(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Hezkuntza Departamentuko kontseilariak ENAI aurkeztu dio, ofizialki, Euskaltzaindiari asteartea, 2008.eko apirilak 22

Carlos Pérez-Nievas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko kontseilaria eta Departamentuko beste ordezkari batzuk Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzara joan dira, gaur, Erakundeko zuzendariei Euskararen Nafar Institutua aurkezteko.


Carlos Pérez-Nievas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko kontseilaria eta Euskaltzaindiako Presidentea, Andrés Urrutia, erdian, beste ordezkariekin batera.

Carlos Pérez-Nievas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko kontseilaria eta Euskaltzaindiako Presidentea, Andrés Urrutia, erdian, beste ordezkariekin batera. ( irudia handitu )

Topaketan honako hauek ere egin dituzte: 2007ko Lankidetza Hitzarmeneko Jarraipen Batzordearen akta sinatzeko erabakia hartu dute; Batzorde Teknikoaren txosten bat aztertu dute, akordio berriaren garapenerako; eta aurrera egin dute 2008ko jardueren proposamenean (aurten, besteak beste, onomastikako corpuseko lanak aurreratu, Edu Zelaietaren doktorego tesiaren argitalpena amaitu, edo Axularren Gero liburuaren argitalpen iruzkinduna eginen dituzte). Era berean, honako hauek ere izan dituzte hizpide: arlo judizial-administratiboko euskarazko terminologiaren glosategia, eta Pirinioetako mintzairei buruzko kongresuaren prestalanak (kongresua Iruñean eginen dute, datorren udazkenean).


Jakina denez, ENAI Nafarroako Gobernuak sortu zuen erakunde autonomoa da, eta bi helburu hauek ditu: batetik, herritarrek euskara ikasi eta erabiltzeko duten eskubidea babestea, eta hori ahalbidetzeko bitartekoak definitzea; eta bestetik, euskara Nafarroan berreskuratu eta garatzeko babesa ematea. Institutuak zeharka parte hartzen du Foru Komunitateko Herri Administrazioetan.


Euskaltzaindia, berriz, aholkularitza ofiziala da, hizkuntza arauak xedatze aldera, eta Euskarari buruzko Foru Legean xedatutakoari jarraiki, aginte publikoek hari eskatzen dizkiote beharrezkotzat jotzen dituzten txosten eta irizpen guztiak. Euskaltzaindia Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, eta Nafarroako Aldundiek sortu zuten, legez, 1919an. Euskaraz arduratzen den erakunde ofiziala da. Euskal hizkuntzari buruzko ikerlanak egiten ditu, berori babestea du xede, eta hizkuntza erabiltzeko filologia arauak egin ohi ditu. Euskaltzaindiak ezagumendu ofizial osoa du, Espainian, Erret Akademia gisa (1976az geroztik).


Nafarroako Gobernuaren (Hezkuntza Departamentua) eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza estua da, eta urteak daramatzate horretan. Azkeneko lankidetza hitzarmena 2007ko ekainean egin zuten, eta Euskaltzaindiak euskararen gainean Nafarroan egiten dituen jardueretarako 140.000 euroko urteroko diru laguntza finkatu zuten. 2007an izenpetu zuten akordioak urtebeteko iraupena zuen, eta jarraipen batzordea eta laneko batzorde teknikoa sortzea xedatu zuten bertan. Hitzarmenari jarraiki, honako hauek egin dituzte: grabaketak Beruete, Donamaria eta Goizuetan, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa-Atlas de las variedades locales del Vascuence egiteko; Onomastikako Corpusa (haren kopia bat Nafarroako Gobernuari eman diote); Edu Zelaieta Antaren Baztan-Bidasoa hizkeren azterketa dialektologikoa lanaren argitalpena; Juan Carlos López-Mugarzaren doktorego tesiko datu-basearen argitalpena; "Vianako Printzea" aldizkariko gehigarrietako materialak digitalizatzeko lanak (nafar euskaltzainen ekarpenak); eta terminologia juridiko-administratiboari buruzko jardunaldiak.


Gaurko topaketara honako hauek bildu dira, Nafarroako Gobernuaren ordezkari gisa: Carlos Pérez-Nievas López de Goicoechea Hezkuntza Departamentuko kontseilaria; José Luis González García Kabineteko burua; Xabier Azanza Arbizu Institutuko zuzendari kudeatzailea; Julen Calvo Jiménez Trebakuntza Zerbitzuko zuzendaria; eta Mikel Aramburu Zudaire Aholkularitza eta Ikerketarako Zerbitzuko zuzendaria. Euskaltzaindiari dagokionez, berriz, ordezkari hauek bildu dira ekitaldira: Andrés Urrutia lehendakaria; Juan José Zearreta kudeatzailea; Pello Telleria idazkariordea; Andrés Íñigo Euskaltzaindiak Nafarroan duen ordezkaria; eta José Luis Lizundia diruzaina.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa