(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Euskararen Nafar Institutuak euskarazko kultur jarduerak egiteko laguntzak onartu ditu asteartea, 2008.eko maiatzak 20

Xabier Azanza Euskararen Nafar Institutuko (ENAI) zuzendari kudeatzaileak, Ebazpen bidez, 2008an Nafarroan euskararen erabilera edo sustapena helburu duten kultur jarduerak, antzerkia, erakusketak, emanaldiak eta beste jarduera batzuk egiteko laguntzen deialdia onartu du.


Hizkuntzak eta kultura garatzeko bitartekorik egokienetakoak kultur jarduerak dira, eta Euskararen Nafar Institutuak, horren jakitun izanik, 120.000 euro emanen ditu xede horrekin. Bestalde, aipatu behar dugu Euskararen Nafar Kontseiluak ENAIren izena aldatzeko eskatu duela, berriki, eta luzaro gabe Euskara Bidean izena jarriko diotela. Laguntzen deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuten atzo, astelehena. Eskaerak egoitza Nafarroan duten pertsona fisikoek eta irabazi asmorik gabeko pertsona juridikoek egin ahal izanen dituzte, eta baita toki erakundeek ere, Nafarroako Gobernuarekin arlo horretako berariazko lankidetza hitzarmenik izenpetu ez badute.


Testuan adierazi dutenez, eskaerak aurkezteko epea ekainaren 4an amaituko da. Gainera, egin beharreko jarduera motak, balioesteko irizpideak, laguntzak nori eman erabakiko duen batzordearen osaera eta bestelakoak ere zehaztu dituzte testuan.


Zehazki, deialdiaren xede izanen dira honako jarduera hauek: euskaraz egiten diren edo gaitzat euskara duten hitzaldiak, mahai inguruak, diapositiba emanaldiak, liburuen aurkezpenak, etab.; euskaraz egiten diren antzerki emanaldiak eta bestelako jarduerak; oinarrizko eta funtsezko osagaitzat euskara duten musika kontzertuak; euskarazko zinema edo bideo emanaldiak eta euskarazko erakusketak; bertso saioak; aldizkaritzat jo ezin diren informazio orriak eta argitalpen txikiak; eta aurrekoen antzeko jarduerak, Batzorde Teknikoak deialdiarekin bat datozela erabakitzen badu.


Deialditik kanpo daude, berriz, honako hauek: eskolako eta eskolaz kanpoko jarduerak; beste jarduera batzuk, hala nola udalekuak, txangoak, eskulangintza azokak, ikuskizunak, kirol lehiaketak, etab., baldin eta ez badute harreman zuzenik deialdiaren helburuekin; euskararen erabilera oinarrizko eta funtsezko osagaitzat ez duten musika jarduerak; eta Euskararen Nafar Institutuaren beste laguntza batzuk eskuratu ditzaketen liburuak, CDak eta bestelako argitalpenak.


Diru laguntza motak


Bi diru laguntza mota aurreikusi dituzte. Batetik, egoitza Nafarroan duten pertsona fisiko eta irabazi asmorik gabeko pertsona juridikoentzako laguntzak. Kasu horretan, diru laguntzaren xede diren jarduerak Nafarroako Foru Komunitatean egin beharko dituzte, eta laguntzen gehienezko zenbatekoa 105.000 eurokoa izanen da.


Bestetik, Nafarroako toki erakundeetarako laguntzak emanen dituzte. Diru laguntzen gehienezko zenbatekoa 15.000 eurokoa izanen da.


Balioesteko irizpideak


Aurkeztutako proiektuak balioesteko honako irizpide eta ehuneko hauek hartuko dituzte kontuan: a) jarduerak Nafarroan euskara garatzeko duen interes kulturala eta eragina, %20ra arte; b) jarduera zer jende motarentzako antolatu den, jarduera mota eta jarduera kopurua, %20ra arte; c) proiektuaren kalitatea eta originaltasuna, %20ra arte; d) euskararen erabilera jardueran, %20ra arte; e) Nafarroako euskalkien erabilera, %10era arte; eta f) beste elkarte edo erakunde batzuen parte-hartzea eta haiekiko koordinazioa, % 10era arte.


Balioesteko Batzorde Tekniko batek eskaerak aztertuko ditu, eta dagokion irizpena aurkeztuko dio Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileari.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa