(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako hondakin ura arazteko kostuaren %62 arazketa kanonaren bidez ordaindu zuten iaz asteartea, 2008.eko apirilak 29

Uraren fakturaren bidez ordaintzen den arazketa kanonak 21,98 milioi euro biltzea ahalbidetu zuen 2007an; hau da, NILSA (Nafarroako Toki Azpiegiturak, SA) enpresa publikoak Foru Komunitateko hondakin ura arazteko iaz kudeatu zuen aurrekontuaren %62,3. Guztizko aurrekontua 35,29 milioi eurokoa izan zen, hain zuzen.


Enpresa publikoaren inbertsio planaren baitan, bestalde, honako hauek ere sartu zituzten, iaz: Faltzes eta Caparroson hondakin uraren hustubideak eraikitzea, Arga Behealdeko araztegiraino; Egaibarko araztegia eraikitzea; eta Zangozako instalazioa berritzea.


Datu horiek NILSA enpresako Administrazio Kontseiluan eman dituzte ezagutzera. Gainera, enpresa publikoak 2007an egin zuen kudeaketa lan ontzat eman dute. Administrazio Kontseiluak Amelia Salanueva Murguialday Toki Administrazioko Departamentuko kontseilaria du buru, eta toki erakundeetako zazpi ordezkarik eta Nafarroako Gobernuko beste zazpik osatzen dute.


Arazketa kanonaren bidez Nafarroako Ibaien Arazketarako Plan Zuzentzailearen %51,6 finantzatu dute, 1989an sortu zutenetik. 2007an, kanonaren bidez bildutako 21,98 milioi euroez gain, Nafarroako aurrekontuetako funtsak eta Europako FEDER funtsak ere erabili zituzten NILSAren aurrekontua finantzatzeko. Arazketa kanona arazketarako oinarrizko azpiegiturak eraiki eta mantentzeko erabiltzen dute, oso-osorik (araztegiak, hodi biltzaileak, ekaitzetarako tangak, ponpaketa putzuak, putzu septikoak...). Metro kubiko bat arazteko 17 zentimo behar dira, eta Nafarroan 80,44 hektometro kubiko arazten dira urtean; hots, Eugiko urtegiaren edukiera lau bider.


2007an, bestalde, NILSAk 15,14 milioi euro erabili zituen lanak egiteko eta beste 10,54 milioi euro araztegiak kudeatzeko. Sustatutako lanik gehienak enpresa publikoaren eta toki erakunde baten lankidetzaren bidez egin zituzten (12,2 milioi €). Kasu horretan, dagokion toki erakundeak hitzarmena izenpetzen du NILSArekin, eta haren esku uzten ditu nola proiektua hala azpiegituraren eraikuntza. Horixe bera da lan egiteko modurik ohikoena. Nolanahi ere, lan batzuk toki erakundeek eurek kudeatzen dituzte, zuzenean, eta proiektu osoa burutzen dute. Kasu horretan, NILSAk proiektua baliozkotu eta finantzatu baino ez du egiten. 2007an, 2,9 milioi euroko inbertsioa egin zuten gisa horretako azpiegituretan.


Horrela bada, Nafarroako araztegi gehienak NILSAk kudeatzen ditu. Nolanahi ere, Iruñeko Eskualdeko eta Montejurrako Mankomunitateak euren jarduera eremuan dauden araztegien funtzionamenduaz arduratzen dira, baina instalazio horiek ere Nafarroako Ibaien Arazketarako Plan Zuzentzailearen bidez finantzatzen dituzte (eta Planaren ezarpena NILSAri dagokio).


Iaz, gainera, Nafarroako hondakin organikoen kudeaketaren ardura bere gain hartu zuen enpresa publikoak, Nafarroako Hondakinen Partzuergoaren bidez. Nafarroako mankomunitate guztiak, Iruñeko Eskualdekoa salbu, Partzuergoari atxiki zaizkio, hondakinak Europako araudiari jarraiki tratatzeko. Gaur egunera arte, hondakinak zabortegietan lurperatzen zituzten, aldez aurretik tratatu gabe. Baina zabortegi gehienak dagoeneko itxi egin dituzte, eta oraindik ere lanean ari direnek, Gongorakoa kasu, ingurumen baimen integratua dute. Hala ere, Partzuergoaren helburua zabortegien ordezko aukeraren bat proposatzea da, Tuterako "El Culebrete" biometanizazio plantaren antzera, eta hartara, hondakin organikoak modu aurreratuan tratatzea. Gaur egun, Partzuergoak kudeatzen dituen hondakinen gehiengoa "El Culebrete" plantara eramaten dute.


Amelia Salanueva Murguialday Toki Administrazioko Departamentuko kontseilari eta NILSAko presidenteak zentzu horretan egin dituen adierazpenen arabera, herritar guztiek hondakinak tratatzeko zerbitzu bakarra, homogeneoa eta zuzena izan dezaten nahi dute, zerbitzu eta karga ekonomiko berekin. Hondakinen Partzuergoari atxikita dauden mankomunitateetako erabiltzaileek, 2008ko urtarrilaren 1az geroztik, 17,5 euro gehiago ordainduko dituzte urtean, hondakinen fakturaren baitan, eta hartara, Hondakinen Partzuergoaren aurrekontuaren %17 finantzatuko dute (2008an 10 milioi €, hain zuzen). Gainerako zenbatekoa (%83) Nafarroako Gobernuak ordainduko du, Toki Administrazioko Departamentuak egin dituen ekarpenen bidez.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa