(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako toki mapa berrantolatzeko azterlana esleitu dute osteguna, 2008.eko apirilak 24

Hartara, Toki Administrazioko Departamenduak abian jarri ditu udal mapa modernizatzeko izapideak


Pedro Pegenaute zuzendari nagusia, Salanueva kontseilaria eta Javier Remírez de Ganuza, zerbitzuaren zuzendaria.

Pedro Pegenaute zuzendari nagusia, Salanueva kontseilaria eta Javier Remírez de Ganuza, zerbitzuaren zuzendaria.. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak abian jarri ditu Foru Komunitateko toki mapa berrantolatzeko izapideak. Hain zuzen ere, Amelia Salanueva Murguialday Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariak konpromiso hori hartu zuen, legealdiaren hasieran, Parlamentuan.


Azaroaren amaieran, Ganberak ebazpen bat onartu zuen eta toki erakundeen finantzaketari eta udal mapa modernizatzeko beharrari buruzko proposamen bat egiteko eskatu zion Gobernuari. Aste honetan, Nasursa (Nafarroako Etxebizitzetarako Lurzorua, SA) enpresa publikoaren bidez, "EIN Navarra Consultoría y Gestión S.L." eta "Consultores de las Administraciones Públicas S.L." enpresei esleitu diete azterlana. Kontratuaren zenbatekoa 142.500 eurokoa da, BEZa kanpo.


Azterlana 2008ko urriaren amaierarako egin beharko dute, Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioak proposamenak egin ahal izateko. Ondoren, Parlamentuari igorriko diote (aurreikuspenen arabera, azaroaren 28an). Toki Administrazioko Departamentuak, Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioak eta Parlamentuak dokumentu hori erabili ahal izanen dute, Nafarroako gaur egungo udal mapa modernizatzeko moduak sakon aztertzeko tresna gisa. Hain justu, Nafarroako udal mapa 272 udalek eta 352 kontzejuk osatzen dute, gaur egun. Hartara, udal mapa administratiboa zentzuz berrantolatzeko, kudeatzeko ahalmena duten toki erakundeak ahalbidetzeko, toki erakundeen eskumenen katalogoa sortzeko, eta eskumenak gauzatzea ahalbidetuko duen finantzaketa sistema eguneratua sortzeko modua aztertuko dute.


Pedro Pegenaute Garde Toki Administrazioko Departamentuko zuzendari nagusiak, 2008ko otsailaren amaieran, "Estudio sobre la reorganización administrativa y funcional de la Administración Local de Navarra" (Nafarroako Toki Administrazioaren berrantolaketa administratibo eta funtzionalari buruzko azterlana) izeneko lanaren aholkularitza teknikoa Nasursa enpresari agindu zion. Izan ere, enpresa publikoak eskarmentu handia du plan estrategikoak egiten, Nafarroako Lurralde Estrategiaren zuzendaritza teknikoan (azterlan honetarako erreferentzia esparrua horixe bera da), Lurraldearen Antolamenduko Planetan, edo Nafarroako toki erakundeetako administrazio sistemen gaineko azterlanen eta berrikuspenen zuzendaritzan. Azterlana arautzen duten baldintzak Toki Administrazioko Departamentuko Udal Zerbitzuak Antolatzeko Zerbitzuaren laguntzarekin zehaztu zituzten (bertako zuzendaria Javier Remírez de Ganuza da).


Nafarroako Lurralde Estrategiako diagnostikoan adierazita dagoenez, administrazioaren eraginkortasunari buruzko azterlanetan (kontsultatu diren guztietan) Nafarroan ohikoak direnak baino udalerri handiagoak aipatzen dituzte. 2006ko urtarrilaren 1ean, Nafarroak 601.874 biztanle eta 272 udalerri zituen. Hortaz, udalerri bakoitzak 2.182 biztanle zituen, batez beste. Hala ere, Nafarroako biztanleen erdiak baino gehiago Iruñean eta inguruko 16 herritan bizi dira. Bestalde, biztanleen ia %20 Tuteran eta Erriberako beste 25 udalerritan bizi dira. Hortaz, gainerako %30 216 udalerritan bizi dira. Nafarroako 154 udalerrik (%56 baino gehiago) 500 biztanletik behera dituzte, eta %70 inguruk, berriz, 1.000 biztanle baino gutxiago. Gainera, Nafarroak 352 kontzeju ditu, eta bakoitzak 89 biztanle ditu, batez beste. Toki erakunde horiei guztiei udalaz gaindiko beste 85 erakunde erantsi behar dizkiegu (mankomunitateak, partzuergoak eta taldeak). Egitura horrek kudeaketa ahalmena nahasten eta mugatzen du, zerbitzuak eraginkortasunez eskain daitezen eragozten du, eta zerbitzuak eskaintzeko mendekotasun handia eragiten du.


Azterlan berriaren bidez tokiko zerbitzuak zentzuz eskaintzeko moduak sustatzeko aukerarik ba ote dagoen aztertu nahi dute, nahitaez udalerriak edo kontzejuak bateratu behar izan gabe, eta hartara, gaur egun duten ordezkaritza politikoari eutsiz (euren borondatez bestelakorik adierazten duten erakundeak salbu). Helburua, azken batean, tokiko zerbitzuak hobetzeko eta bideratzeko aukera bideragarriak bilatzea da.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa