(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Alfredo Landa aktorea, 2008ko Vianako Printzearen Kultura Saria asteartea, 2008.eko apirilak 29

Alfredo Landa Iruñeko aktoreak jasoko du aurten, Leireko monasterioan eta Asturias eta Vianako Printze Borboiko Feliperen eskuetatik, hamazortzigarren Vianako Printzearen Kultura Saria, Nafarroako Kultura Kontseiluak haren izena proposatu baitio Nafarroako Gobernuari sari hori jasotzeko, gaur goizean horretarako egin den bilkuran. Aurrenekoz emanen zaio sari hau Nafarroaren izena harrotasunez eta modu eredugarrian eramaten jakin duen komiko, aktore, artista bati.


Sanz lehendakariak Nafarroako Urrezko Intsignia eman zion Alfredo landa aktoreari 2002ko azaroaren 27an

Sanz lehendakariak Nafarroako Urrezko Intsignia eman zion Alfredo landa aktoreari 2002ko azaroaren 27an. ( irudia handitu )

Nafarroako Kultura Kontseiluak nabarmendu duenez, saridunaren biografia eta lanbidean eginiko 50 urteko karreraren berri eman ondoren, "galaiaren estereotipotik aldenduta, eta perfil bakarreko eta ahots zurrun eta hanpatuarekiko lehen mailako aktorearen zantzu estandarizatuetatik urrun, komediante eta aktore bikaina izan da, izaerak eta pertsonaiak erregistro askorekin antzezteko gaitasunarekin".


Haren teknikari buruz, berriz, azpimarratu du baliabide eta zintzotasun profesional oparokoa dela, eta horri esker "Espainiako zinemako presentzia gogoangarrienetakoen" artean dagoela.


Aurtengo edizioan, sariak sei hautagai zituen: Miguel de la Quadra Salcedo y Gayarre, Juan Huarte Beaumont, Alfredo Landa Areta bera, Juan José Martinena Ruiz, Luis Bacáicoa Martich aita eta Jesús María Muneta Martínez de Morentin aita.


Nafarroako Kultura Kontseiluaren gaurko bilkura

Nafarroako Kultura Kontseiluaren gaurko bilkura. ( irudia handitu )

Saritutakoaren biografia


Alfredo Landa Areta 1933ko martxoaren 3an jaio zen Iruñeko San Anton kalean eta 12 urterekin joan zen bizitzera Donostiara, batxilergoa egitera lehenengo eta Zuzenbidea ikastera gero, baina Donostiako Teatro Español Universitario (T.E.U.) delakoan izandako esperientziaren ondorioz antzerkiak liluratu zuen eta horretara dedikatzea erabaki zuen.


1958an Madrilera jo zuen eta bikoizketako aktore gisa hasi zen lanean. Urtebete geroago antzezlan baterako estreinako kontratua lortu zuen, "Nacida ayer" lanean. Ordutik hona 17 antzezlanetan lan egin du, 120 pelikula eta 13 telesailetan.


Zineman, José María Forquéren zuzendaritzapean hasi zen, "Atraco a las tres" izeneko pelikulan, 1962. urtean. Bere lehendabiziko lanak komikoak izan ziren, eta pertsonaia arketipiko bihurtu zen, Espainiako zinemaren figura gorenetako bat. "Landismoa" deitutako korronte baten sortzailea izan zen, Espainiako sexu errepresioa umorez definitu zuena hirurogeiko hamarkadan.


Gorputzez anti-heroiarengandik hurbil zegoen arren, Landak jakin zuen erakusten, geroagoko lanei esker, teknika zuen aktorea zela, besteak beste "El crack", "Los santos inocentes" edo "La vaquilla" pelikuletan agerian geratu zenez.


1984an aktore onenaren saria irabazi zuen Cannesko jaialdian, Francisco Rabalekin batera, Mario Camusen "Los santos inocentes" filmagatik, eta bi Goya sari ditu, Espainiako zinemarenak, aktore onenari emandakoak: bata, 1987koa, "El bosque animado" pelikulagatik, eta bestea 1992koa, "La marrana" filmagatik.


Laurogeita hamarreko hamarkadan askoz ezagunagoa egin zen, telebistako zenbait telesailetan arrakasta handiarekin parte hartu zuelako: "Don Quijote", "Lleno, por favor" eta "Por fin solos".

Dokumentazioa:
Berri osoa Alfredo Landaren biografia osoarekin.doc
Vídeo de esta noticia
Audio de esta noticia

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa