusten du, 10.000.000,00 eurokoa, gastuetarako maileguen atalean. Kontseilariak sinatu duen Foru Aginduak, hain zuzen, zenbateko hori banatzeko irizpideak arautzen ditu.
Hartara, zenbatekoa udalerri bakoitzeko biztanle kopuruaren arabera banatu dadin proposatu zuten, Estatistikako Institutu Nazionalak onartutako azkeneko datuen arabera banatu dadin (2007ko urtarrilaren 1eko datuak). Hori guztia 2008ko ekitaldi ekonomikoko zuzkidura berezia kontuan hartuta egin dute, eta justizia eta proportzionaltasun irizpideei jarraituta ikuspegi objektiboarekin; hau da, Nafarroako udalerrien artean banaketa zuzena eta berriz antolatzeko modukoa eginda. (Atxikita dagoen zerrendan zehaztuta daude udal bakoitzari dagozkion zenbatekoak)