Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariak emanen du neurri bakoitzaren nondik norakoen berri
Nafarroako Gobernuak "2007-2012 aldirako Gobernuaren ekintzei dagokienez, herritarrei begirako konpromisoak" Jarduera Plana onartu du gaurko saioan. Plan horretan bildu ditu, hain zuzen, departamentu bakoitzak legegintzaldi honetan landuko dituen neurriak.
Lehen presidenteorde eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariak hala eskatuta eratutako dokumentu hori herritarrek ezagutu eta ikus dezaten, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian jarriko dute (www.navarra.es). Bertan, ekimen bakoitzaren izapide edo egikaritzearen egoerari buruzko informazio eguneratua ikusi ahal izanen da.
"Herritarrei begirako konpromisoak" izeneko dokumentuak 13 foru lege, eskualdean eragina duten 40 jardun, 37 estrategia plan, zazpi agentzia berri, 19 behatoki eta kontseilu berri eta departamentuen 440 ekimen biltzen ditu.
Hitzarmenean jasota dagoenaren arabera, gizarte demokratiko "heldu" orotan, Gobernuko Lehendakaritzarako hautagaitzek onartutako eta inbestidura programetan agertzen diren hauteskunde konpromisoak "herritarrei begirako benetako konpromisoak dira".
2007ko maiatzaren 27ko hauteskundeez geroztik, Nafarroako Foru Komunitatean, konpromiso horiek hainbat tokitan txertatu dira: Nafarroako Gobernuan nagusi diren bi alderdien (UPN eta CDN Nafar Demokraten Elkargunea) arteko hitzarmenean, Nafarroako Parlamentuaren aurrean Lehendakari gaiak bere inbestidura programari buruz emandako azalpenean… Era berean, konpromiso horiekin lotuta, Gobernuak hainbat hitzarmen eta plan onartu ditu; besteak beste, Nafarroako Alderdi Sozialistarekin hitzartutako aurrekontua edo 2008-2011 aldian hornidura eta azpiegitura publikoetan inbertsioak egiteko "2012 Nafarroa Plana". Ondorioz, "Gobernuak jardun guztien plangintza egin du; dagoeneko ari da horietako batzuk gauzatzen, eta gainerakoak, legegintzaldi honetan barrena gauzatu beharko ditu".
"2007-2012 aldirako Gobernuaren ekintzei dagokienez, herritarrei begirako konpromisoak" dokumentu honen bitartez, Foru Exekutiboak "informazio gardentasunaren aldeko apustua" egin nahi du, eta "aipatutako dokumentuetan hartutako konpromisoak herritar guztiei helarazteko erabaki irmoa" hartu du. Horretarako, baina, "dokumentuetan bildutako neurri eta konpromisoak sistematizatu behar dira, gerora jende artean hedatzeko, Foru Komunitateko herritar guztiek ezagut ditzaten".