(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Hiru erakunderi ia 3,5 milioi €-ko diru laguntza emateko baimena eman du Gobernuak, elbarriak enplegurako zentro berezietan laneratzeko

astelehena, 2008.eko maiatzak 19

Nafarroako Gobernuak erabaki bat hartu du, eta hartara, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari baimena eman dio ezintasunarekin zerikusia duten hiru erakunderi (ADISCO, TASUBINSA eta AMIMET) inbertsioak egiteko diru laguntzak emateko. Guztizko zenbatekoa 3.452.800 €-koa izanen da.


Zehazki, TASUBINSA zentroak 2.452.800 €-ko diru laguntza jasoko du, 2008tik 2011ra bitarte. TASUBINSA 1989an sortu zuten, besteak beste ezintasunen bat duten pertsonen lanpostuak kudeatzeko, eta gaur egun ezintasunen bat duten 568 langile ditu.


Aipaturiko laguntza Burlatan bi habearte erosi eta lehendik daudenak handitzeko izanen da. Hartara, gaur egungo saturazioari aurre egin, inguruko eskaria ase, nahi duten enpresekin kontratu berriak negoziatu, eta mota orotako kableak ekoizteko atal berri bat sortuko dute. Gainera, inbertsio arrunten baitan, kableak egiteko makina bat, injekzio makinak (Beriaingo lantokirako), lanabes espezifikoetarako makinak, Villatuertako lantokirako makina bat eta hiru ibilgailu erosiko dituzte. Bestalde, azpiegiturak hobetzeko inbertsioak eginen dituzte. Hain zuzen ere, Tafalla, Noain eta Ibaiondoko lantokietan berokuntza instalazioa egin (gas naturala), San Adrián, Zangoza, Beriain, Noain, Orkoien eta Burlatako lantokietan eta zerbitzuetan traba arkitektonikoak ezabatzeko igogailuak ezarri, hamahiru lantokietako atseden eremuetan eta sarreretan pantailak ezarri, eta beste bi zerbitzari erosiko dituzte.


AMIMET enplegurako zentro bereziari dagokionez, 800.000 €-ko laguntza jasoko du, Tutera eta Erriberako elbarriak laneratu daitezen sustatzeko “LOGINTEGRA” jarduera proiektua gauzatzeko. Proiektuaren helburua da Tuterako "Ciudad Agroalimentaria" (Nekazaritzako Elikagaien Hiria) industrialdearen inguruan logistika zerbitzuak eskaintzea; hots, hainbat motatako enpresei zeharkako zerbitzuak eskaintzea, batik bat nekazaritzako elikagaien sektorean. Elikagaien segurtasunaren eta trazabilitatearen arloko zerbitzuak izanen dira, eta 35-40 lanpostu sortuko dituzte.


Amaitzeko, Corellako Urritu Fisiko eta Psikikoen Elkarteak (ADISCO) 200.000 €-ko laguntza jasoko du, 2008an, 2009an, 2010en eta 2011n. ADISCO elkarteak enplegurako zentro berezi bat du, 1997az geroztik. 1999an, instalazioak handitu zituzten, lehengoz, eta 2002an, berriro handitu zituzten, azkenekoz, lan gehiago egiteko eta lanpostu berriak sortzeko. Gaur egun, ezintasunen bat duten 58 langile dituzte. Enplegurako zentro bereziak lau atal ditu: batean, kandela lurrindunak eta elizkizunetarako kandelak egiten dituzte; bi ataletan, inguruko enpresetarako azpi-kontratazioak egiten dituzte; eta beste batean, Administrazioaren arloko erakundeei zerbitzuak eskaintzen dizkiete.


ADISCOren jarduera nagusiari dagokionez (kandelak egitea eta saltzea), gero eta merkatu handiagoa du, eta Espainia osoko salmenta sare baten baitan dago. Gainera, Nafarroako Ganberako PIPE programan parte hartzen du, Kanpo Merkataritzaren Espainiako Institutuarekin elkarlanean, produktuak esportatzeko aukerak aztertzeko. Gaur egun, jarduera guztiak zentroaren lokaletatik kudeatzen dituzte. Hain zuzen ere, zentroak bi habearte ditu (bata bestearen parean), industrialde berean, eta hori oztopotzat har daiteke; izan ere, langileak, jarduera eta antolakuntza fisikoki bereizita daude. Lurra erosi eta 2.800 metro koadroko habearte bat eraikitzeko proiektuari esker jarduera guztiak lokal bakarrean egin ahal izanen dituzte, eta hartara, baliabideak optimizatu, jarduera berriei ekiteko ahalmen handiagoa lortu, gaur egungo lanpostuei eutsi, eta ezintasunen bat duten lagunentzako lanpostu berriak sortu ahal izanen dituzte.


Gaur egun, hain zuzen, 1.550 metro koadroko habeartea du ADISCOk, eta 2.800 metro koadrokoa eraikitzen dutenean zentroaren baliabideak optimizatu eta lehiakortasuna eta bezeroei eskainitako zerbitzua hobetuko dituzte. Gainera, gaur egun dituzten 58 langileei eutsiko diete, eta beste 10 lanpostu sortuko dituzte (ezintasunen bat duten pertsonentzat). Azkenik, salmentak %10 handituko dituzte, 2007arekin alderatuz gero.




Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa